José Manuel López Nicolás: “Zientzialaria kalera atera behar da zientzia erakustera”

Elkarrizketak

Peru S. Gamarra

José Manuel López Nicolás
José Manuel López Nicolás

Gosarian marmeladarik gabe geratu eta herriko supermerkatura hurbildu gara erosketak egitera. Buelta batzuk eman ostean apalategi erraldoi batekin egiten dugu topo. Burua altxatu eta hara non aurkitzen ditugun marrubizko marmeladek, melokotoizkoak, masusta osoak dituztenak… kolore guztietako potoak. Zaporea aukeratu eta antzekoak diruditen bi hartzen ditugu esku artean. Lehenengoan zera irakurri dezakegu: “Gehigarririk gabeko marmelada!”. Handian dago idatzita. Kolore gorri bizian. Edonork irakurtzeko moduan. Bigarrenean, berriz, ez du ezer ere ez jartzen. Marka eta frutaren argazki bat, besterik gabe. Pentsatzen hasi eta galdera bat etortzen zaigu burura. Zein da aukeratu beharko genukeena?

Itxuraz, behintzat, erraza dirudi. Gehigarririk gabekoa erosi beharko genuke. Hori da potoak iradokitzen diguna kolore gorri elektriko batean. “Ez dakigu gehigarriak zer diren, baina seguru onak ez direla. Potoan hori jartzen badu…”. Pentsatu dezake batek baino gehiagok. Baina, zer dira? Benetan txarrak al dira?

Honelako esaldi eta esloganek min handia egiten diote zientziari, inolako zalantzarik gabe. Subliminalki bada ere, iritzi bat sorrarazten digute honen guztiaren aurrean. “Naturala ona da. Laborategi batean sortutako gehigarriak ez, ordea”. Eta, noski, gauzak ez dira esaldi hau bezain sinpleak. Gai honen gainean espezialista den José Manuel López Nicolás-ekin bildu gara Donostiako Miramar Jauregian eta atsedenaldi bat hartu du (bera da Kultura Zientifikoaren Katedrak Jauregian egunotan antolatu dituen Udako Ikastaroen hizlarietako bat) Zientzia Kaierak egin dizkion galderei erantzuteko.

Zure hitzaldiaren titulua honako hau da: “Zientziaren erabilera desegokiak”. Modu desegokian erabili izan dugu zientzia gure gizartean?

Zientzia era desegokian erabili izan da orain arte eta gaur egun berdin jarraitzen dugu. Hori da nire hitzaldian azaltzen saiatu naizena. Nire uste apalean, dibulgazio zientifikoak bi helburu garbi ditu. Alde batetik, ezagutzen duguna dago. Zientzia bera dibulgatzearena. Hau da, zientziaren aurrerabideak gizarteari kontatu eta ulertaraztea. Baina, bestalde, badu beste jomuga bat ere. Zientziak berak, bere baliabideen bitartez, zientziaren erabilera desegokiak egiten dituzten kolektiboak salatu behar ditu. Bigarren helburu hau, zientzialari bezala, oso inportantea iruditzen zait.

Enpresei buruz ari zara?

Neurri handi batean bai. Azkeneko estatistikek gizarteak zientziaren gaineko iritzi paregabea duela erakusten dute. Zientifikoak oso ongi daude ikusita jendearen artean. Baina zer gertatzen da? Bada, badirela zenbait talde eta enpresa iritzi hau beren onurako erabiltzen dutenak. Iritzi honetaz abusatzen dutenak, alegia. Honela, zientzia beren produktuak saltzeko erabiltzen dute. Eta, honekin, zientziaren erabilera desegokia dator.

Zer esan nahi duzu ‘erabilera desegokia’ diozunean?

Oso erraza da. Enpresek badakite gizartearen iritzia zein den eta honetaz baliatzen dira euren produktuak hobeki saltzeko. Honela, jendearen artean zientzia ongi ikusia badago, bere terminologia erabiltzen hasiko dira, adibidez. Hor daude “klinikoki probatua” edo “gehigarririk gabe” bezalakoak. Enpresa hauen ikuspuntua honako hau da: erosleak zientzia bera ongi ikusten badu, nire produktuak promozionatzeko zientziak erabiltzen duen terminologia erabiltzen hasiko naiz eta, honela, gehiago salduko dut. Gainera kasu hauetan, gehienetan, ez dago inolako zorroztasun zientifikorik eta gezurrak kontatzen dizkigute.

Jendea, hala ere, ez da tontoa. Edo, kontatzen diguten guztia sinesten dugu?

Jendea nekatzen hasita dago eta inkestek hori erakusten dute. Azkenekoen arabera, eroslea gero eta eszeptikoagoa da mezu eta eslogan hauen aurrean. Hala ere, nahiko erraz engainatu daitekeen gizarte batean bizi garela uste dut.

JMLN 2

Hain erraz engainatzen gaituzte?

Nik baietz esango nuke. Baina gizartea ez da honen erruduna, ezta gutxiago ere. Jendeak ezin ditzake gai guztiak kontrolatu. Hau ere garbi utzi behar da. Ni, adibidez, nire gaian aditua naiz baina ez dut kotxeei buruz ezer ere ez ulertzen. Autoa matxuratu eta, gehienok bezala, mekanikora eramaten dut. Hitz egiten hasten denean ez diot piperrik ere ulertzen eta esaten didanari kasu egin behar diot. Nire errua al da kotxeen gainean ezer ere ez jakitea? Ezetz esango nuke. Ezin dugu guztia ezagutu. Kontua da badirela zenbait kolektibo ezjakintasun honetaz baliatzen direnak euren produktuak saltzeko.

Babesik gabe gaude orduan…

Neurri handi batean babesik gabe gaude. Hori egia da. Hala ere, dibulgazio zientifikoak asko lagundu dezake honetan. Zientziaren erabilera desegokiaren kontra joateko arma paregabea dela iruditzen zait dibulgazio zientifikoa. Baina horrek bakarrik ezin du kontu honekin aurrera egin…

Zer esan nahi duzu honekin?

Erabilera desegokiaren kontra joateko arauak eta legeak behar dira dibulgazioaz gain. Jendea informatu behar da, baina legeak ere ezinbestekoak dira. Eta, gero, ezin dezakegu ahaztu zientziak ere aurrera egin behar duela. Zientzia sortu behar dugu nahi eta nahi ez aurrera egiteko. Oso ongi dago dibulgatzea, baina zientzia berririk egiten ez bada ezer gutxi dugu egiteko.

Zer egin dezake komunitate zientifikoak arazo honen aurrean?

Komunitate zientifikoak segitu behar du aurrera egiten. Zientzia sortzen badugu, pixkanaka, enpresek erabiltzen dituzten engainu eta ‘pseudozientzia’ guztiak desmuntatu ahalko ditugu. Hori lortutakoan, zientifikoek gure zientzia gizarteari helarazi beharko diogu. Dibulgazio lana egin beharko dugu, alegia. Dibulgazio lan horrek berebiziko garrantzia du. Izan ere, hori ongi egiten ez badugu, gerra galduko dugu. Zientzialaria kalera atera behar da zientzia erakustera.


Egileaz: Peru S. Gamarra kazetaria da

2 iruzkinak

  • Elkarrizketa oso interesgarria. Kurtsoan emandako hitzaldiarekin bat dator Lopez Nikolasek hemen esandakoa. Puntu bat oso garrantzitsua da: garbi izan behar dugu zientzialariok ez dakigula zientziarekin zerikusia duen guztia. Ezinezkoa da. Gizartean oso barneratuta dago zientziari buruzko gauzak zientzialariok dakigula. Eta hau ez da horrela. Nire ustez, orohar gehien kostatzen zaiguna, gizarte moduan, zera ulertzea da: Zientziak ez du galdera guztien erantzuna, eta honen ondorioa, zientzialariok ez dakigu denetatik.

    Zergatik diot hau? Ni kimikaria naiz, eta jende asko, hau jakiterakoan, kimikarekin zerikusia duen zerbait galdetu eta ez badakit, hori erantzuten dut. Ez dakit. Baina, erantzun hau onartezina da beraientzat. Nolatan kimikari batek ez daki hau? A ze nolako kimiko kaxkarra ba!

    Gauza da, ezagutza kolektiboa dugula, eta Zientziak horri kontribuzioa egiten du (baina galdera guztien erantzuna ez du), eta beste bat ezagutza indibiduala (zientzialari bat ezin da ezagutza kolektiboaren jabe izan). Mezu hau ere bidaltzea uste dut garrantzitsua dela. Tribiala dirudi, baina ez da. Oso barneratuta dugu “azterketen” funtzionamendua, non egiten diguten galderaren erantzuna jakin behar dugun. Eta hau, mundu honetan, ez da horrela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.