Venezia salbatzeko nahian egiten ari diren lanek hondora eramango dute hiria

Venecia1
Veneziaren hondoratze erritmoaren mapa. Gorri irudikatu diren zonaldeetan, giza jarduerak eragin handia du hondoratzean. (Irudia: Tosi et al.)

Antonio Martínez Ron

Veneziaren hondoratzea geldoa da, baina saihestezina. Urteko 1 mm hondoratzen doa, eta mandatariak, izugarrizko ahaleginak egiten ari dira, patrimonioa salbatu nahi baitituzte sarri gertatzen diren uholdeetatik. Baliteke ordea hiria kontserbatzeko lan hauek espero denaren aurkako ondorioak ekartzea. Hala dio berriki Scientific Reportsen argitaratu den txostenak.

Veneziaren erdigunea, itsas mailatik 90 cm gora dago.  Bestetik, Klima Aldaketarako Gobernu Arteko Panelak (ingelesez IPCC), aurreikusten du 2100 urterako 17-53 cm igoko direla urak. Horrek guztiak etorkizun beltza irudikatzen dute. Joan den mendean, ur maila 25 cm jaitsi zen, neurri handi batean hiri inguruko industri aldean egin izan zen lurpeko uren erauzketagatik. Zer gertatzen ari da oraingo honetan? Zein dira eragileak?

Luigi Tosiren taldeak satelite bidezko teknika punta-puntakoak erabili ditu naturak eta giza jarduerak azken 20 urteotan auzian izan duten parte hartzea aztertzeko. Gauza deigarria aurkitu dute: bertako egitura geologikoagatik, hiria era naturalean hondoratzen ari da, 0,8-1 mm urteko.  Hainbat tokitan eta unetan baina, urteko 10 mm hondoratzen ari da, giza jardueragatik. Hala gertatu zen 2008. urtean behintzat. Izan ere, kontserbatze eta berriztatze lanak egiten ari dira eraikinak bere horretan mantentzeko eta kanaletako hormak egonkortzeko, eta lan horiek dira hondoratze arin horren eragile.

Ikerketa hau aurrera eramateko, ikertzaileek bereizmen handiko irudi mota bi erabili dituzte. Horrela, oso maila txikiko mugimenduak atzeman dituzte eraikinetan banan-banan, eta agerian utzi dute kanal aldeetan gertatzen direla hondoratze bizkorrenak, eta era berean, itsasontzien trafikoak eragindako olatuek nabarmen higatzen dituztela eraikinen hormak eta zimenduak. Ainguraketa lanek eta hirian sartu diren pilare txikiek egonkortu egin dituzte bereziki kalteturik zeuden hiri aldeak, baina hala ere, ikertzaileen esanetan, giza jarduerak urteko 10 mm hondoratzen du kanaletako hiria. Hori bai, tokian tokiko eraginak dira horiek, eta denbora tarte laburrekoak.

Gorri jarri dira eskualdean hondoratzen ari diren zonaldeak. ENVISATek sortuak. . Irudia: Tosi et al.
Gorri jarri dira eskualdean hondoratzen ari diren zonaldeak. ENVISATek sortuak. . Irudia: Tosi et al.

 

Iturria: Natural versus anthropogenic subsidence of Venice (Scientific Reports) / DOI: 10.1038/srep02710

————————————————————————————————

Egileaz: Antonio Martínez Ron (@aberron) zientzia-kazetaria da

————————————————————————————————————————————

Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>