Zortzigarren toxina botulinikoa: zientziaren aurkako zentsura berriz ere

Clostridium botulinumen hazkuntza.
Clostridium botulinumen hazkuntza.

Antonio Martínez Ron

Agintari batzuek lehenengo aldiz debekatu dute bakterio baten gene kodea plazaratzea. Clostridium botulinum mikroorganismoaren andui berri batez ari gara. Mikroorganismo honek oso ezaguna den  toxina botuliniko hilgarria ekoizten du. Munduan den gairik hilgarrienetakoa dugu toxina hau, proteina izaerakoa bera. Izan ere, nahiko dira 2 mikrogramo (gramo baten bi milioiren) gizaki heldu bat hiltzeko. Toxina honek blokeatu egiten du azetilkolina, muskuluen funtzionamendurako beharrezkoa den neurotransmisorea. Inork ezustean hartzekotan, arnas-muskuluak gelditu egiten dira; hau da, hain ezaguna den botulismoa eragiten du, eta hortik minutu gutxira, hil egiten da gizakia.

Sacramentoko (Kalifornia) Herri Osasuneko Sailean aurkitu berri du bakterio hau Stephen Arnonen taldeak. Ez dago oraindik antidotorik bakterio honek ekoizten duen toxina espezifikoaren aurka. Hori dela eta, erabaki dute datuak gordetzea, herri-osasuna arriskupean ez jartzeko. Orain arte, zazpi andui baizik ez ziren ezagutzen, eta A, B, C, D, E, F eta  G letrez izendatuak zeuden. Zazpion aurka, hainbat antidoto diseinatu dira, paralisia nonbait ezabatzen duten  proteinetan oinarrituta. H izena ipini diote zortzigarren toxinari. Azken hau, botulismo sintoma ezagunak erakusten zituen haur baten gorozkietan aurkitu dute, New Scientist aldizkarian esaten denaren arabera.

DNA sekuentziatu ostean, zientzialariek aurkitu dute andui hau talde bat berri bat zela bakterio botulinikoen barruan. Egoera arrunt batean, bakterio honen gene kodea plazaratu egingo zen, eta gerora, datu base publiko batean sartuko ziren datuak.  Journal of Infectious Diseases aldizkarian, aurkikuntzaren berri eman da baina ez ordea kodearen berri, egileek eskatuta, eta agintariekin hitz eginda.  “Izan ere”, argudiatzen dute, “ez da oraindik aurkitu toxina horren aurkakorik”.  Besteak bese, Amerikako Estatu Batuetako Gaixo Kutsagarrien Laborategiko agintariak eta Barne Segurtasunaren Saila dira iritzia eman dutenak. Hauek ontzat eman dute aurkikuntza gene sekuentziaren inguruko zehaztapenik gabe plazaratzea.

Debeku honek berriz piztu du zientziaren aurkako zentsuraren inguruko eztabaida. Hegazti-gripearen H5N1 anduiaren harira gertatua zen orain arteko azken iskanbila. Une hartan, Amerikako Estatu Batuetako gobernuak zehatz debekatu zuen birusarekin lanean aritzea,  segurtasun arrazoiak erabiliz. Horrek ekarri du ikerlariak bi urte geldirik egon izana. Erabakiak, aurkako iritzi zorrotzak eragin zituen zientzialarien aldetik. Izan ere, honek guztiak erabat eragotziko  luke konponbide bila hastea, gripe mota hau berriz sortzekotan. Beste alde batetik, adituek diote laborategiko baldintzapenak behar bezain seguruak direla horrelako ikerkuntza esparruetan aritzeko.

David Relman, Stanfordeko Unibertsitateko aditua da H5N1 anduiarekin lan egitea eragotzi zuen Obamaren zientzialari taldeko kideetako bat, eta orain ere, aurkitu berri den bakterio honen ADN plazaratzearen aurka azaldu da. Bere hitzetan, zehaztapen horiek plazaratzeak berehalako arrisku larria eragingo luke gizartean. Aspaldiko kezka da bioterrorista talde batek ezingo ote lukeen eraso bat egin toxina hauetako bat erabilita. Hala biltzen da behintzat arma kimiko eta bakteriologikoen aurkako itunetan.  Edonola izanik ere, gobernuen gehiegizko kontrol honek atzeratu lezake konponbideen aurkikuntza. Beste zientzialariek ez badaukate bakterio honekin lan egiterik, zenbat luzatuko  ote da konponbidea?

Iturria: Molecular Characterization of a Novel Botulinum Neurotoxin Type H Gene (Journal of Infectious Diseases) | info gehiago: New Scientist

—————————————————————–

Egileaz: Antonio Martínez Ron (@aberron) zientzia-kazetaria da.

—————————————————————–

Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>