Zanbranan aurkitu duten primate baten aztarna fosilen garrantzia

EHUko ikerketa

Duela 37 milioi urteko Iberiar faunaren ezagutza zuzendu du Zanbranan aurkitutako fosil batek

Microchoerus primatearen aurkikuntzak Europar kontinenteko eta penintsulako ugaztunen arteko lotura baieztatu du

Ainara Badiola UPV/EHUko ikerlariak parte hartu duen lana ‘Journal of Human Evolution’ aldizkarian argitaratu da

Microchoerus primatearen aztarna fosilak (masailezurrak)
Microchoerus primatearen aztarna fosilak (masailezurrak)

Goi Eozenoko (orain dela 37 milioi urte) Microchoerus primate baten fosilaren aurkikuntzak (masailezurreko bi zati) zuzendu du zientzialariek zuten iberiar penintsulako mendebaldeko faunaren gaineko ezagutza. Bi zati horiek penintsula eta Europako fauna ugaztunen arteko lotura baieztatu dute goi Eozenoan zehar.

Orain arte uste zuten Iberiar penintsularen mendebaldean zeuden ugaztunak endemikoak izan zirela Eozeno osoan zehar (56 eta 33 milioi urte bitartean). Hau da, Europako ugaztunen faunarekin erkatuta, Iberiar penintsulakoa desberdina zela uste zuten eta, hori dela eta, bi zonalde banatuta zeudela.

Ainara Badiola UPV/EHUko Estratigrafia eta Paleontologia Saileko irakasle eta ikerlarien eta Bartzelonako Institut Catalá de Paleontologia Miquel Crusafont-eko (ICP) ikerlarien arteko elkarlanaren ondorioa izan da primate horren fosilen aurkikuntza hori, eta horren berri eman dute Journal of Human Evolution aldizkari zientifikoan argitaratu duten artikulu batean.

Arestian aipatu bezala, Araban aurkitu duten Goi Eozenoako Microchoerus-aren fosilek primate horiek Europan ez ezik iberiar penintsulara ere zabalduta zeudela baieztatu dute. “Zanbranako aurkikuntza interesgarria da, orain arte ez zegoelako fosil horren berririk Iberiar penintsularen mendebaldean. Iberiar penintsulako txoko ekologiko eta Europako ingurune geografiko ezberdinetan bizi ziren faunaren ezagutza emendatu du aurkikuntza honek”, laburtu du Ainara Badiola UPV/EHUrko ikerlariak.

Aztarnategi aberatsa

Zanbranako aztarnategian aurkitutako fosilek garai hartako biodibertsitatea hobeto ezagutzen lagunduko dute. Hartara, aurkikuntzari esker, zientzialariek badakite penintsulan fauna endemikoa egon zitekeela goi Eozenoan, “milioika urtetako isolamenduaren ondorioz garatutakoa”; baina, baita Europako hainbat tokietako komuna zena ere, eta horrek fauna europarren lotura baieztatzen du.

Indusketak Zanbranan
Indusketak Zanbranan

Nahiz eta orain arte primaterik aurkitu ez, ornodunen fosil bilgune aberatsa da Zanbrana, 2004. urtean aurkeztutako Ainara Badiolaren doktore-tesiak aurreikusi bezala. ”Indusketa kanpaina ezberdinetan Goi Eozenoan ekosistema tropikal batean bizi ziren anfibioen, muskerren, dortoken, krokodiloen eta bestelako arrasto fosil ugari bildu dira. Ugaztunei dagokionez, martsupialak, karraskariak, karniboroak, artiodaktiloak eta perisodaktiloak behatu dituzte, hauetako batzuk espezie berri bezala deskribatu direlarik”, azaldu du Badiolak. Eozenoan bizi izan ziren Microchoerus horiek primate gautarrak eta intsektu-jaleak ziren. Egun ordezkaririk ez badute ere, Afrikan bizi diren galagoen antzeko primateak zirela uste dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.