Jainkoari eskerrak

Arturo Elosegi

Zientzialarion tresnarik beharrezkoena ez da mikroskopioa, ez ordenagailua ez eta PCRa. Gure tresnarik beharrezkoena garuna da, edo gogoa, dei iezaiozu nahi duzun bezala. Eta ez da soilik zientzialarion kontua: jende gehienen lan-tresna beharrezkoena ere halaxe da, garunaren bitartez hartzen baititugu erabakiak, haren bitartez neurtzen egoera bakoitzak dituen arriskuak eta eskaintzen dituen aukerak. Horretxegatik da garrantzitsua ulertzea nola funtzionatzen duen gure garunak, dituen gaitasunak eta mugak.

Garuna
1. irudia: Ba al dakigu nola funtzionatzen duen gure garunak?

Baina behin gure garuna aztertzen hasita, ikusten dugu ez duela funtzionatzen uste genuen bezain ongi, hartzen ditugun erabakiak ez direla uste genuen bezain arrazionalak. David Kahnemanek, Ekonomiako Nobel saria jaso zuen psikologoak, lan handia egin du honetan, eta modu esperimentalean frogatu du gure garuna alferra dela, maiz egoera sakon analizatu beharrean lasterbideak erabiltzen dituela ondorioak ateratzeko. Askotan ondorio horiek egokiak dira, eta sakon pentsatuko bagenu baino azkarrago lortzen ditugu. Erabaki azkarrak hartzea garrantzitsua denean, beraz, lasterbide hauek onurak ekarri ohi dituzte. Batzuetan, ordea, ondorioak okerrak dira, batez ere arazoa konplexua denean. Hortaz, hartzen ditugun erabakiak egokiak direla bermatu nahi badugu, arreta berezia jarri behar dugu arrazoitzeko garaian. Erne, beraz, guztiok, ez ditzagun ondorioak azkarregi atera, egoera eta baldintzak sakon aztertu gabe.

Are kezkagarriagoak dira Michael Shermeren lanak. Egile honek erakusten du jendeak sekulako gaitasuna duela gauza irrazionaletan sinesteko, izan erlijiozko kontuetan, terapia aberranteetan, zein platertxo hegalarietan. Kultur maila zenbat eta altuagoa izan, orduan eta horrelako gutxiago sinesten ditugu, baina joera hori ez da erabatekoa. Bada oso jende azkarra eta kultura handikoa sekulako astakerietan sinesten duena. Are gehiago, oso jende azkarra eta kultua dena oso zaila da bere sinesmenen okerraz konbentzitzen, beren azkartasun eta kulturak berak eztabaidarako trebezia handia ematen duelako, eta oso arrazoibide bihurriak garatzen dituelako beren sineskerien alde.

Honek zer pentsa ematen du, guztiok baikaude sineskeria txoroetan erortzeko arriskutan. Zenbat ipuin, zenbat mito ez ote dizkigute haurtzarotik buruan sartu, gerora gezur zirela jabetu behar izanda! Baina Olentzerorena ikasi bagenuen ere, beste hainbat sineskeria ez ote ditugu egiatzat hartzen? Hainbaten ustezko gaitasun paranormalak, beste batzuen terapia alternatiboak, haren jakinduria herrikoiak, noraino da egia eta noraino gezurra? Gezurra sinesteak, noski, kalte handiak ekar ditzake edonoren bizitzan. Beraz, sinesten dugunaren eta sinesten ez dugunaren atzean dagoen ebidentzia aztertzen saiatu beharko genuke.

Goazen izenburuaren harira. Ni familia katoliko batean naiz hazia, eskola konfesional batean hezia (hitzaren zentzu zaharrenean, alegia, domatua). Garai batean, noski, jainkoarengan sinesten nuen. Geroago, gaztetan ustez nahiko pentsatu ondoren, jainkorik ez dagoela erabakitzera iritsi nintzen. Orain oso argi dut, Richard Dawkinsek dioen bezala, jainkorik balego mundua oso bestelakoa izanen litzatekeela. Bai, behintzat, jendeak jainkotzat duen naturaz gaindiko izaki hori balego, badakizu: gu guztioi begirik gainetik kentzen ez diguna, otoitzei erantzuten diena, bekatuak zigortzen dituena, eta munduaren bilakaera bideratzen duena. Halaber, jainko ahalguztidunak eginak bagina, bizidunok ez genituzke hain ezaugarri traketsak. Pentsa, bestela, zer den platuxaren gisako arrain zapalen garapena, nolako bihurrialdiak eman behar izaten dieten gorputzei, azkenean bi begiak buruaren alde berean kokatzeko. Jainko adimentsu batek ez luke inoiz horrelako izaki traketsik sortuko, non ez den jainko sadiko bat.

Creation_of_the_Sun_and_Moon_face_detail
2. irudia: Ba al dago jainkorik?

Jainkorik ez dela argi dut, beraz. Ez dut hain argi, ordea, zergatik ote dudan hori horren argi. Errealitatearen azterketa sakon eta hotz baten ondorioz izan da, ala, besterik gabe, hori sinestera iritsi nintzelako ari naiz errealitatearen ebidentziak nire sinesmenen aldera makurtzen? Alegia, jainkoarengan ez sinestea nire gaitasun intelektualaren ondorio da, edo halabeharra? Nire arrazoiari esker naiz ateoa, edo, gure amak esanen luken bezala, jainkoari eskerrak?

Gehiago jakiteko:

  • Dawkins R. 2008. The God delusion. Mariner Books, New York.
  • Kahneman D. 2011. Thinking, fast and slow. Farrar, Straus & Giroux, New York.
  • Shermer M. 1997. Why people believe weird things: pseudoscience, superstition, and other confusions of our time. Freeman & Co, New York.

——————————————-

Egileaz: Arturo Elosegi EHUko Ekologiako Katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitateko Landare Biologia eta Ekologia Sailean

——————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>