Ornitorrinko erraldoiaren ametsa

Dibulgazioa · Mugaldea

Australiako lehen biztanleek esaten dute Tharalkoo izeneko ahate eme temati bat bizi izan zela “Ametsaren Garaian”. Behin, gurasoen aholkuei jaramonik egin gabe, ibaian behera igerika joan zen eta Bigoon izeneko ur-arratoi bat topatu zuen. Arratoiak bortxatu egin zuen ahatea, eta behartu egin zuen berarekin gelditzera. Azkenean ihes egitea lortu zuen Tharaikook, eta bere senitartera itzuli zen; beste ahate emeak bezala, erruten hasi zen, baina bere arrautzatik, ahatetxo polit bat jaio beharrean, lehenengo ornitorrinkoa jaio zen: karraskari bat, arrautzak erruten zituena eta oindun ahate itxurakoa.

Ornitorrinko baten irudia, 1798-1830 tartean egina. Irudia: Biderbuch fur Kider, J.F. Bertuch.
1. irudia: Ornitorrinko baten irudia, 1798-1830 tartean egina. Irudia: Biderbuch fur Kider, J.F. Bertuch.

Ornitorrinkoaren egiazkotasuna bera ere zalantzetan jarri zuten zientzialariek hasiera batean, hain da hau bizidun bitxia. John Hunterrek bidali zuen lehenengo alea 1799an Europara, Historia Naturaleko Museoko George Shawen bulegora bidalia. Shawek berehala erabil zituen artaziak animaliari disekzioa egiteko, uste izan baitzuen taxidermista txinatarrek egindako faltsutze horietako bat izango zela. Egun ere, eboluzioaren harribitxi bat da ornitorrinkoa (Ornythorhyncus anatinus), zeren eta arrautzak erruten dituen ugaztuna baita, eta areago, mokoa eta hegalak ditu, eta arrek pozoi berezi bat dute atzeko hanketan.

1799ko ale ospetsua, Natur Zientzietako Museoan lastoztatua
2. irudia: 1799ko ale ospetsua, Natur Zientzietako Museoan lastoztatua

Rebecca Pian buru duen zientzialari talde batek berriki plazaratu du aurkikuntza bat, animalia honen ustezko jatorriari are kontu bitxi gehiago gehitu dizkiona. Hegoaldeko Gales Berriko Unibertsitatean ikasten ari zelarik, Pianek tiradera batean ahaztuta aurkitu zuen hortz bitxi bat; pieza hau Riversleighten (Queenslandeko iparmendebaldean) aztarnategi batean aurkitua zen. Ordura arte inork ez zuen hortza aztertua eta Piani iruditu zitzaion ornitorrinko batena zela. Hala ere, bereziki handia zen eta beraz, ikertzen jarraitu zuen.

Orain, Journal of Vertebrate Paleontology aldizkariko artikulu batean baieztatzen dute ornitorrinko erraldoi baten espezie bat identifikatu dutela. Metro bateko luzera omen zuen (egungo ornitorrinkoak halako bi). Tharaiko izena jarri diote, aitzindari mitikoaren ohorez, eta duela 5-15 milioi urte bizi izan zen. Honek zehaztapen berriak dakartza monotremen esparrura. Izan ere, aurkituak zeuden aurretik ale txikiagoak eta uste izan zuten eboluzioa lineala izan zatekeela gutxi gorabehera: tamaina txikituz joango zen, eta hortzak galdu egingo ziren.

Obdurodon tharalkooschild. Irudia: Rebecca Pian.
3. irudia: Obdurodon tharalkooschild. Irudia: Rebecca Pian.

Egungo ornitorrinkoek, bizitzaren lehenengo aldian galtzen dituzte hortzak eta intsektu txiki bigunak jaten dituzte, ahoko burkotxo maskurtsu baten bidez birrindu ostean. Aurkitu berria den espeziearen hortzei eta tamainari erreparatuta, pentsa liteke beste ornitorrinko handi horiek haragijaleak izan zirela eta agian igelak bezalako harrapakin handiagoez elikatuko ziren. Pianen hitzetan, honek guztiak agerian uzten du ornitorrinkoaren eboluzioa uste baino korapilatsuagoa izan dela. Izan ere, baliteke ornitorrinko hauek ezagutzen dugun ordenatik banandu, talde bat osatu eta geroztik suntsitu izana.

Aurkitu berriak diren kontu hauek bat egiten dute azken hamarkadotan ornitorrinkoen eboluzioaren zuhaitzari egin izan zaizkion aldakuntzekin. 50. hamarkadan, uste izan zuten monotremak martsupialetatik zetozela. Monotremak ere ugariak dira Australian, azken boladako ikerkuntzek agerian utzi dute ornitorrinkoak are zaharragoa den adarkadura bati dagozkiola. Duela 20-48 miloi urte bananduko ziren ugaztunetatik. Ornitorrinko fosil zaharrenak 61 miloi urte ditu eta Argentinan aurkitu zuten. Horrek esan nahi du Gondwana gainkontinentean bizi izan zirela, artean Hego Ameria eta Australia bat eginda zeudenean.

Iturria

  • A new, giant platypus, Obdurodon tharalkooschild, sp. nov. (Monotremata, Ornithorhynchidae), from the Riversleigh World Heritage Area, Australia (Journal of Vertebrate Paleontology)

Egileaz: Antonio Martínez Ron (@aberron) zientzia-kazetaria da.


Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.