Pedro Miguel Etxenike: “Konstantzia, sakontasuna eta jarraikitasuna dira zientziaren gakoak”

Elkarrizketak

Peru S. Gamarra

etxenikepedromiguel_web
Pedro Miguel Etxenike

Euskal Herrian baditugu ere punta puntako zientzialariak. Izan ere, ez dugu gure mugetatik atera behar lehen mailako kimikari, matematikari edota fisikariak aurkitzeko. Hauetako batzuek gurean egiten dute lan eta beste batzuek, ordea, kilometro asko egin behar izan dituzte gustuko duten horretan jarduteko. Ez dago tokirik guztientzat eta, askotan, beharrezkoa egiten da kanpoan esperientzia bat izatea. Asko aberasten omen dute atzerriko egonaldiek. Beste ikuspuntu batzuk ezagutu eta lan egiteko beste era batzuk ikasten dira.

Badira beste batzuk ere, behin kanpora joan behar izan zirenak baina atzerako bide hori berriz hartu zutenak. Hauetako bat da Pedro Miguel Etxenike, Zientzia Kaierak Bilboko Alde Zaharrean elkarrizketatu duen fisikari fina. Nafarroako Unibertsitatean Fisika ikasketak burutu ondoren, Etxenikek Cambridgen doktoregoa egin zuen. Eta, hura bukatutakoan, berriz itzuli zen gurera. Urteak eman ditu lanean eta zientzia munduak bere ekarpenak oso kontutan hartu ditu.

Izan ere, sari asko jaso ditu bere bizitzan zehar. Azkena, duela egun batzuk. Madrilgo Unibertsitate Complutensean, hain zuzen ere. Bertan izendatu dute ‘Honoris Causa Doktorea’, unibertsitate batek eman dezakeen sari garrantzitsuena. Pozik dago, aurpegian nabaritzen zaio, baina nekea ere atzematen zaio bere begietan. “Hiru orduko klase bat ematea oso nekagarria da. Hori bai, txalo artean bukatu dut!”, dio fisikariak klase luze bat eskaini ondoren. Kafe bat hartu du gurekin eta gustura eman dio errepaso zabal bat bere bizitzari. Ikusten da bere lana maite duela. Errespetu eta mirespen handiarekin hitz egiten du bere gaiaz. Hauek dira Euskal Herriak azkeneko urteetan eman duen zientzialari bikainenetako baten hitzak.

Lehenik eta behin, zorionak! Zer da zuretzat honelako sari bat jasotzea?

Eskerrik asko! ‘Honoris Causa Doktorea’ saria instituzio batek egin dezakeen aitortza akademiko garrantzitsuena da. Gainera, ezin dezakezu honen alde borrokatu. Ez da zure aldetik lortu dezakezun zerbait. Izan ere, ematen zaizun errekonozimendu bat da. Hau kontutan hartuta, niretzat oso atsegina izan da sari hau jasotzea. Batez ere, ematen didan instituzioak eta erabakia hartu duten pertsonek ere nire mirespena eta errespetua dutelako.

Zer da, zure ustez, baloratu dutena? Zer hartu dute kontutan zuri errekonozimendu hau ematerakoan?

Hori beraiei galdetu beharko zenieke! (barreak). Nire ustez, nire obra zientifikoa da baloratu dutena lehenik eta behin. Hori esango nuke. Euskal Herrian ezaguna naiz politikan egin ditudan gauzengatik, instituzioak sortzeagatik, euskararen alde egin dudan lanarengatik… Nire lan zientifikoa ziurtzat ematen da hemen. Baina esango nuke Madrilgo Complutenseak ‘Honoris Causa Doktorea’ egin nauela nire obra zientifikoarengatik eta baita zerbitzu publikoan zientziaren eta teknologiaren alde egin ditudan ekarpenengatik.

etxenike_2313_1

Honelako errekonozimenduek, suposatzen dut, aurrera egiteko gogo gehiago ematen dizutela. Ez al da honela?

Bai, argi dago. Honelako sariek ez dute ezer txarrik ekartzen, hori ziur.

Goazen zure bizitza errepasatzera. Zein momentutan erabaki zenuen fisikoa izango zinela? Bokaziozko zerbait izan da?

Nik beti esan dut ez dudala bokazio berezi bat izan fisikaria izateko. Egia esan, batxilergoa egiten nuen garaian dena nuen oso gustuko. Bai letrak eta baita zientzia bera ere. Eta, gainera, biak iruditu zaizkit beti oso garrantzitsuak. Niretzat, zientzia egitea errazagoa zen. Arrazoi sinple bat dago honetarako. Zientzian, gaiak ongi ulertzen badituzu, oso nota onak eskuratzeko gai izango zara. Ongi ulertzeak problemak ebazteko erraztasun handia ematen dizu. Hau dela eta erabaki nuen zientzietako zerbait egitea.

Eta zergatik fisika eta zergatik Euskal Herrian?

Hasieratik nuen oso argi hemen egin nahi nituela nire ikasketak eta fisika zen garai hartan zegoena. Kimika, biologia edota matematikak aukeratu nitzakeen, baina ez zegoen hori egiteko aukerarik. Denbora pasatu da eta esan behar dut oso pozik nagoela egin nuen aukerarekin. Nire ustez, fisika ikasketak dira egin daitezkeen ikasketa politenetakoak. Beti esan dut milioiduna izango banintz, eta nire alabek diru arazorik izango ez balute, fisika, historia eta filosofia ikasketak egitea gomendatuko niekeela.

Beraz, ez da bokaziozko zerbait izan…

Fisika asko gustatzen zitzaidan eta eskura nuen. Esan bezala, kimika izan balitz eskura nuena, kimika ikasketak egingo nituen. Hori bai, asko pozten naiz egin nuen aukeraz.

Urte batzuk pasatu dira jada ikasketak bukatu zenituenetik. Fisika, eta zientzia bera, espero zenuena al da?

Urteak pasatu dira bai… (barreak). Egia esan, espero nuena baino askoz ere politagoa da fisika. Ezin dezakezu imajinatu zelako poza ematen didan teknologia eta zientziaren aurrerapenak zeintzuk eta nolakoak diren ongi ulertzea. Kultura modernoaren funtsezko atal bat dela iruditzen zait.

Egin duzun ibilbidea berriz errepikatuko zenuke?

Aukera izanez gero, zalantzarik gabe. Hala ere, ez nioke mundu guztiari gomendatuko. Oso lan gogorra da zientzialariarena. Oztopoz beterikoa, hain zuzen ere. Jakitunek ez bezala, zientzialariok, gauza ezberdinak deskubritzeko, lehenik eta behin dena ongi ulertu behar dugu. Jakitunek, ordea, kontrako bidea egiten dute. Haiek, gertatzen dena ulertzeko, gauzak deskubritu nahi dituzte. Hau honela izanik, ez dugu denborarik albokoak egiten dituen gauzak behar bezala ulertzeko. Denborarekin konturatu naiz, aurrerapenak egitea baino, nahiago dudala albokoak egin dituen lanak ongi ulertzea ere.

Edonork balio du fisika egiteko?

Lanarekin edonork egin dezake fisika. Hori argi daukat. Ez da inteligentzia berezi bat behar hau lantzeko, ezta gutxiago ere. Nire ustez, %95 lana da, ez besterik. Konstantzia, sakontasuna eta jarraikitasuna dira zientziaren gakoak. Hala ere, distiratsu izateak ez du minik egiten…


Egileaz: Peru S. Gamarra kazetaria da

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.