Ba ote zuten neanderthalek gaitasun sinbolikorik?

EHUko ikerketa

Guijarro Axlor web

Journal of Anthropological Research aldizkarian argitaratu duten artikulu batean neanderthalen gaitasunei buruzko eztabaidarako beste aurkikuntza bat aurkeztu dute UPV/EHUko ikertzaileek.

Journal of Anthropological Research aldizkariak, Neanderthal Graphic Behavior: The Pecked Pebble from Axlor Rockshelter izeneko lana argitaratu du azken zenbakian. Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko Marcos García, Blanca Ochoa eta Ignacio Barandiarán irakasleek egin dute lan hori. Neanderthalen adimenaren gaitasun sinbolikoari eta konplexutasunari buruzko eztabaidarako datu eta argudio berriak aurkeztu dituzte ikertzaileek artikuluan.

Erdi Paleolitoan grabatu zen hareharrizko harri-koskor baten azterlana aurkeztu dute artikulu horretan; harri-koskor hori Dima inguruko (Bizkaia) babes harritsu bat den Axlorko aztarnategian aurkitu zen, orain dela 30 urte baino gehiago. Aurkikuntzaren unean, harria nahita aldatuta zegoela ohartu ziren, baina harrezkero ahaztuta egon da. Argitaratu berri den artikuluan harriaren deskribapen berria eta dokumentazio osagarria eskaini dituzte. Bestalde, harri-koskorraren esangura eztabaidatu dute egileek, batez ere bere izaera antropikoa, batetik, eta bestetik, Goi Paleolitoaren aurreko, hau da, Homo sapiensaren aurrekohominidoen taldeen portaera grafikoaren erregistro murritza baina fidagarriari lotuta egotearen aukera ere.

Axlorko harri-koskorrak 45.000 urte ditu, gutxienez, eta X bat du grabatuta; ikertzaileen arabera, irudi horrek adierazten du neanderthalen Europako portaera grafiko eta sinbolikoak osagai lineal bat daukala. Dirudienez, X forma horrek ikurren pixkanakako erabilera soziala irudikatzen du ikusmen-pertzepzioan oinarritutako eraikuntzen bidez. Izan ere, Afrikako eta Ekialde Hurbileko Homo sapiens sapiensaren populazioetan ezaguna zen portaera kontzeptualizatu ez figuratiboa adierazten dute lerro-egiturek eta erritmo-segidek. Hortaz, pentsamendu grafikorako gaitasunaren agerpena ez bide da gure espeziearen berariazko eta berezko ezaugarria.

Neanderthalen portaera sinbolikoaren frogak ez dira ugari Erdi Paleolitoan Europan. Ez dago ageriko frogarik figurazko arteari buruz, eta gizabanakoen apaingarriak urri-urriak dira; apaingarri gutxi horien artean, adibidez, Arcy-sur-Cureko aztarnategietakoak ditugu, hor ere orain dela 40.000 urte marren bidez apaindu baitzituzten hezurrezko tresnak.

Hain maiz agertzen ez ziren eta ziur aski neanderthalen populazioen artean tradizio grafiko linealak bezalako eraginik ez zuten beste adierazpide batzuekin (adibidez, La Ferrassieko kupulak eta La Roche Cotardeko figurazko pieza berezi bat) batera agertu zen Axlorko harrian irudikatutako gai lineala. Izan ere, tradizio grafiko linealak nolabaiteko sozializazio-maila erakutsi zuen Europan orain dela 60.000 urte, gutxienez, eta dentsitate demografiko handiagoa egon omen zen unean gertatu zen. Homo sapiens sapiensaren aurreko espezieek “arte higigarria” sortzeko eta erabiltzeko zuten gaitasun sinboliko-grafikoa berretsi bide dute tresna horiek. Azken neanderthalen artean “jokaera-modernitatea” agertu izanaren frogatzat har daitezke datu horiek.

Axlorko aztarnategia Dima udalerrian (Bizkaia) dagoen haitzulo bat da, eta José Miguel de Barandiaránek aurkitu zuen 1930eko hamarkadan. Induskatutako maila arkeologikoek informazio ugaria eman dute neanderthalek harrizko tresnak (puntak, karrakailuak, aiztoak…) fabrikatzeko zuten moduari, jaten zuten faunari, ehizatzeko erabiltzen zituzten metodoei eta bizitegiak eta lantokiak antolatzeko zuten moduari buruz. Paleolitoko jokabide artistikoei eta sinbolikoei eta Euskal Herrian eta mendebaldeko Europan jokabide horiekin lotutako arrazoi zein espezieei buruzko ikerketa baten testuinguruan berraztertu dute pieza hori.

Laburbilduta, lan horrek arte higigarriko objektu berri baten berri eman digu neanderthalen testuinguruan, Erdi Paleolitoan. Horrela, azken urteotan neanderthalen populazioetarako zein gizaki modernoen lehenengo populazioetarako metatu diren beste pieza batzuei gehitu zaie Axlorko harri-koskorra. Gauzak horrela, Erdi Paleolitotik Goi Paleolitorako, hau da, Homo Neanderthaletik Homo sapienserako trantsizioa eta gure espezieari beren-beregi esleitu ohi zaion jokabide modernoaren osaera interpretatzeko eta eztabaidatzeko osagai berriak eman ditu. Axlorko harri-koskorrak eta antzeko beste froga batzuek neanderthalen adimenaren gaitasun sinbolikoa eta grafikoa eta konplexutasuna frogatzen dituzte, ia zalantzarik gabe.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.