Lévyren hegaldia: erleak, marrazoak eta gizakiok elkartzen gaituena

Dibulgazioa · Mugaldea

Bizidun gehienok mugitzen gara eredu matematiko berberari jarraiki. Mugimendu fraktal hau, Benoît Manderbrotek deskribatu zuen eta “Lévyren hegaldia” esan ohi zaio. Eredua, bizidun askotan ikus daiteke, marrazoetatik erleetaraino. Izatez, txandakatu egiten ditugu bi mugimendu mota: mugimendu browndar labur batzuk azarean eginak, eta ibilbide luzeko beste batzuk. Ikertzaile talde batek berriki egiaztatu du eredu horri berorri jarraitzen zaizkio Tanzaniako Hazda tribuko ehiztariak/biltzaileak, Serengeti ondoko zonaldean ehizan dabiltzalarik.

Imagen 1
1. irudia: Hadza ehiztarien talde bat, bere irteera batean. (Argazkia: Brian Wood)

Arizonako antropologoa den David Raichlen buru izan duen taldeak PNASen argitaratu ditu ikerkuntzaren emaitzak. Ikerketan, zientzialariek GPSdun eskumuturreko erloju bat eman zieten tribukideei eta satelite bidez monitorizatu zituzten ehiztarien mugimenduak. Ehiza/bilketa jardueretan jarraitzen duten azkenetarikoak dira tribu honetako kideak, eta hauxe izan zen mugimenduak satelite bidez neurtu zitzaizkien lehenengo aldia. Mugimendu eredu bera erakusten zuten tribu honetako kideek zein animali espezie askok, janaria bila abiatzeko unean. Beraz, mugimendu hau naturan errepikatzen da, Fibonacciren segida egitura naturaletan errepikatzen den bezala.

2. irudia: ezkerraldean, Lévyren hegaldi eredua; eskuinaldean browndar mugimendua. Wikimedia Commons.
2. irudia: ezkerraldean, Lévyren hegaldi eredua; eskuinaldean browndar mugimendua. (Argazkia: Wikimedia Commons)

Ikerketaren egilekide den Brian Woodek baieztatzen du “mugimendu eredu hau egoera anitzetara hedatua den mugimendu-estrategia orokor bati dagokiola”. Lévy matematikariaren ohoretan eman zitzaion hegaldi eredu honi izena. Lévyren hegaldi hau, elikatzeko mugimenduetan ez ezik, adibidez jolas-parkeetan ere erakusten dugu gizakiok, eta era berean, nabari dira hiri-garapen jakin batzuetan.

3. irudia: Hadza ehiztariak tanzaniar paisaiari begira. Irudia: Brian Wood.
3. irudia: Hadza ehiztariak tanzaniar paisaiari begira. (Argazkia: Brian Wood)

“Errepara iezaiozu zure bizitza propioari” dio David Raichlenek, “Zer egiten ote duzu egun arrunt batean? Lehen lanera, gero etxera bueltan, eta bukatzeko etxe inguruan ibilaldi labur batzuk? Eta geroago, noizean behin, ibilaldi luzeago batzuk, oinez, bizikletan, autoan edo hegazkinean? Izan ere, joera daukagu zonalde txiki batean ibilbide laburrak egin ostean beste zonalde batera iristeko ibilbide luzeak egiteko”.

Edonola, ikertzaileek aditzera ematen digute eredu berberari eusteak ez duela esan nahi oharkabean erabakitzen dugunik nora joan. Alderantziz, gure erabaki eta bizimodu libreetatik ondorioztatzen da aipatu eredua. Orain Raichlenek lanean jarraitu nahi du ingurugiroaren baliabide-banaketak baldintzatzen ote dituen eredu hauek.

Iturria: Evidence of Lévy walk foraging patterns in human hunter–gatherers (PNAS)


Egileaz: Antonio Martínez Ron (@aberron) zientzia-kazetaria da.


Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.