#KZJaia: 2. Laburpena

#KZJaia · Dibulgazioa

KulturaZientifikoa_1_Jaialdia_banner

Aurreko Urtarrilaren 7an abiatu zen #KulturaZientifikoa 1. Jaialdia (#KZJaia). Gaurkoan, Jaialdian bildutako ekarpenen bigarren laburpena eginen dugu, 2014-01-20tik 2014-02-02ra bitartean. Gogoan izanen duzuen moduan, lehenengo laburpenean 16 ekarpen bildu genituen, hidrogenotik sufrera zihoazenak, alegia (H-S). Bigarren laburpen honetan, ekarpen gehiago biltzen ditugu, azken bi aste hauetan 19 ekarpen egon bait dira, klorotik bromora, alegia (Cl-Br). Kasualitatez, halogenoen zutabean periodo bat jeitsi dugu! Aurrekoan bezala, jakintza arlo anitzeko egile desberdinak izan ditugu. Bertzerik gabe, bil ditzagun bi aste hauetan eginiko ekarpen hauek (Z atomo bakoitzaren zenbaki atomikoa, protoi kopurua alegia, da):

  • Ar (Z=18): “Zertarako balio duen zientziak“. Javier Armentia eta Miren Karmele Gomez, Iruñeako Planetarioko kideak, zientziak gure bizitzako hainbat alorretan duen garrantziaz aritu zitzaizkigun. Gizartean, egunero hartu behar ditugun hainbat erabakietan, kultura zientifiko sakona izatearen garrantzia azpimarratu zituzten, Iruñeko Planetarioko webgunean egindako ekarpenean.
  • K (Z=19): “Diru Teoria Modernoa hasiberrientzat“. Artikulu honetan, UEUko Ekonomia saileko kide den Joseba Felix Tobar Arbuluk, Diru Teoria Modernoaren inguruko hausnarketa egin zigun. Hasiberriak garenak modu “heterodoxo” batean sartzen gaitu gaian, Unibertsitatea.net atariko Heterodoxia blogan egindako ekarpen honen bitartez.
  • Ca (Z=20): “Darwin, Wallace eta Lamarck“. Koldo Garcia UPV/EHUko ikertzaileak eboluzioa ulertzeko ezinbestekoa den hirukote honi buruz aritu zitzaigun Edonola blogean. Theodosius Dobzhanskyren hitzaten, “Biologian ezerk ez du zentzurik eboluzioaren argipean ez bada”. Hortaz, eboluzioaren inguruko artikulu hau ezin duzue galdu.
  • Sc (Z=21) eta Ti (Z=22): “Emakumeak mediku? Elizabeth Blackwell” eta “Lunatikoak DBHn #KZJaian“. Idoia Zapirainek, Aguraingo Aniturri Bigarren Hezkuntzako Institutuko irakasleak, Elhuyarrek argitaratutako “Lunatikoak” liburuan oinarrituta, institutuko ikasle/irakaslek landuko dituzten infografien adibidea luzatu zigun, Elosaniturri blogan. Honekin batera, ikasleekin kultura zientifikoa lantzeko bertze ardatzak ere kontatu zizkigun.
  • Cr (Z=24): “Gauss txikitan“. Pertsona batzuk haurtzarotik azaltzen dituzte gaitasun bereziren bat. Pertsona hauetako bat izan zen Gauss matematikari alemandarra. Asier Estevan Mugertzak, NUP/UPNAko irakasleak, Gaussek zortzi urte zituelarik, bere gaitasun matematikoen adierazgarri izan zen anekdota bat kontatu zigun Zientzia Kaieran.
  • Mn (Z=25): “Eredu dinamikoak matematikaren irakaskuntzan“. Aitzol Lasa Oyarbide NUP/UPNAko irakaslea matematikaren didaktikaren inguruan aritu zitzaigun Zientzia Kaieran. Ikasgelaren testuinguruan, irakasleak ezagutza transmititzeko tresna egokien kudeaketa beharrezkoa du. Testuinguru horretan kokatzen dira teknologia berriak eta eredu dinamikoak.
  • Fe (Z=26): “Hemokromatosia, edo eboluzioa gaixotasunak ulertzeko“. Elementu egokia harrapatu zuen Koldo Garcia UPV/EHUko ikertzaileak gaixotasun genetiko bati buruz aritzeko, hemokromatosia, alegia. Edonola blogeko artikulu honetan, aitzinean burdinaren metaketaren inguruan genetikoki onuragarria zen mutazioa egunotan kaltegarria nola bihurtu den kontatu zigun.
  • Co (Z=27): “Giza zakilaren itxura ez da zoriaren ondorio“. Ana Galarragak, Elhuyar Zientzia unitateko kideak, giza zakilaren itxuraren arrazoi posible bat kontatu zigun. Zientzia Kaieran argitaratutako ekarpen honetan egilea ikerketa zientifiko bat laburbiltzen digu. Honen arabera, gizakia ez omen da uste dugun bezain monomagoa.
  • Ni (Z=28): “Kaferik nahi?“. Egunean bizpahiru kafe hartzea burmuinaren aktibitatea suspertzeko baliogarria izan daitekela kontatu zigun Ane Wyssenbachek, Achucarro Ikerketa Zentruko ikertzaileak. Neurozientzian blogean egindako ekarpenean, kafeina, moderazioz hartuta, pertsona helduengan izan ditzakeen onurak kontatu zizkigun.
  • Cu (Z=29): “Abiadura handia lebitazio magnetikoaren eskutik“. Josu Jugok, UPV/EHUko irakasleak, lebitazioa posible dela azaldu zigun Zientzia Kaieran egindako ekarpen honetan. Ez edozein lebitazio, ordea. Aldarapen elektromagnetikoari esker ematen den lebitazioa eta bere aplikazio ikusgarriak, abiadura handiko trenen kasu, kontatu zizkigun egileak.
  • Zn (Z=30): “The typical accountant“. Unai del Burgok, UEUko Ekonomia saileko kideak, kontableen eta kontabilitatearen inguruko aferak kontatu zizkigun. Umorez jositako ekarpen honetan, kontabilitatearen egunerokotasuna eta esparruak kontatu zizkigun. Unibertsitatea.net atariko Ekonomiaz Jantzi blogean eginiko ekarpenean, argi gelditu zitzaigun kontable guztiak ez doazela infernura.
  • Ge (Z=32): “Indar eremuak edonon!“. DeustoTech-eko ikertzailea den Gorka Azkunek Robotika ekarri zigun Jaialdira. Robotei mugimendua emateko estrategietaz aritu zitzaigun Zientzia Kaieran argitaratutako ekarpen honetan. Konkretuki, indar eremuak erabiliz estrategia hauek nola diseinatzen diren kontatu zigun informatikari honek.
  • As (Z=33): “Bizitzaren zuhaitza marrazten“. Koldo Garcia UPV/EHUko ikertzaileak eboluzioarekin lotutako artikuluekin jarraitu zuen. Gaur egungo espezieak arbaso amankomunetik sortuak garela kontatu zigun Edonola blogean, bizitzaren zuhaitza osatuz. Sorpresa batzuk utzi zizkigun, besteak beste, txerriak izurdeetatik zaldietatik baino gertuago daudela.
  • Se (Z=34): “Zientziazale, euskarazale: Bonaparte printzea“. Zientziazale, euskarazale seriean, Gorka Lekarozek, Donostiako San Ignazio Ikastetxeko irakasleak, Bonaparte printzea ekarri zigun oraingoan. Lingua Navarrorum blogan argitaratutako ekarpen honetan, XIX. mendeko zientziagizon honen eta euskararen arteko erlazioa kontatu zigun, aurrekoan Paul Brocarekin egin bezala.
  • Br (Z=35): “Kandelaria“. Laburpen honi amaiera emanez, neguaren erdian kokatzen den Kandelaria eguna (hartzaren eguna Europan) ekarri zigun Juan Ignacio Pérez UPV/EHUko katetradunak. Neguaren bigarren zatian eginen duen eguraldia animalia batzuen jokabideak jakinarazten digula dio tradizioak. Sinismen hauen zergatia eta errealitatea Zientzia Kaieran argitaratutako artikulu honetan irakurgai.

19 ekarpen hauekin, Jaialdian 35 ekarpen bildu ditugu dagoeneko Jaialdian. (Otsailaren 3ko ekarpena hurrengo laburpenean bilduko da). Ekarpen honekin, gure Txokolatezko Taula Periodikoa horrela gelditu zaigu! (Aniturri BH Institutuko Elosaniturri blogetik hartua):

otsailak-3-kosk-tx

Badirudi “kruzero” abiadura hartu dugula! Ziur gara ondorengo asteetan erritmoa mantentzeko gai izanen garela, eta egile eta blog berriak batuko zaizkigula! Guztion artean, jarrai dezagun kultura zientifikoa lantzen eta zabaltzen, “zientzien” eta “letren” arteko muga artifiziala gaindituz!

5 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.