Koroideremia: Niretzat jada ez da gaixotasun arraroa

#KZJaia · Dibulgazioa

Jon Zarate

Asociación de Afectado Coroideremia

Ikerlarion zeregina da naturak egiten dizkigun milaka galderaren artean bat aukeratu eta erantzuteko saioak egitea eta ikerlarion ametsa gaixotasun baten aurkako sendagaia asmatzea. Koroideremiari buruzko lehen berriak 2013ko udan izan nituen, Koroideremiak Kaltetutakoen Elkarteak (KKE-ak) Aulestiko herrian, ikerketarako dirua lortzeko antolatutako bazkari erraldoian. Bertan ezagutu nituen gaixorik dauden Olea-Elgezabal familiako hiru mutikoak. Egun hartan ulertu nuen ondo ikerlariak erantzun behar duen galdera aukeratzeko zein garrantzitsua den gaixoekin harreman zuzena izatea eta beraien arazoak hurbiletik ezagutzea. Horrez gain, 2014 urte hasieran KKE-ko kideek Ubilla Aterpetxean antolatu zuten batzarrera gonbidatu nindutenetik, CHM, 1 motako Rab Escort Proteina (REP1), Rab27a, RabGTPasa edo prenilazioa direlako terminoak egunero erabiltzen ditut. Erregeetako opari polita izan zen.

Koroideremia X kromosomari lotutako gaixotasun genetiko azpirakorra da, eta horregatik, gehienbat gizonetan gertatzen da. Batez beste, 50.000 biztanleko bat dago gaixorik, baina diagnostikatu gabe edo gaizki diagnostikatutako Koroideremia kasuak kontuan izango bagenitu prebalentzia handiagoa izango litzateke. Kaltetuek koroidesaren eta erretinaren endekapen progresiboa pairatzen dute eta gehienak itsu gelditzen dira helduaroan. Koroideremiak kaltetutakoei CHM genea falta zaie eta ondorioz, ez dute REP1 ekoizten. REP1-en gabeziak Rab proteinen prenilazio-abiadura murrizten du, batez ere koroides eta erretinako zeluletan; hala ere, gorputzeko beste ehun batzuetan ere prenilazio baxuak kalteak eragin. Prenilatzen ez diren Rab proteinak ezin dira mintz zitoplasmikora garraiatu eta exozitosi bidez zelulatik kanporatu; beraz, zitoplasman pilatu egiten dira eta zelularen apoptosia eragiten dute. Beraz, badirudi Rab proteinen prenilazioa hobetuko duten estrategia terapeutikoak garatzea izan beharko lukeela ikerlarien helburu nagusia hurrengo urteetan.

Gaixotasun monogenetikoa izaki, terapia genikoa da gehien ikertu den sendabidea. 2014 urte hasieran argitaratu zen The Lancet aldizkari ospetsuan koroideremiak kaltetutako 35 eta 63 urte bitarteko gaixoetan birus bidezko terapia genikoarekin eginiko lehenengo entsegu klinikoa. Emaitzen arabera, tratamendua jaso zuten gaixoen erretinako fotohartzaileen sentsibilitatea areagotu egin zen eta ez zen kontrako eragin larririk deskribatu. Dena den, oraindik garaiz da birusekin egindako terapia geniko honen aurkako eraginen balorazioa egiteko. Azpimarratu beharra dago entsegu kliniko honetan plasmidoa garraiatzeko erabilitako Adenobirusa purutasun maila altukoa dela. Baina ezin ahantz genezake era berean birusek garraiatutako plasmidoa zelularen genoman txertatzen dela eta, besteak beste, onkogeneen aktibazio arriskua beste terapiekin baino altuagoa dela. Hori dela eta, segurtasuna bermatu eta eraginkortasuna handitu nahian, terapia berrien garapena garrantzitsua da.

Asko dira birusekin eginiko terapia genikorako alternatibak. Birusak ez diren garraiatzaileekin eginiko terapia genikoa daukagu hurbilena. Birus gabeko terapia genikoa seguruagoa da baina oraindik lan handia egin beharra dago birusek duten eraginkortasuna lortzeko. Zuzenean koroideseko eta erretinako zeluletara REP1 proteina eraman dezakeen sistema da aztertu beharko litzatekeen beste aukera bat. Sistema hauen bitartez ez genuke zelulen material genetikoa manipulatuko zelulek falta zaien proteina izan dezaten. Nanomedikuntzaren garapenari esker, gai gara REP1 eskala nanometrikoko kapsula batean sartu eta organismoko edozein ehunetara garraiatzeko. Hala ere, proteinaren kapsularatze bidezko terapia birusekin egindako terapia genikoaren garapen mailara heltzeko ikerketa urte asko behar dira, batez ere, REP1 proteinarekin garapen prekliniko guztia egin beharko litzatekeelako. Ondorioz, dagoeneko fase preklinikoa gainditu duten molekulak bilatu beharko genituzke, hain zuzen ere prenilazioan parte hartzen duten proteinen funtzioan eragingo duten molekulak. Horretarako prenilazioaren mekanismoaren ezagutzan gehiago sakondu eta prenilazioaren gabezian proteinarik garrantzitsuenen hiru dimentsioko egitura zehaztu beharko da. Ondoren konputagailu bidezko metodoen laguntzarekin aurretiaz beste gaixotasun batzuetarako ikertuta dauden molekula eraginkorrenak aukeratuko genituzke.

Dena den, koroideremia sendatuko duen medikamendua aurkitu artean, itsu gelditzen ari diren gaixo hauentzako epe laburragoan erabilgarriak izango liratekeen terapien aukeraz ere pentsatu beharko genuke. Adibidez, erretinako zelulen endekapena geldotzeko gaitasuna erakutsi duten molekulekin iker genezake. Hala ere, artikulu honetan proposatzen diren estrategia hauen guztien eraginkortasuna frogatzeko, nahiz eta in vitro Koroideremia ikertzeko eredu onak izan, ezinbestekoa da Koroideremiaren animalia eredua lehenbailehen garatzea.

Orain badakit naturak egiten dizkigun milaka galderaren artean erantzun behar dugunetako bat zein den. Niretzat jada Koroideremia ez da gaixotasun arraroa.


Egileaz: Jon Zarate Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia eta Elikagaien Zientziak saileko irakaslea da.


KulturaZientifikoa_1_Jaialdia_banner

Sarrera honek #KulturaZientifikoa 1. Jaialdian parte hartzen du.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.