Asteon zientzia begi-bistan #9

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak bilduko ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta bilduta eskaintzeko helburu dugu. Zeri buruz hitz egin da sarean? Eman diezaiogun begirada bat.

Argazkia: Vyacheslav Mishchenko
Argazkia: Vyacheslav Mishchenko

Teleportazioa zientzia-fikzioko filmetan azaltzen den fenomeno liluragarria da. Nork ez du desio edo pentsatu izan “teleportatu eta han agertuko banintz… .” Pelikuletan hain erraza ematen duen fenomenoa hurbiltzen digu Gorka Azkune ikertzaileak. Posible al da teleportazioa? Gorkak azaltzen digu telesailetan ikusten dugun fenomenoa ideia zientifiko batera hurbiltzen dela, teleportazio kuantikora. Teleportazio kuantikoaren helburua da sistema kuantiko bat puntu batetik beste batera garraiatzea inolako euskarri edo kanal fisikorik gabe. Maila teorikoan ezagutzen badira ere honen ezaugarriak, teleportazioak baditu bere mugak eta hauek azaltzen dizkigu 2013ko dibulgazio-artikulu onenaren CAF-Elhuyar saria irabazi duen artikuluan: Fikzioa errealitate.

Klima-aldaketak eta gehiegizko arrantzak eragina izan dute arantzaren egoera orokorrean. Baina horretaz gain, itsasoko ekosisteman badaude ere kontuan hartu beharreko beste kontu batzuk. Eneko Bachiller ikertzaileak, esaterako, arrainen elikadurari erreparatzen dio. Arrain pelagikoak zooplanktonaz elikatzen dira nagusiki eta honen ugaritasunak edo urritasunak zuzenean eragiten du arrainen ugaritasunean eta hedapenean. Arrainek zer jaten duten, ezaugarriak eta bestelako xehetasunak ikertu ditu Enekok bere tesian eta guztiau azaltzen du 2013ko tesian oinarritutako dibulgazio-artikulu onenaren CAF-Elhuyar saria irabazi duen artikuluan: Arrainak, otorduetan, ekologiaz mintzo dira.

1980an eta 1981ean NASAren Voyager 1 eta 2 zundek Saturno planetaren gainetik hegan egin zuten lehenengo aldiz. Besteak beste gauza bitxi bat aurkitu zuten hegaldi horretan, goialdeko hodeietan planetaren iparraldeko poloa inguratzen zuen hexagono-formako egitura bitxi bat ikusi zuten. Hexagonoa ia geldirik zegoen, ezagutzen ez den planetaren errotazio orokorraren aurrean. Hogeita hamar urte beranduago UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko ikertzaileek beste hainbat astronomoen laguntzarekin, Saturnoko iparraldeko eskualde polarra zehatz-mehatz aztertu ahal izan dute eta hexagonoa oraindik bertan dagoela egiaztatu dute. Zientzia Kaiera blogean xehetasun guztien berri ematen dizkigute: Saturnoko hexagonoa harrigarria.

Saturnoren sekretuak ezagutu dituzte astronomoek eta horren berri eman digute. Unibertsoak baditu hainbat gauza liluragarri, esaterako izarrak. Argia aldizkarian Nagore Irazustabarrenak ordenagailuan planetario bat izateko baliabidea hurreratu digu: Stellarium. Software hau sistema eragile nagusiekin bateragarria da, www.stellarium.org gunean eskuratu daiteke eta soilik ahalmen handiko txartel grafikoa behar da gure ordenagailuan instalatzeko. Baliabide honen ezaugarriak Izarrak ikusteko denboraren makinan.

Beñardo Kortabarriak Elhuyar aldizkarian gai kurioso bat tratatzen du, zebren marrak. Izan ere, zer dela eta dituzte larruazalean marrak, zertarako? Galdera honen erantzuna Kaliforniako Unibertsitateko ikerketa-talde batek erantzun dio. Historian zehar bost hipotesi nagusi finkatu izan dira zebren marren zeregina dela eta: kamuflajerako zirela, harrapakariak despistatzeko baliagarriak zirela, beroa kudeatzeko sistema zirela, zebren gizarte-antolamenduaren koderen bat zirela edota eltxoen ziztadei aurre egiteko estrategia garbia zirela. Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaileak azken hipotesi hau eman dute ontzat ikerketa bat gauzatu ondoren Zebren marrak, eltxoen aurkako babes direla.

Koloneko minbizia gure artean ohikoena da. Gure bizitzeko moduarekin loturarik gehien duten minbizietako bat da eta, horregatik, baita prebenitzeko errazenetakoa ere. Koloneko minbizia heste lodiko mukosako zeluletatik eta han dauden guruinetatik sortzen da. Tumorea polipo batetik abiatzen da ia kasu guztietan eta erabat garatzeko hamar-hamabost urte behar dituen arren, kasuen %5-10etan gaiztotu egiten da, polipo sinple bat besterik ez zena minbizi bilakatzeraino. Berria egunkarian Jabier Agirrek arrisku-faktoreak, minbizia antzemateko probak eta osasunerako gomendioak ematen dizkigu: Koloneko minbiziari aurrea hartzeko.

Australian National Universityn, Oxfordeko Unibertsitatean, UPV/EHUn, Marylandeko Unibertsitatean, Universitat de Gironan eta Oviedoko Unibertsitatean lanean diharduten ikertzaileek egindako ikerketa baten arabera neandertal eta cromagnon espezieen presentziaren erregistroen artean 1.000 urte inguruko aldea dago. Aztarnak datatzeko 2005ean sortutako teknika berria erabiliz, DNA probetan kolagenoa purifikatzeko erabiltzen dena, ikerketak iradoki du gure espeziea uste zen baino 8.000 urte lehenago iritsi zela Europara. Basque Research webgunean ematen digute honen berri: Neandertalak eta cromagnonak ez ziren aldi berean bizi izan iberiar penintsulan.

Gaur egun Bergaran UNED dagoen egoitzan, Bergarako Errege Mintegia sortu zuen 1776an Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak. Errege Mintegia sasoi hartan puntako ikerketa zentroa izan zen eta bertan, besteak beste, François Chabaneauk platinoa purifikatzea lortu zuen. 2014ko bukaeran Bergaran bertan XVIII. mendetik Errege Mintegiko kideek bildutako zientzia tresnak, mineralak, animaliak eta beste jarriko dituzte ikusgai Laboratorium museoan. Museo berri hau Errekalde jauregian izango du egoitza eta Amaia Portugal kazetariak Berria egunkarian aurkezten digu: Elhuyar eta askoz gehiago artikuluan.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.