Organo hauek zureak bezalakoak dira

#KZJaia · Dibulgazioa

Amaia Portugal

Iazko urritik, gure erraiak erakusgai daude Donostiako Eureka! Museoan. Hau ez da gore film bat, ez eta zientzia fikzioa ere: plastinazioa da, eta hari esker, animalien eta gorpua zientziari eman dioten gizakien benetako organoen bilduma bat osatu dute. Gunther Von Hagens anatomista alemaniarrak 1977an asmatu zuen teknika horren bitartez, hildakoen gorputz atalak bikain kontserbatzen dira, usteldu gabe. Bizirik dauden organoen berdin-berdinak dira, itxura eta koloreari dagokionez. Gure barrunbeetara begiratzearen parekoa da.

Lehendik ere izan da Euskal Herrian plastinazioa bertatik bertara ezagutzeko aukera. Esaterako, azken urteotan Iruñean, Bilbon eta Irunen izan dira gaiari buruzko erakusketa ibiltariak. Baina Eureka! Museoko hau bilduma iraunkorra da, organoz ez ezik hezurrez ere osatua, eta denboraren poderioz handitzen joateko asmoa duena.

Idoia Mugika museoko edukien saileko hezkuntza teknikaria da, eta berak azaldu bezala, “plastinazioak usteldura eteten du, eta tratatu den organoa epe luzera mantendu. Barruan duen ur guztia desagerrarazten da, eta plastikoa da ur horren ordezkoa”. Zerbait barrutik kanpora plastifikatzea bezalakoa da. Izan ere, plastinazioaren bitartez tratatu duten organo bati begira dagoenak ez du antzematen: plastikoa barruan dago, kanpoan ez da inon ageri. “Itxura oso erreala da. Organoa ikusten dugu ura izanez gero ikusiko litzatekeen bezala, jakin gabe uraren ordez polimero bat sartu diotela. Benetako ehunek eta zuntzek hor jarraitzen dute, babestuta, eta urik berriz ez sartzeko bermatuta dagoen ingurune batean”, gaineratu du Mugikak.

Emaitza bikain horren atzean lau urrats dituen prozesu konplexua dago:

Giza soinaren plastinazioa, bere organo guztiak agerian dituela (Irudia: Eureka! Zientzia Museoa)
Giza soinaren plastinazioa, bere organo guztiak agerian dituela (Irudia: Eureka! Zientzia Museoa)

Finkatzea

Hil eta bizpahiru egun geroago, animaliaren edo gorpua zientziari eman dion gizakiaren rigor mortis delakoa igaro denean, plastinazioarekin tratatu nahi den zatia disekzionatzen da. Organo eta ehun guztiak plastinatu nahiko balira ere, banan-banan egin beharko litzateke, guztiei ez baitzaie plastiko mota bera egokitzen. Esaterako, erakusketan giza soin bat dute, organo guztiak agerian, eta osorik plastinatzeko urte eta erdi luze behar izan zuten hura egiteko enkargua jaso zuten teknikariek.

Disekzioaren ondoren ekiten zaio finkatzeari, beraz. Formaldehidoa erabiltzen da horretarako, substantzia antiseptiko eta kontserbatzaile bortitza izaki. “Horrek usteltzea geldiarazten du erabat. Ehuna dilatatzen hasten da pixka bat, eta bakterioak eta ustelkeria eragin dezakeen guztia desagertzen da”, dio Mugikak.

Deshidratazioa

Ezinbestekoa den urrats honetan, berezkoa duen ura kentzen zaio organoari, haren ordez substantzia disolbatzaile bat sartuta. Azetona izaten da, normalean, substantzia hori. Urarekin erraz disolbatzen den produktua da azetona, eta hala, plastinatu nahi den organoaren berezko urari tokia kentzeko ahalmena du.

Mugikak azaldu bezala, “azetona bainua -15 edo -20 gradutan dagoela, plastinatu nahi den elementua sartzen da, eta behar adina denbora egoten da hor, haren ur kantitatea %1era jaitsi dela detektatzen den arte. Difusio bat gertatzen da. Urak kanpora egiten duen heinean azetona barrura sartzen da, eta nahikoa denbora utzita, gorputzaren barruan ia dena azetona izatea lortzen da”.

Erretzaile baten giza birika (Irudia: Eureka! Zientzia Museoa)
Erretzaile baten giza birika (Irudia: Eureka! Zientzia Museoa)

Indarrez egindako inpregnazioa

Hau da plastinazio prozesuaren gakoa. Azetona erraz lurruntzen da, eta horixe da produktu hori baliatzeko arrazoietako bat; hirugarren urrats honetan hura desagerrarazi behar baita, haren tokian plastikoa sartzeko. Ezin da edozer plastiko izan, noski. Aukeratzen den silikona motak gai izan behar du azetona dagoen barrunbeetara iristeko, bidean gogortu gabe. Bestela esanda, malgutasunari eutsi behar dio, gutxienez helmuga duen tokira iritsi arte.

Mugikak azaldu bezala, hutsunea egiteko ahalmena duen makina bat ere sartzen da jokoan hemen: “Hutsunea egiten ari den bitartean, azetona lurrunduz joango da, eta aldi berean, silikona dagoeneko bertan murgildu denez, azetonak utzitako lekuan sartzen da. Silikonarekin batera agente ontzaile bat txertatzen da, eta horri esker, tenperatura berotzean (hirugarren urrats hau -15 eta -25 gradu arteko tenperaturan hasten baita), orduan bai, silikona gogortzen da”.

Gas ontzea

Zailena egin ondoren, urdaiazpikoen modura, ontzea dagokio plastinazio prozesua jasan duen organo edo ehunari. “Ez dago mikroorganismorik dagoeneko, ezta urik ere, eta dena babestuta dago barrutik kanpora, plastiko bidez. Gasen bidezko ontzea egiten da orain. Aireztatzen da, kanpora atera den silikona guztia kentzen zaio, eta uzten zaio giro tenperaturara itzultzen eta gogortze prozesua bukatzen”, dio Mugikak.

Txakur baten birikaren negatiboa (Irudia: Eureka! Zientzia Museoa)
Txakur baten birikaren negatiboa (Irudia: Eureka! Zientzia Museoa)

Animalia eta gizakien benetako hezur sorta batekin batera, goian aipaturiko lau urratsak gainditu dituzten organo interesgarri askoak biltzen ditu erakusketak. Lehen aipaturiko giza soinaz gain, askotariko organo solteak daude bertan: giza entzefaloa, bihotza eta giltzurruna; txerri, txakur eta ardi entzefaloak; erretzaile eta ez erretzaile baten giza birika bana; zaku amniotikoak; fetuak…

Horien guztien artea bada, baina, plastinazio prozesu arrunta jasan ez duen elementu bat. Txakur baten birika da, eta nolabait esatearren, alderantzizko plastinazioa egin dute kasu honetan. Izan ere, birikaren ordez, birikaren negatiboa dago erakusgarri. Mugikak azaldu bezala, “biriken zuhaitza-edo lortu dugu oraingoan; bronkiolo, albeolo eta guzti. Kontrakoa eginez lortu dugu hori. Aireak eta odolak egiten duen bidean sartu dute silikona, injekzio bidez. Gero benetako birika desagerrarazi egin dute azido batekin, eta hala, haren negatiboa geratu zaigu”.


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.


KZJaia2

Sarrera honek #KulturaZientifikoa 2. Jaialdian parte hartzen du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.