Tropikoen hedapena, eta bidegabekerien hedapena

Mugaldea

La-expansion-de-los-tropicos-580x405

Nature aldizkariak berriki plazaratu duen ikerketa batean[1], aditzera eman da azken hogeita hamar urteotan ekuatoretik poloetarantz 5.3 km lerratzen ari dela urtero tropikoetako zikloien intentsitatea, Ipar Hemisferioan. Hego Hemisferioan, 6.2 km lerratzen ari da urteko. Alegia, latitudean gradu erdiko aldaketa gertatzen ari da gutxi gorabehera hamarkadako. Ondorio horiek atera ahal izateko, NOAAk 1982-2012 tartean bildutako datuak aztertu dituzte, bereziki intentsitatearen pikoari erreparatuz. Izan ere, lan honen egileetako batek uste du “historian zeharreko intentsitate-estimazioak nahiko badaezpadakoak izan daitezkeela baina fidagarria dela ordea tropikoetako zikloi batek intentsitate gorena hartzen duen gunea; gune honetan, ez bide da hainbeste desadostasunik eta ziurgabetasunik[2].

Indiako Ozeanoan eta Ozeano Batean beha daiteke batez ere fenomenoa, eta oraingoz ez da horrelakorik ikusi Atlantikoan. Begi bistakoak dira lerramenduak dakartzan zuzeneko ondorioak. Alde batetik, zikloi hauek eragindako hondamendi larriak honelakorik gertatzen ez den zonaldeetara lerratzen ari dira, eta toki hauetan are babes ahulagoak dituzte fenomeno hauen aurka. Beste alde batetik, Tropikoetako zonaldeek menpekotasun erabatekoa dute zikloiek dakartzaten euriekiko, eta bere ur-beharrak betetzen ez badira, lehorte eta gose arrisku handipean jarriko dira.

Baina kontua ez da bakar-bakarrik zikloi diren urakan eta tifoi horiek lerratzen ari direla. Lerramendua, gertatzen ari den tenperatura-igoerak eragiten du eta igoera horrek aurrera egiten duen heinean, tropikoak zabaltzen doaz gutxienez 1958tik. Eta azkarrago gertatzen ari da: 0.70-0.79 graduko latitudea hamarkadako[3][4][5][6]. Oso fenomeno arina da hau, eta ziur aski larriki eragingo dio klimari Lurreko hainbat zonaldetan. Besteak beste, tropikoetako basamortuak, egun oso populatuak diren zonaldeetarantz zabaltzen joango dira. Steve Turtonek[7] honako ondorioez ohartarazi gaitu:

“Zonalde hauetan baditugu Hego Australia, Hego Afrika, Hego Europa, Mediterraneo osoa eta Ekialde hurbila, eta bestetik, Amerikako Estatu Batuetako Hego Mendebaldea, Ipar Mexiko eta Hego Amerikako hegoaldea. Zonalde hauetara iristen badira tropiko azpiko zonalde lehorrak, izugarrizko kalteak jasango dituzte ur-baliabideek, natur ekosistemek eta nekazaritzak. Horrek gainera, larriki eragingo dio inguruneari eta bai giza osasunari eta giza taldeei. Besteak beste, baliteke malaria eta dengea hedatzea.

Historian zehar, ura, janaria eta nolabaiteko ziurtasuna lor daitezkeen tokietan kokatu izan dira giza taldeak. Baliabide horien egonkortasunarekiko oso mendeko dira milioika gizaki, eta batez ere gizaki ahulenak. Tropikoetako zonaldeak hedatzen badira, eta zikloiak eta euriak lerratzen badira, hondamendi izugarriak gerta daitezke. Oso kontuan hartzekoa da giza populazioaren zati oso garrantzitsu bat bizi dela aipatu zonalde horietan, besteak beste Hego Ekialdeko Asian.

Sarritan, klima-aldaketaren ondorioak behar baino larriago aurkeztu dituzte, delako aldaketa hori giza suntsipena ekartzera baletor bezala. Hau ez da horrela. Kasurik txarrenean ere, ez dago gizakiaren suntsipena ekar dezakeen inongo mekanismorik, baina txarrera egin dezakete, bai, ehunka edo miliako milioi gizakiren bizimoduek. Zer esanik ez, horrek ahulenei eragingo lieke lehendabizi.

Tropikoetako zonaldeak hedatzen doaz, zikloiak beste zonalde batzuetara aldatzen ari dira, eta ondorioz, betikoei iritsiko zaizkie gose biziagoa, gaixotasun larriagoak, eta hondamendi eta heriotza ugariagoak. Ziurrenik ohartu ere ez zara egingo, Nueva Yorken ari bazara Premiun ur mineraleko botila bat edaten. Baina ordea zureak egin du baldin eta eguneko bi dolar baino gutxiago dituzten gizaki horietako bat bazara, hau da, bi mila milioi baino gehiago diren gizaki ezbehartsu horietako bat bazara[8]. Funtsean, aukera gutxi izango dituzu. Zure ura garestitzen bada, ez duzu ura ordaintzeko modurik izango. Janarien salneurriek gora egiten badute, ez duzu janaria ordaintzerik izango. Gaixotzen bazara, ez duzu lan egiteko aukerarik izango. Behar bezalako babesik ez duen zonalde batean jasaten baduzu natur hondamendi bat, hil egingo zara seguruenik. Azken batean, betiko bidegabekeriak azaleratzen dira klima-aldaketaren auzian, edonon, edonoiz salbuespenik gabe gertatu izan den bezala.


[1] Kossin, James P., Emanuel, Kerry A., Vecchi, Gabriel A.: The poleward migration of the location of tropical cyclone maximum intensity. Nature 509, 349–352 (2014ko maiatzaren 15a). DOI: 10.1038 / nature13278

[3] NOAA News: Study: Expanding Tropical Belt Could Affect Climate. (2007ko abenduaren 3a)

[4] Seidel, Lian J.; Fu, Qiang; Randel, William J.; Reichler, Thomas J.: Widening of the tropical belt in a changing climate. Nature Geoscience 1: 21-24 (2008) DOI:10.1038 / ngeo.2007.38.

[5] Lu, Jian; Deser, Clara; Reichler, Thomas: Cause of the widening of the tropical belt since 1958.

Geophysical Research Letters, vol. 36, L03803 (2009). DOI: 10.1029 / 2008GL036076

[6] Brahic, Catherine: Drought warning as the tropics expand. New Scientist, 2009ko otsailaren 1a.

[7] Steve Turton, Ingurumen eta Lurraren Zientzien Eskolako irakaslea; James Cook Unibertsitatea, Australia.

[8] The World Bank: Poverty Overview


Egileaz: Antonio Cantó (@lapizarradeyuri) La pizarra de Yuri blogaren egilea da

Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.