Sopcawind, telekomunikazioetan parke eolikoek eragin ditzaketen interferentziak aztertzeko softwarea

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Sopcawind

SOPCAWIND software-tresnaren bidez, errazago diseina daitezke parke eolikoak, kontuan hartuta, ez bakarrik energia ekoizteko gaitasuna, baita parke eolikoak ingurumenean eta inguruko telekomunikazio-sistemetan —hala nola radarretan— duen eragina ere. Tresna horren bidez, zarata akustikoa ere ebaluatzen da, eta, harekin batera, inguruko etxebizitzei egiten zaien itzala ere bai. Gainera, tresna horrek ondarea babesteko irizpide batzuk ezartzen ditu, bai eta garraio-sareetarako eta beste instalazio batzuetarako gutxieneko distantziak ere. Oraintsu aurkeztu dute SOPCAWIND software-tresna EWEA 2014 Annual Event-en, energia eolikoaren Europako azoka garrantzitsuenean, eta tresna horren garapenean parte hartu du UPV/EHUko Seinalearen Tratamenduaren eta Irrati-komunikazioen Taldeak (TSR).

Parke eoliko bat sortzeko prozesuan, baliabidea behar bezala aprobetxatuko dela eta planifikazio egoki bat, ahalik eta kalte gutxien eragitekoa, egiten dela bermatzeko, hainbat faktore eduki behar dira kontuan: “Parke eoliko bat diseinatzean kontuan hartu beharreko parametro nagusia haizea edo potentzial eolikoa da. Eta beste faktore bat, oso garrantzitsua hori ere, lurraren orografia da” azaldu du David de la Vegak, UPV/EHUko Seinalearen Tratamenduaren eta Irrati-komunikazioen Taldeko (TSR) kideak. “Bi faktore nagusi horiez gain, ordea, nabarmentzekoak dira ingurumen-faktorea eta beste batzuk, agian ez hain bistakoak, hala nola telekomunikazio-zerbitzuak (radar meteorologikoak, hegazkin-trafikoa kontrolatzeko radarrak, irrati-nabigaziorako laguntza-sistemak, telebista, datuen irrati-estekak eta abar…)”. Askotan gertatzen da telekomunikazio-zerbitzua ez dagoela parkearen ondoan, “baina parke eoliko batek 10-20 kilometrora dagoen radar baten seinalea alda dezake, nahiz eta interferentziak ez diren oso ohikoak” azaldu du Seinalearen Tratamenduaren eta Irrati-komunikazioen Taldeko (TSR) kideak.

SOPCAWIND europar proiektuari esker, UPV/EHUko TSR taldea parke eolikoen diseinua errazten duen tresna bat garatzeko prozesuan parte hartzen ari da. Tresna horrek kontuan hartzen ditu, ez bakarrik energia-ekoizpenarekin lotutako alderdiak, baita ingurumenean eta beste telekomunikazio-sistema batzuetan izan dezakeen eragina ere, hala nola radarretan.

Parke eolikoen eraginari buruzko ikerketak

Aplikazio bakarrean diziplinarteko datu-base konplexu bat duen lehen software-tresna da SOPCAWIND. Datu-base horretan, lehendik aipatu ditugun irizpideetarako datu guztiak biltzen dira, eta, haiekin batera, azterketa horiek egiteko beharrezkoak diren algoritmoak. Funtzionalitate horiekin guztiekin, sustatzaileak errazago diseina dezake parke eolikoa, eta jakin badaki aurretik aipatu ditugun alderdi horiek kontuan hartuko direla parkearen diseinu-prozesuan, eta, hala, kalteak saihestuko direla. “Tresna honi esker, batetik, askoz errazago diseinatzen da parke eolikoa, eta, bestetik, sustatzaileak aurrez badaki zer kalte eragin dezakeen, eta kalte horiek saihesteko moduan diseina dezake parkea, beharrezko aldaketak eginda” azaldu du David de la Vegak.

UPV/EHUko Seinalearen Tratamenduaren eta Irrati-komunikazioen Taldeak (TSR) ekarpen hau egin du, nagusiki: parke eolikoak radarretan, hegazkinen nabigazioko laguntza-sistemetan eta beste telekomunikazio-sistema batzuetan izan dezakeen eragina ebaluatzeko algoritmoak garatu ditu. “Parke eolikoek telekomunikazio-sistemetan (TBa, datuen irrati-estekak, radarrak eta hegazkinen irrati-nabigaziorako laguntzak) duten eragina zenbatekoa den jakiteko algoritmoak osatu ditugu, eta tresnan txertatu ditugu.

Parkearen eraginari buruzko ikerketa horiek parkea instalatu aurretik egiten direnez, interferentziak detektatzen laguntzen dute, halakorik egonez gero, eta, hala, eragin horiek saihesteko aldaketak egin ditzake sustatzaileak”. Modu horretan, parkeen eraginari buruzko ikerketek aukera ematen dute energia eolikoa zabaltzeko, baina telekomunikazio-zerbitzuei kalterik egin gabe.

SOPCAWIND proiektuak EBren laguntza jasotzen du, VII. Esparru Programaren barruan, eta Europako partzuergo batek osatu du. Partzuergo hori kide hauek osatzen dute: Tecnalia, UPV/EHU, GeoX (Hungria), 3E (Belgika), Anemos (Alemania) eta Eurohelp (Espainia).

Iturria: I. Angulo, D. de la Vega, I. Cascón, J. Cañizo, Y. Wu, D. Guerra, P. Angueira. “Impact analysis of wind farms on telecommunication services”. Renewable and Sustainable Energy Reviews 32: 84-99. (2014). DOI: 10.1016/j.rser.2013.12.055

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.