Kannabinoideak, minbiziaren balizko etsaiak

Dibulgazioa

Kalamutik eratorritako zenbait substantziak minbizia duten gaixoen mina arintzeko balio dute, hori gauza jakina da. Baina azken urteotako ikerketa batzuek iradokitzen dute gaitzari berari erasotzeko ahalmena ere badutela kannabinoideek. Leire Uriguen EHUko Farmakologia Saileko kideak gaiari buruz hitz egin du Uda Ikastaroetan.

1975ean Antineoplastic activity of cannabinoids izeneko artikulu bat argitaratu zuten AEBtako Minbiziaren Institutuaren aldizkarian. Kalamutik eratorritako substantzia batzuek biriketako kartzinomaren hazkundea moteltzeko balio zutela azaltzen zen bertan, saguekin egindako esperimentu batean oinarrituta.

Horixe da kannabinoideek minbizian izan dezaketen efektuaz inoiz argitaratu den lehen artikulua. Horren ondotik 22 urteko etena izan zen: 1999ra arte ez zen plazaratu gaiaren inguruko beste ikerketarik. Izan ere, kalamuak kontsumorako droga gisa duen hedapenaren ondorioz, gaur egun ere traba handiak dituzte ikertzaileek, kannabinoideen potentzial terapeutikoei buruzko ezagutza handitzen ahalegintzeko.

Horren harira, tumoreen aurka kannabinoideek izan dezaketen balizko potentzialaz jardun du Leire Uriguen EHUko Farmakologia Saileko ikertzaileak, aurtengo Uda Ikastaroetan. Ondo erabiliz gero, jakina da THCak eta kalamutik eratorritako beste zenbait substantziek minbizia duten gaixoen mina arindu dezaketela. Baina azken hamabost urteotan saguekin egindako ikerketek iradokitzen dute hori baino gehiago ere egin dezaketela: tumoreei eraso. Hala ere, Uriguenek esan bezala, oraingoz zantzuak besterik ez dira: “Gaur egun, ebidentzia zientifikoak ez digu ezer esaten tumoreen aurkako efektuez. Oinarrizko ikerketan gero eta zantzu gehiago ditugu, baina animalietatik gizakietara igaro beharra dago”.

Kalamuak kontsumorako droga gisa duen hedapenak zaildu egiten du ikerketa
1. irudia: Kalamua. Kalamuak kontsumorako droga gisa duen hedapenak zaildu egiten du ikerketa. Argazkia: Don Goofy / CC BY 2.0

Dena dela, oinarrizko ikerketa horiek iradokitzen dutena kontuan hartzeko modukoa da. Uriguenen arabera, badirudi kannabinoideak tumoreen hedapenari enbarazu egiteko gai direla, eta prozesuaren puntu askotan, gainera. “Hazkundea ez ezik, angiogenesia eta inbasio ahalmena eragotzi dezaketela dirudi”, esan zuen hitzaldian.

Izan ere, tumore zelulak oso azkar ugaldu ohi dira, besteak beste angiogenesiaren bidez. Lehendik badituen odol-hodietatik abiatuta odol-hodi berriak sortzeko prozesua da angiogenesia. Tumoreari ezinbestekoa zaio hori egitea elikatzen eta hazten jarraitzeko, baina kannabinoideek hor oztopo egiteko balio dezaketela ikusi da lan batzuetan.

Gainera, apoptosia edo zelularen heriotza programatua kontrolatzen ere lagundu dezakete, itxuraz, kalamutik eratorritako zenbait substantziak. Izan ere, geneetan idatzita dago zelula mota bakoitzak noiz hil behar duen, eta beharrezkoa den eta berez erregulatuta dagoen prozesu horri deritzo apoptosia. Tumore zelulak patu hori saihesteko gai dira, ordea. Horregatik, kannabinoideak apoptosia bideratzeko baliagarriak direla frogatuz gero, oso lagungarriak lirateke minbiziaren aurka borrokatzeko.

Saguekin, emaitza positiboak

Gaiaren inguruan azken urteotan egindako ikerketen artean, Madrilgo Konplutentse Unibertsitateko ikertzaile batzuek bularreko minbizi jakin bati buruz argitaratutako artikulua aipatu zuen hitzaldian Uriguenek. Zehazki, ErbB2 positibo motako minbiziarekin egindako lana da. Bereziki gaiztoa da aldaera hori, bularreko minbiziaren aurkako ohiko tratamenduarekin emaitza kaskarrenak ematen dituena baita.

2. irudia: Leire Uriguen, Biologian doktorea eta EHUko Farmakologia Saileko ikertzailea. Argazkia: UPV/EHU
2. irudia: Leire Uriguen, Biologian doktorea eta EHUko Farmakologia Saileko ikertzailea. Argazkia: UPV/EHU

ErbB2 motako bularreko minbizia zuten saguak THC eta JWH-133 izeneko substantzia kannaboideekin tratatu zituzten ikerketa honetan, eta botika horiek hartu ez zituzten eta gaitz bera zuten beste sagu batzuekin alderatu. Batez ere THCak ekarri zituen emaitza aipagarriak. Izan ere, kannabinoiderik jaso ez zuten animalien %41ak lau tumore edo gehiago garatu zituen denbora tarte zehatz baten ondoren. Kannabinoideekin tratatutakoen artean, aldiz, bakar batek ere ez zituen lau tumore edo gehiago, eta metastasi kopurua ere nabarmen txikiagoa izan zen. Azaleko eta prostatako minbiziarekin egindako beste azterketa batzuek ere emaitza itxaropentsuak eman dituzte.

Hala ere, Uriguenek azpimarratu bezala, ikerketa klinikoak gizakiengana egin behar du jauzi, kannabinoideek tumoreei aurka egiteko duten eraginkortasuna baieztatu edo ezeztatuko bada. Legedia zorrotza da, ordea, eta gaur egun mina arintzeko besterik ezin dira baliatu THC eta antzeko substantziak minbizia duten pertsonengan. “Antsiolitiko moduan eman daitezke soilik”, azaldu zuen hizlariak.

Gizakiekin egindako lehen entsegua

Aipaturiko Konplutentse Unibertsitateko ikertzaileek Kanariar Uharteetako Unibertsitate Ospitalarekin elkarlanean egindako ikerketa bat da salbuespen bakanetako bat, eta kannabinoideek tumoreen aurka duten balizko efektua aztertzeko gizakiekin egindako lehenbizikoa. Glioblastoma multiformea zuten bederatzi pazienterekin egin zuten lan, zehazki. Izan ere, garuneko minbizi mota hau larria da oso, eta sendabiderik ez zutelako eman zitzaien ikertzaileoi kannabinoideekin entsegu klinikoa egiteko baimena.

THC bidezko tratamendu esperimental horrekin, bigarren kirurgiaren ondoren 99 astez bizi izan zen gaixoetako bat, eta 53 astez beste bat. Horiek izan ziren gehien iraun zuten bi pazienteak; “espero baino dezente gehiago”, Uriguenek adierazi bezala. Kontuan izan behar da minbizi mota hori diagnostikatzen den unetik, gaixoa urtebete baino ez dela bizitzen batez beste, eta ikerketa honetan parte hartu zutenek oso garatuta zeukatela gaitza entsegua hasterako.

Ikerketaren berri emateko artikuluan adierazi bezala, THCarekin alor honetan aritzea segurua dela egiaztatzeko balio izan zuen lanak, bai eta etorkizuneko gisa honetako ikerketetarako oinarri batzuk proposatzeko ere. Gaur egun beste entsegu kliniko batzuk ere badaude martxan, baina kannabinoideen inguruan dagoen tabua eta oztopo legalak tarteko, oso pixkanaka ari dira urratzen bidea.


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.