Garun arteko komunikazioa ez da telepatia bezain ikusgarria

Amaia Portugal

Lehenbizikoz, igorle batek pentsatutako mezu bat milaka kilometrora zegoen hartzaile baten burmuinera iritsi da, zentzumenik erabili gabe. Esperimentua aitzindaria bada ere, prozedura oso mugatua da, ikerketa esparru honetan asko baitago egiteke oraindik.

Lehen gainbegiratuan, irakurleari telepatia datorkio gogora, Bartzelonako Starlab laborategiko zenbait ikertzailek PlosOne aldizkarian argitaratu duten artikuluari erreparatzean. Baina hau ez da zientzia fikzioa, ikerketa baizik. Bi garunen arteko komunikazio zuzena ahalbidetu dute aurrenekoz, zentzumenen bitartekotzarik gabe. Dena dela, egiari zor, igorlearen mezuak ez du besterik gabe bere burutik hartzailearenera jauzi egin: hainbat gailu eta metodoren laguntzaz lortu dute helburua. Ez da balizko mezu telepatiko bat transmititzea bezain ikusgarria, baina erreala da.

Oinarrian, esperimentu honetan, Indian zegoen lagun batek kaixo pentsatu zuen, eta Frantzian zegoen beste batek garunean jaso zuen mezua. Baina laburpen horren atzean xehetasun asko dago. Izan ere, hasteko, mezuaren igorleak zein hartzaileak gailu bat zuten burmuinari konektatuta. Hala, ikerketan parte hartzen ari zen Indiako lagunak pentsatutakoa pultsu elektriko bilakatu zuten, bai eta agur hori, kodetuta, Frantziara Internet bidez iritsi ere. Bertan, prozesua atzekoz aurrera itzuli eta hala lortu zuten bigarren parte hartzaileak mezua jasotzea.

1. irudia: Mezua transmititzeko baliatu duten prozedura irudikatzen duen eskema. (Argazkia: Starlab)
1. irudia: Mezua transmititzeko baliatu duten prozedura irudikatzen duen eskema.

 

Hala ere, ikerketa alor honetan asko dago egiteke oraindik. Horregatik, ezin esan igorleak pentsatu eta bidali zuen mezua kaixo zenik zehazki, kaixo hitzaren itzulpen binarioa baizik. Hau da, informatika lengoaiari jarraiki, 1 eta 0 zifrez jositako kode bat izan zen, benetan, hartzaileak jaso zuena. Oraingoz gisa horretako oinarrizko metodoekin besterik ezin dira egin halako esperimentuak.

Eta ez hori bakarrik. Igorleari burmuina irakurrarazteko jarri zioten gailua ez da gai, gaurtik gaur, pertsona bat 0 edo 1 zifra pentsatzen ari ote den antzemateko, besterik gabe. Baina badu ahalmena bereizteko, adibidez, subjektuak noiz pentsatu duen oinak mugitu nahi dituela, eta noiz eskuak.

Hain zuzen ere, gaitasun hori baliatu zuten esperimenturako: 0 bat igorri behar zenean, Indiako mezulariak oinak mugitu nahi zituela pentsatzen zuen, eta 1ekoa igorri behar zenean, eskuak. Horietako bakoitza komunikatzeko 30 segundo behar izan zituzten guztira, eta hala osatu zuten hitz bakar bat irudikatzen duen kode binario osoa.

Hartzaileak mezua prozesatzeko egin beharreko bidea ere ez zen nolanahikoa izan. Frantzian zegoen lagun honek estalita zituen begiak, eta garunari lotuta zuen gailuak fosfenoa eragiten zion, kode binarioaren arabera 1eko bat iristen zen bakoitzean. Fosfenoa argi orban moduko bat ikusarazten duen fenomeno bat da, eta garun kortexean estimulazio mekanikoa, elektrikoa edo magnetikoa izaten denean gertatzen da. Hori horrela, nahiz eta begiak itxita izan, hartzaileak flash moduko bat ikusten zuen 1eko bat transmititzen zioten bakoitzean, eta ezer ez 0 bat bidaltzen ziotenetan. Hala, kode binarioa interpretatu eta mezua jasotzen zuen.

2. irudia: Mezuaren igorlea eta hartzailea. (Argazkia: Starlab)
2. irudia: Mezuaren igorlea eta hartzailea. (Argazkia: Starlab)

 

Ikertzaileok onartu dute garun arteko komunikazio zuzena ahalbidetzeko metodo hau oso mugatua dela, baina artikuluan adierazi bezala, kontzeptu proba edo proof of principle da honakoa; praktikan egingarria izan badela egiaztatzen du, behintzat.

Gainera, Starlab laborategiko kideok honakoa diote artikuluan, etorkizunari buruz: “Gehiago garatutako gisa honetako inplementazioek ikerketa esparru berriak zabalduko dituzte neurozientzia kognitibo, sozial eta klinikoan eta kontzientziaren ikerketa zientifikoan. Egunen batean, hiper interakziorako teknologiek inpaktu sakona izango dute gure zibilizazioaren egituran, eta eztabaida etiko handiak eragingo dituzte. Hala iruditzen zaigu”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Grau C, Ginhoux R, Riera A, Nguyen TL, Chauvat H, et al. (2014) Conscious Brain-to-Brain Communication in Humans Using Non-Invasive Technologies. PLoS ONE 9(8): e105225. doi: 10.1371/journal.pone.0105225

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>