Izarren hautsa

Mugaldea

Gehiegi erabili da, batez zientzia-dibulgazioko esparruetan, eta ulergarria da zientzialariak berarekin nazkatuta egotea, toki eta une orotan entzun izan delako. Hala ere, badirudi orain zilegi zaigula: “izarren hautsaz” mintzatuko gara.

Literatur leloak alde batera utzita, metafora eder bat dugu tartean: izarrak labeen antzerakoak dira, batzuetan zein besteetan, inguruko osagaiak sortu eta eraldatzen baitira. Bizia bideratzen duten elementu kimikoez ari gara, izarren kasuan.

Bideo honetan, Emilio García (IAA-CSIC) eta Susana Escudero (Canals Sur Radio) dibulgatzaile bikainak agertzen dira, izarren barruan elementu kimikoak nola sortzen diren azaltzen.

Stardust espazio-ontzia (hitzez hitz, izar-hautsa espazio-ontzia), izarren hauts hori aztertzeko lan-tresna nagusia izan da ikerlarientzat luzaro.

1999ko otsailaren 7an igorri zen espazio-ontzia, Cabo Cañaveraletik (Florida), Delta II kohetearen barruan. Partikula-laginak hartu nahi zituzten 81P/Wild kometaren adatsean. Wild 2 izena ere bazuen kometak, eta Jupiterrerako bidearen erdialdean laginak hartu eta Lurrera itzuli nahi zituzten, kapsula batean. Kapsula honek lur hartu zuen Utahko basamortuan, 2006ko urtarrilaren 15ean.

Baina espazio-ontziaren lana ez zen hor bukatu, eta beste gauza baterako birkonfiguratu zuten: Stardust-Next izeneko topaketa bat egin nahi izan zuten espazio-ontziaren eta Tempel-1 kometaren artean. NASAk, bere burua goraipatzeko egin zuen, rendez-vous edo maitasunezko hitzordu modura iragarriz topaketa. 2011ko otsailaren 14an egin zuten.

Eta gauza gehiago egin zituen Stardustek. 2002an, Annefrank asteroidearen gainetik igaro zen. Orain, Science aldizkarian joan den ostiralean plazaratutako alean, zientzialariek esan dute beren ustez estreinako aldiz aurkitu dituztela izar arteko esparrutik eguzki-sistemara iritsitako hauts partikula kosmiko garaikideak.

Partikula hauek biltzeko, nolabait esateagatik, arrantzan atera behar izan zuen espazio-ontziak. Eguzki-sisteman zehar zihoala hartu zituen partikulak, 2000. urteko udaberrian eta 2002. urteko udan. Ohi bezala, sareak hedatu eta espero ez diren objektuak harrapatzen dira, besteak beste espazio-ontzien 50 hondar.

Izugarrizko aurkikuntza da baina zientzialariak ez zebiltzan horren bila. Berez, kometetatik hartutako hauts partikulak lortu nahi zituzten, izarren arteko esparrutik etorriak izango zirelakoan.

1. irudia: Aerogelezko hauts-bilgailua. Argazkia: NASA/JPL
1. irudia: Aerogelezko hauts-bilgailua. Argazkia: NASA/JPL.

Partikulak asko izan ziren, 100 milioi gutxi gorabehera, eta horren ardura zuten zientzialariek laguntza eskatu behar izan zieten hainbat borondatezkori. 30.770 kidek lagundu zuten partikulak lokalizatzeko eta banatzeko lanetan, hau da “lastotik hauts garauak” bereizteko lanetan.

Stardusteko hautsa harrapatzea lan bitxia da, eta bitxiak dira horri egiteko erabili izan dituzten sareak. Bere egituran, bi alde dituzte. Alde batean, Wild-2 kometara hurbiltzen zihoazela harrapatzen zituzten laginak hartzen ziren, kometatik 149 km-ra. Beste aldean, espazioaren huts ia absolutuan gertatutako talkak erregistratzen zituzten, izar arteko hauts laginak aurkitu nahirik.

Horretarako, espazio-ontzia egokiro orientatu eta hauts partikulei talka egiten utzi, besterik ez zen egin behar. Hori dela, lan horren alderdi oso garrantzitsua zen partikulen abiadura jaitsaraztea. Ahal bezainbeste saihestu behar zen igurztea, bero handiegirik ez sortzeko, eta ondorioz partikulen forma eta konposizio kimikoari ez eragiteko. Areago, partikulak lurrunaraztera ere irits liteke bero hori.

2. irudia: Esperimentu batean aire-pistola espezial bat erabili zen, partikulak aerogel gainean abiadura handiz igortzeko. Argazkian, gertutik ikus daitezke bai aerogelean harrapatutako partikulak, bai partikulek atzean utzitako arrastoa. Argazkia: NASA / JPL-Caltech
2. irudia: Esperimentu batean aire-pistola espezial bat erabili zen, partikulak aerogel gainean abiadura handiz igortzeko. Argazkian, gertutik ikus daitezke bai aerogelean harrapatutako partikulak, bai partikulek atzean utzitako arrastoa. Argazkia: NASA / JPL-Caltech.

Probak ez galtzeko, laginketa-bilgailu berezi bat diseinatu zen: 1.000 cm2-ko azalerakoa, tenis-sarepala itxurakoa eta aluminiozko gelaxkaz osatua. Bilgailuan ezaugarri oso bereziak zituen materiala zegoen: aerogela. Silizioan oinarritutako solidoa den aerogel honek, beirarena baino mila aldiz txikiagoa den dentsitatea du, eta belaki itxura dauka, poroak eta guzti. Bere bolumenaren %99.8a, hutsik dago.

Partikulak, aerogela kolpatu eta bertan “lurperatzen” dira, arrasto bat utzita. Azenario itxurakoa omen du arrasto horrek. Balen aurkako txaleko batean bezala, partikula bere abiadura gero eta gehiago moteltzen doa aerogelean zehar. Bere arrastoa utzita, azkenean partikula gelditu egiten da, aerogelean harrapatuta.

Partikulak giza ilea bezain meheak dira, eta zientzialariek, balaztatze baten arrastoaren antzeko zerbait ikusi dute partikulen arrasto horietan. Edonola, arrastoak oso lagungarriak dira partikulak beraiek lokalizatzeko.

3. irudia: Hauxe da Stardusteko aerogelezko bilgailuetan aurkitu den arrastorik handiena: 3 pikogramoko partikula batek sortutako 35 mikrako zuloa. Partikula talka egitearekin batera lurrunduko zen, abiadura handiz iritsita. Argazkia: Andrew Westphal, UC Berkeley.
3. irudia: Hauxe da Stardusteko aerogelezko bilgailuetan aurkitu den arrastorik handiena: 3 pikogramoko partikula batek sortutako 35 mikrako zuloa. Partikula talka egitearekin batera lurrunduko zen, abiadura handiz iritsita. Argazkia: Andrew Westphal, UC Berkeley.

Orain arte bildutako partikula guztien artean, zazpi izan dira zientzialarientzat bereziki interesgarriak izan direnak. Andrew Westphal, fisikari modura ari da lanean Kaliforniako Unibertsitateko (Berkeley) Zientzia Espazialen Laborategian, eta bere hitzetan, “ garau handienak, esponjatsuak dira, elur malutak bezala; garau txikienek oso konposizio kimikoa eta egitura desberdinak dituzte. Zazpi partikula horietatik bi handienak material kristalinoz osatuak daude; material hori burdina edo magnesio-silikato bat da, olibino izenekoa. Hori dela eta, pentsa genezake izar arteko esparruan eraldatuko zirela eta beste izar batzuen inguruko eraztunetatik etorritakoak izango zirela partikulak. Edonola, hasieran uste genuen baino bilakaera korapilatsuagoa eta anizkoitzagoa izango zuen izar arteko hautsak”.

Partikula hauetako biri, izena eman zaie: Orion eta Hylabrook. Sakonago aztertuko dituzte bi hauek, eta oxigeno isotopoaren kantitatea finkatuko dute, eguzkiz kanpoko jatorriaren aldeko ebidentzia gehiago aurkitzeko.

Hala eta guzti, zientzialari guztiek diote proba gehiago egin behar direla, eguzkiz kanpoko esparruetatik heldutako hondarrak direla baieztatu baino lehen. Benetan handik etorri badira, izar arteko hautsaren bilakaera ulertzeko laguntza eman liezagukete partikulek.

Oraindik ere, aztertzeke dago gutxi gorabehera Stardusteko aerogelezko panelen erdia, eta Westphalek uste du dozena bat hauts partikula besterik ez dutela aurkituko.

Erreferentziak

Westphal, Andrew J. et al (2014) Evidence for interstellar origin of seven dust particles collected by the Stardust spacecraft. Science Vol. 345 no. 6198 pp. 786-791. DOI: 10.1126/science.1252496


Egileaz: Javier San Martín (@SanMartinFJ) kazetaria da, eta artikulu hau “Activa Tu Neurona” blogaren (@ACTIVATUNEURONA) kolaborazioa da Zientzia Kaierarekin.


Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.