Asteon zientzia begi-bistan #30

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?

Argazkia: Juan Lameirinhas
Argazkia: Juan Lameirinhas

Egun ikertzaileek, guretzako ere ezagunak diren, tresna teknologikoak dituzte lanerako erreminta bezala. Besteak beste, ordenagailuak. Konputazioak eredu handiak simulatzen laguntzen du, egoerak irudikatzen eta baita ere, datu kopuru erraldoien analisiak burutzen. Baina ordenagailu bat erabiltzeak ez du esan nahi makian dena eginda ematen dizunik. Koldo Garcia biologo konputazionala da, ordenagailuekin lan egiten du eta kezka bat agertuz Edonola blogean azaltzen digu ordenagailuekin lan egitea ez dela klik soil bat egitea: Klik egitea bezain erreza balitz…

Ezin dugu ukatu teknologiak erraztu egin digutela bizitza baina dena ez da hain sinplea eta erraza. Honek baditu ere bere alde ilunak. Iker Tubia kazetariak Berrian erreparatzen dio gaiari. Izan ere, kotxeek, igogailuek, robotek…, teknologiak oro har erosotasuna ekarri digu baina sedentarismoa ere. Eta ez da ez nolanahiko kontua. Izan ere, Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) dioenez, urtean 5,3 milioi lagun hiltzen dira sedentarismoaren erruz: Erosotasunetik altxatu beharra.

Teknologiarekin jarraituko dugu baina atzera begiratuz. Nagore Irazustabarrenak Argia aldizkarian historiako lehen itsaspekoa aurkezten digu, Cornelius Drebbel (1572-1633) asmatzaile herberehetarrak egindakoa. Itsaspekoa Tamesis ibaian probatu omen zuten 1620. urtean edo 1621ean baina Britainiar Armadak ez zion gailuari erabilera militarrik aurkitu eta ahaztuta gelditu zen hiru mende beranduago arte: Itsaspekoak ez omen zuen etorkizunik.

Eta aurrerapausoekin jarraituz, aste honetan oso teknologikoak izan gara sarean, Eider Cartonek Elhuyar aldizkarian dakarkigun teleskopio berri bati jarriko diogu arreta: Zelula barruko jarduera 3Dn eta denbora errealean ikusteko mikroskopio berri bat. Gailu berri hau eskala txikian gertatzen diren prozesu biologikoak ikusteko gai da. Mikroskopio optiko honek enbrioi baten hasierako garapena edota banakako proteinen mugimendua jaso ditzake denbora errealean eta 3Dn.

Mikroskopio optiko batekin eskala txikiko prozesuak ezagutzeko aukera badugu, agian horrelako bat erabili beharko dugu ere oso gauza txikiak existitzen direla ikusteko: hitz ñimiñoak. Itziar Laka hizkuntzalariak Zientzia Kaiera blogean eman digu gizakiontzat ikusezinak diren hitz honen berri. Hizkuntza guztietan daude, hitz potoloen ondoan doaz toki propiorik ez balukete bezala. Ez, hau, nor, gabe, da, dut, nau bezalako hitzak dira, gure hizkuntza eta gramatika eraikitzen dute baina ez ditugu ikusten. Zergatik ote? Hitz ñimiñoen kasu harrigarria.

Duela hamar urte Indonesiako Flores uhartean ordura arte ezagutzen ez zen giza espezie berri baten aztarnak aurkitu zituztela jakinarazi zuen ikerketa-talde batek Nature aldizkarian. Espezi berria Homo floresiensis izenarekin bataiatu zuten, eta asteon Ana Galarragak kontatzen digu Elhuyar aldizkarian hamar urte pasa ondoren ezin izan dutela argitu, lehenengo hominidoen antza ei duen, espezi honen jatorria aurkitu: Hamar urte, eta oraindik ez da argitu Homo floresiensis-en misterioa.

Homo floresiensis-en jatorria, ez da ikertzaileei ihes egin dien gauza bakarra. Amaia Portugal kazetariak hiesari ihes egiten diotenei begira jarri gaitu Zientzia Kaiera blogean. Kontua da, pertsona batzuk berez daudela babestuta GIBetik. Ondorioz, infektatuta dagoen inorekin arrisku praktikak izanda ere, ez dira inoiz kutsatzen. Eta ikertzaileek jakin nahi dute zerk egiten dituen immune etorkizunean hiesaren birusaren aurkako txerto bat garatzeko.

Karbono-nitrogeno ratioa da Jon Ander Galarraga biologoak Konpostazank! blogean asteon jorratu duen gaia. Zer da eta zertarako balio du karbono-nitrogeno ratioak? Konpost-gailuko elementu kimiko garrantzitsuak dira biak: karbonoak energia ematen duen azukreen zati baita eta nitrogenoa, beharrezkoa da bizidunen proteinak eraikitzeko.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.