Seinaleak etorkizunekoentzat

Dibulgazioa · Mugaldea

Espezie batek jakingo balu suntsipena gertu duela, etorkizun ziur horrekin jakitun balego, desagertu baino lehen ziur aski ahaleginak egingo egingo lituzke bera ere planeta honetan bizi izan zela helarazteko Lurreko edo Lurretik kanpoko bizidunei. Baliteke bere ezagumenduaren zati bat helarazi nahi izatea, eta jakitekotan edo susmatzekotan, bere suntsipenaren arrazoien berri helaraztea ere. Esango zieten ustezko entzule horiei, espezie horretako kideak milaka urtean zehar jaio, hazi, aurrerapenak egin, eta eboluzionatu zutela bizitzeko toki bat eskaini zien planetan. Carl Saganek diseinatutako Pioneer direlakoen plakak, ez zeuden horretarako pentsatuta, baina gizakion berri helaraz liezaiekete bestelako bizidunei, gizakiok desagertu egingo bagina.

Eta hala gertatuko balitz, eta gu bezain adimentsu den espezie batek hartuko baligu tokia planetan, baliteke espezie berri horien zientzialariek aurkikuntza bat egitea: marka simetriko batzuk, lerro paralelo batzuk, beste lerro perpendikular batzuekin gurutzatuta, “hiru lerroan” jolasteko moduko saretxo bat aurkituko lukete, non eta iberiar penintsulako hegoaldeko itsaso ondoan, kobazulo baten gunerik garaieneko gailur estrategiko batean, bi galeriaren erdian, lurretik hainbat zentimetro ateratzen den harri batean. Markak erraz ikusteko eginak lirateke, eta haiei esker, etorkizuneko arraza horretako zientzialariak, ohartuko lirateke haiek ez direla planeta honetan egon diren lehenengo gizakiak.

Foto-21
1. irudia: Gibraltarko Gorhameko kobazuloan aurkitutako markak.

Egungo gizakiok ere gauza bera egin dugu: Gibraltarko Gorhameko kobazuloan aurkitu ditugun markak tribu baten agurra izan litezke. Kosmosarekin bat egiteko azken saioa, talde hartako indibiduoak desagertzen zihoazela ikusita. Agian Neandertalgo gizakiek egin zituzten ahalegin horiek, “hemen izan nintzen” esan eta desagertu baino lehen bere aztarna batzuk uzteko. Etorkizunekoak garen gizakioi utziko zigun mezua, nori iritsiko zitzaion jakin gabe ere.

Berez, ez dakigu markek zer esan nahi duten, edo zein erabilera ematen zieten, baina edonola, ematen du egileek ahalmena zutela pentsamenduak sinbolikoki irudikatzeko. Gainera, aztarna ederra utzi digute: marrazkiak hurbil daude simetriko izatetik, eta simetria oso gizatiarra da.

Zalantzetan ere ibili gara simetria egungo gizakiona ala beste Neandertalgoena bezalako gizakiena ere ote den. Gorhameko aurkikuntza hau eginda, baiezta genezake Neandertalgo gizakiek bazutela nahiko abstrakzio-ahalmena. Kataluniako Giza Paleontologiako Institutuko Euldad Carbonell zuzendariak kontua laburbildu du “oso garrantzitsua da espezie pribilegiatu bakarra ez garela ohartzea”.

2. irudia: Gibraltarko Gorhameko kobazuloan aurkitutako marken ezaugarrien deskripzioa.
2. irudia: Gibraltarko Gorhameko kobazuloan aurkitutako marken ezaugarrien deskripzioa.

Grabatua

Ikerketaren egileek PNASen argitaratutako artikuluan, esan dute hainbat milimetroko lodiera duen grabatu hauek 39.000 bat urte dituztela. Alegia, ezin pentsa dezakegu egungo gizakiek eginak direnik, zeren azken hauek beranduago iritsi baitziren penintsulako alde horretara. Grabatua, alde leun batean kokatua dago, harrizko plataforma natural baten erdialdean. Plataformak metro koadro bat dauka, eta 40 cm-garaiera, kobazuloaren zulotik neurtuta.

Gutxi gorabehera 300 zentimetro koadroko azalera estaltzen du, eta 8 lerro sakonez osatua dago. Badu gurutzamendu patroi bat, nonbait osatu gabea, bi lerroko multzo batek eta hiru lerroko beste multzo batek zeihar zeharkatua. Lerro hauek, laburragoak eta meheagoak dira.

Gaur arte kontserbatu izana, posible izan da bere gainean hainbat sedimentu pilatu direlako, gutxienez 40 cm-ra iritsi arte. Sedimentuek babes-pantaila modura jokatu dute.

Grabatua, IV mailan aurkitu da, eta maila horren datazioak beste ustekabe bat ekarri digu. Radio eta karbono bidezko metodoaren arabera, Neandertalgo gizakien maila hori 38.500-30.500 urteko tartean legoke. Hots, baliteke Gorhameko kobazuloa Neandertalgo gizaki berantiarren biziraupenaren azken txokoa izana penintsularen hegoaldean.

Neandertal artea?

Gauzen esanguraz galdetzea ere bada giza izaeraren osagaietako bat, eta hau ere, suma daiteke grabatu honetan.

Grabatua errepikatzeko ahaleginak egin izan dira, arkeologia esperimentalean oinarrituta. Ondorioz, ikerlariek aurkitu dute lana zehaztasun handiz egina dagoela, hari litikoak forma geometrikoak lortu arte behin eta berriz eta ardura handiz zeharkatuta.

Zientzia Kulturako Kaiereko egile batzuek, hausnarketa egin dute artearen eta zientzien arteko muga betean ibilita. Raúl Ibáñezek, proposatu zigun matematikaren ikuspegitik ere bisitatzea museoak, eta orain dela gutxi, Euskal Herriko Unibertsitateko uda-ikastaro batean, publikoak edertasunari buruz egindako galdera ugariri erantzun behar izan zieten artistek, matematikariek eta olerkariek. Ikastaroa, Matemoción ataleko egilekide den Marta Machok zuzendu zuen.

Gorhameko markak baino askoz ere berriagoa da antzinako Erromaren arkitektura zibila. Aberatsentzat egiten baldin bazen, arkitektura horrek lotura estuak zituen besteak beste simetriarekin.

3. irudia: Jordi Rosell ikerlaria, Gran Dolina (Atapuerca, Burgos) aztarnategian.
3. irudia: Jordi Rosell ikerlaria, Gran Dolina (Atapuerca, Burgos) aztarnategian.

Jordi Rosell, Rovira i Virgili Unibertsitateko ikerlari eta irakaslea da, gorago aipatutako paleontologia-institutuari atxikia. Rosell jaunak, esan digu taldekideetako batek azpimarratu egin nahi zuela Neandertalgo gizakiek lerrotan eta angelu zuzenetan pentsatzen zutela. “Eta matematikako eskema hori oso esanguratsua da. Ez dakit artea den ala ez, baina edonola, kode bat edo sinbolo bat transmititzen du, denboraz harantzago doan seinale bat.

Rosellek dio oraintxe hasi dela lanaren alderdirik garrantzitsuena, zeren eta orain historiaurreko artean eta sinbologian aditu diren batzuek aztertuko baitute grabatua. “Haiek azterketa zorrotzagoak egingo dituzte eta agian aukera izango dute sinboloaren benetako esangura edo gutxienez berari buruzko datu zehatzagoa erdiesteko. Izan ere, hominido hauei gero eta modernotasun gehiago egozten goaz, eta gurekin gero eta antz gehiago sumatzen diegularik, gero eta ulergaitzagoa bilakatzen ari da beren suntsipena. Hona nire galdera: zergatik haiek eta ez gu?

Erreferentziak

  • Joaquín Rodríguez-Vidala, Francesco d’Errico, Francisco Giles Pacheco, Ruth Blasco, Jordi Rosell, Richard P. Jennings, Alain Queffelec, Geraldine Finlayson, Darren A. Fa, José María Gutiérrez López, José S. Carrión, Juan José Negro, Stewart Finlayson, Luís M. Cáceres, Marco A. Bernal, Santiago Fernández Jiménez, and Clive Finlayson. “A rock engraving made by Neanderthals in Gibraltar”. PNAS September 2, 2014.doi: 10.1073/pnas.1411529111
  • Fernández Vega, Pedro Ángel. La casa romana. AKAL. Madrid. 2003.
  • Sobre los orígenes del Arte, Zientziatekan Marcos García UPV/EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko irakasleak emandako hitzaldia.

Egileaz: Javier San Martín (@SanMartinFJ) kazetaria da, eta artikulu hau “Activa Tu Neurona” blogaren (@ACTIVATUNEURONA) kolaborazioa da Zientzia Kaierarekin.


Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.