Migrazio epikoak

Dibulgazioa · Mugaldea

Lurrean espezie askotako milioika indibiduok migratzen dute urtero. Maiz emititzen da telebistatik ñuek nola zeharkatzen duten Mara ibaia. Krokodiloak ondoan dutela mehatxuka, milaka indibiduok zeharkatzen dute ibaia, jazarrita, eta batzuk hil ere egiten dira.

Batzuetan, belaunaldi bat baino gehiago doaz bidaian migrazioa denean. Adibidez, Kardera tximeletek (Vanessa cardui espezieak) Hego Europan edo Ipar Afrikan ematen dute negua, eta Islandiaraino ere iritsi daitezke iparrerantz. Antzera egiten dute Monarka tximeletek, Ipar Amerikaren zati handi bat zeharkatzen dutelarik bere migrazioan. Hain zuzen ere urteko sasoi horietan, Iberiar Penintsulako padurak negua igarotzeko toki izaten dira euli-txori beltzentzat eta euli-txori arruntentzat. Txori hauek, 3.000 kilometro egin ditzakete gelditu gabe; baditugu era berean antzara komunak, gabai mediterranearra…; azken hauek, Balear Uharteetan txitatzen dute, baina Bizkaiko Golkoan berritzen dituzte beren lumak; badaude zanga atlantiarrak ere eta abar.

migrazioa"
1. irudia: gabai mediterranearra. (Argazkia: ©Javier Giménez Martín. www.fotodenaturaleza.com)

Historian zehar, teoria bitxi ugari sortu dira, hegazti hauek negua non ematen duten asmatu nahirik. Aitzinean, oker zebiltzan eta uste zuten enarak urmaeletako edo aintziretako lokatzean edo ur azpira sartzen zirela, zeren eta udazkenean maiz ikusten baitziren enara taldeak, hezeguneetan, landaretzan nonbait kokatuta. Itsasoan, hegaztiez gain, bale asko eta goiko irudian ikus daitekeen balea konkorduna motakoak ere, poloetan egoten dira udan, erreserbak berreskuratzen; bertan erditzen dira eta latitude beroagoetan ematen diete bularra beren kumeei, Ozeano Barean, eta Ozeano Atlantikoan. Hala egiten dute, itsasoan zehar milaka kilometroko ibilbideak egin ostean. Migrazioa, epopeia bat da, tragedia greziarren pareko bidaia epiko bat.

Beti ere itsasoari begira, hainbat ikerketak migrazio bat aztertu dute berriki. Migrazio apal bat baina besteak bezain deigarria: dortoka boboaren (egiazko kareta) migrazioa.

Migrazioa eta kolonizazioa

Egiazko kareta (Caretta caretta espezieak), ehunka kilometroko migrazioak egiten ditu, bere jantokietara iristeko. Gero, jaio zen tokira itzultzen da, bertan arrautzak erruteko. Hala ere, ikerketa berrien emaitzek, egiaztatu dute eme guztiak ez direla beren jaioterrira itzultzen, eta nahiko maiz kolonizatzen dituztela lurralde berriak.

Lluís Cardona, lanean ari da Universitat de Barcelonako Animali Biologiako sailean, eta baieztatu du “filopatria ez dela lehen uste zen bezain ona, eta kolonizazio berriek arrastoak ematen dizkigute ingurune-aldaketei emandako erantzunen mekanismoak nolakoak diren jakiteko”.

Espezie hau suntsitzeko arriskuaren pean dago mundu mailan, baina hala ere, bera da ugariena Mediterraneoan. Orain arte, uste zuten dortoka Ipar Amerikatik eta Karibetik iritsi zela Mare Nostrumera, azken glaziazioa gertatu ostean. Hala eta guzti, azken ikerketek, iradoki dute espezie honek askoz ere lehenago, hau da, 20.000-200.000 urte lehenago kolonizatu zuela egun gotorleku duena.

Gutxi gorabehera, duela 5 milioi urte dortoka hau nonahi zegoen Ozeano Atlantikoan eta Ozeano Barean. Panamako istmoaren igoerak bitan zatitu zuen populazioa, ozeano bakoitzari espeziearen erdi bana emanez. Cardonak dioenaren arabera, “Mediterraneoaren kolonizazioa uste baino lehenago gertatu zen, azken glaziazioa baino lehenago. Horrek esan nahi du dortokek gutxienez glaziazio bati eutsi behar izan diotela. Ziur aski, garai hartan inguru beroenetan aurkituko zuten babesa: Libia, Grezia eta Turkiaren kostaldeak”.

migrazioa
2. irudia: egiazko kareta dortokak (Caretta caretta espeziea) migrazioa du ezaugarrietako bat.

Ikertzaileek diote berez dortokak gutxienez bi fasetan kolonizatuko zuela Mediterraneoa. Lehenengo fasean, duela 50.000-200.000 urteko tartean gertatu zen eta Mediterraneoko ekialdeko mutura kolonizatzera iritsi zen. Bigarren fasea, azken glaziazioa gertatu ostean gauzatu zen, eta garai horretan dortokak aukera izan zuen Hego Italia, eta zehazkiago Calabriako zonaldea kolonizatzeko.

Oraindik ere aurrera jarraitzen du kolonizazioak?

Gertaera bakartzat jo izan da Mediterraneoaren hondartzen historian, baina baliteke joera aldatzen egotea. Carmonak dio goizegi dela ondorioak ateratzeko, eta oraingoz ezin esan dezakegula dortoka honen habia-egite saioak tenperatura-aldaketa bezalako ingurune-faktoreek eragin dituztenik. Izan ere, joan de udan, lau habia-egite saio antzeman ziren, 2013ra arte 6 aipu historiko baizik ez bazeuden ere.

Erraz uler daiteke hain habia-egite saio gutxi egon izana, hondartzetako tenperaturak kontuan izanda. Espainiako mediterranear kostaldeak hotzak direla esan izan da, eta hori dela eta, esan beharrekoa da arrautzak txitatzeko tenperaturaren arabera gauzatzen dela sexu bat edo bestea. Tenperatura behera doala, gero eta ar gehiago sortzen dira. Emeak dira jaio ziren tokietara erruteko itzultzen direnak, eta beraz, ulergarria da ugaltze saioak hain urriak izatea.

Baliteke uda honetako gertaerak gizakiek hareatzetan hartu dituzten ohitura berriek eragin izana. Izan ere, dortokek gauean erruteko ohitura dute, eta jaioberriak ere, gauean baizik ez dira ateratzen ausartzen. Ordu horietan gizakiak bertan badaude, dortokak erraz antzeman daitezke, baina gizakia bera ere eragile kaltegarria izan daiteke.

Cardonak, ziurtatu du ez desagertzeko, espezie gehienek nahiko izango luketela presioak apur batez behera egitea. Horretarako baina, ezinbestez onartu behar dugu espezie horiek bizirik daudela gure aldean.

Erreferentziak:

  • Brian M. Shamblin, Alan B. Bolten, F. Alberto Abreu Grobois, Karen A. Bjorndal, Lluís Cardona, Carlos Carreras, Marcel Clusa, Catalina Monzón Argüello, Campbell J. Nairn, Janne T. Nielsen, Ronel Nel, Luciano S. Soares, Kelly R. Stewart, Sibelle T. Vilaça, Oguz Türkozan, Can Yilmaz, Peter H. Dutton. «Geographic Patterns of Genetic Variation in a Broadly Distributed Marine Vertebrate: New Insights into Loggerhead Turtle Stock Structure from Expanded Mitochondrial DNA Sequences». PLOS ONE, 2014ko urtarrila. Doi:10.1371/journal.pone.0085956
  • Marcel Clusa, Carlos Carreras, Marta Pascual, Stephen J. Gaughran, Susanna Piovano, Cristina Giacoma, Gloria Fernández, Yaniv Levy, Jesús Tomás, Juan Antonio Raga, Fulvio Maffucci, Sandra Hochscheid, Àlex Aguilar, Lluís Cardona. «Fine-scale distribution of juvenile Atlantic and Mediterranean loggerhead turtles (Caretta caretta) in the Mediterranean Sea». Marine Biology, 2014ko martxoa. Doi: 10.1007/s00227-013-2353
  • Marcel Clusa, Carlos Carreras, Marta Pascual, Andreas Demetropoulos, Dimitris Margaritoulis, Alan F. Rees, Abdulmaula A. Hamza, Mona Khalil, Monica Aureggi, Yaniv Levy, Ogüz Türkozan, Adolfo Marco, Alex Aguilar, Luis Cardona. «Mitochondrial DNA reveals Pleistocenic colonization of the Mediterranean by loggerhead turtles (Caretta caretta) ». Journal of Experimental Marine Biology and Ecology, 2013ko urtarrila. Doi:10.1016/j.jembe.2012.10.011
  • De Haro, A., Capalleras, X., Budó, J. 2012. CARETTA.CAT Estudi de la viabilitat d’implantació d’una població nidificant de tortuga careta (Caretta caretta) a Catalunya. Treballs de la Societat Catalana d’Herpetología, 6. zbk. Barcelona: Societat Catalana d´Herpetologia. 44 orr.

Egileaz:

Javier San Martín (@SanMartinFJ) kazetaria da, eta artikulu hau “Activa Tu Neurona” blogaren (@ACTIVATUNEURONA) kolaborazioa da Zientzia Kaierarekin.


Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.