Asteon zientzia begi-bistan #39

Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?.

Argazkia: Per Harald Olsen
Argazkia: Peter Harald Olsen

Esan esan beharrekoak, niri bost!” dirudi dioela argazkiko azeri polarrak. Bost, sei edo zazpi, gaur igandea da eta zientzia-gaien errepasoa egingo dugu, laguntxo.

Ez dugu zorterik izan Espainiako Gabonetako loteriaren sariekin. Hori zioen Berria egunkariak asteon. Lehenengo saria hemendik urrun egokitu da, eta gainerako sariek utzitakoa, 11 milioi euro inguru, ez da jokatutako 170 milioi eurotara hurbiltzen. Hala ere esperantza ez da inoiz galtzen, ezta? Esperantza hori matematikarekin uztartuko bagenu, konturatuko ginateke, Javier Duoandikoetxea matematikariak Zientzia Kaiera blogean dioskun moduan, errealitatea gordina dela eta gero eta diru gehiago gastatu loterian, aukera handiagoa dugula… diru gehiago galtzeko: Ia seguru hemen ezetz.

Loteriaren sariek probabilitatearekin zerikusia dute… baina ez al da izango ez dakitela zein den norabide egokia? Agian ez dakite nola heldu Euskal Herrira. Izan ere, zergatik moldatzen dira batzuk hain ondo orientazio kontuetan eta zergatik galtzen dira beste batzuk hain erraz? Trebea zara orientazio kontuetan? Erraz antzematen duzu nondik jo toki batera ailegatzeko? Erantzuna baiezkoa bada eta ezezkoa bada ere, Amaia Portugalen artikulua interesgarri suertatuko zaizu, berak azaltzen baitigu gure “GPS”ak nola funtzionatzen duen. Zientzia Kaieran: Noraezean edo bide onetik ibiltzearen arteko aldea.

Negua hasi berria dugu eta egunotan tenperaturak jaitsi dira. Hori dela eta, berogailuak pizten hasiak gara, eta, ondorioz,  Joxerra Aizpuruak Argia aldizkarian gogora ekarri dizkigu karbono monoxidoaren kontuz ibili behar dela bere ezaugarriak direla eta. CO gas gardena da, usain gabea eta airearen dentsitate berekoa gutxi gorabehera. Normalean, erregai baten errekuntza partzialaren eraginez sortzen da eta, ondorio larriak izan ditzake, hemoglobinan eta proteinetan finkatu eta zelulak kutsatzen baitu: Karbono monoxidoa, etxe barruko hiltzailea.

Besteak beste, CEIT-IK4k parte-hartzen duen Etivol proiektuaren nondik norakoak azaltzen dizkigute nanoBasque gunean. Oliba-olioaren kalitatea bermatzeko, produktu honek dituen konposatu jakin batzuk antzemango dituen mikrosentsore baten garapena martxan jarriko du enpresak. Honela, olioa poteratzen den garaian sortzen diren aldaketa posibleak antzemango dituzte. Eta, kanpo faktoreek, amaierako produktuan sor ditzaketen aldaketak kontuan hartuta, olioa modu egokian kontsumitzen dela ziurtatzea nahi dute: Oliba-olioaren kalitatea hobetzeko mikrosentsoreak.

Ekoiztu berri duten A350 XWB Airbusak ezaugarri interesgarriak ditu. Alde batetik, erregai-kontsumo gutxiago du, honen kontsumoa % 25 murritzagoa da; bestetik, emisio gutxiago egiten ditu eta mantentze-lanen maila txikiagoa du ere. A350 XWBk aeronautikan eta material aurreratuetan egindako azken diseinuak inplementatuak ditu eta Basque Research atarian kontatzen digutenez, HEGAN, Euskadiko Aeronautika eta Espazio Clusterreko 32 erakundek hartu dute parte hegazkinean: HEGAN Aeronautika eta Espazioko Clusterreko bazkideek garatutako teknologia duen A350 XWB lehengo Airbusa entregatu da.

Airean gabiltzanez airbus berriarekin, goazen buelta bat ematera Saturnoraino haren eraztunak bisitatzera. Ba al dakizue zelan sortu ziren eraztunok? Hainbat hipotesi daude eta Joxerra Aizpuruak kontatzen digu Argia aldizkarian Nizako behategi bateko ikerlariek beste bi hipotesi plazaratu dituztela. Batek dio, Neptunotik haratago zegoen objektu handi batek Saturnoko izotz geruza jo eta milioika puskatan txikitzean sortu ziren eraztunak. Besteak,  Saturnotik hurbil zegoen izotzezko satelite batek planeta jo ondoren barreiatutako milioika puskez osatuta daudela eraztunak: Saturnoko eraztunen jatorriaz beste bi hipotesi.

Espaziotik lurrera bueltatuz dortoka erraldoi batekin egin dugu topo. Duela 2-20 milioi urte, Miozeno eta Pleistozeno artean, egun Madril den tokitik paseoan zebilen Titanochelon izenekoa dortokarekin, Europan inoiz egon den dortoka handiena. Javier San Martín kazetariak azaltzen digu Zientzia Kaieran dortoka honen aztarnak aurkitu dituztela, Gerra Zibila hasi zenean ahaztuta geratu zen material paleontologikoa ikertu ondoren: Berraurkikuntzaren zientzia.

Eta, Zientzia KaieranUxune Martinezek dakarkigun ipuin batekin bukatuko dugu. Bazegoen behin 1926. urtean Argentinan jaiotako, Magdalena izena zuen matematikari bat. Etxean “beltxa” deitzen zioten eta haren lehengusina bati “txuri” ezizena jarri zioten. Matematikari fina zen. Argentinan helburu zientifikoekin erabili zen lehen konputagailuarekin lan egin zuen, erreaktore bat garatu zuen lantaldeko kidea izan zen, hainbat unibertsitateetan irakasle lanetan ibili zen eta zientzia-fikziozko ipuin bat idatzi zuen, Gu ta gutarrak. Bera, Magdalena Mouján (1926-2005): Argentinako matematikari gutarra zen.

–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>