Europako hizkuntza gehienen sehaska

#KZJaia · Kolaborazioak

Azken urteotan gehien zabaldu den hipotesiak dio hizkuntza indoeuroparrak duela 8.000 urte inguru iritsi zirela Anatoliatik. Antzinako DNA aztertuta egin berri duten ikerketa baten arabera, ordea, ondorioztatu dute hizkuntzetako batzuk behintzat duela 4.500 urte inguru zabaldu zirela kontinente zaharrean, eta Errusiako estepan dutela jatorria.

Hasi Espainiatik eta Errusiara, hasi Islandiatik eta Indiara, familia bereko kide diren hizkuntzak ditugu edonon: hizkuntza indoeuroparrak. Hain zuzen ere, euskara da Europan sendi erraldoi honetako kide ez den hizkuntza bakarrenetakoa. Nola liteke, baina, denak batuta milaka kilometroko hedadura eta milioika hiztun hartzen dituzten hizkuntzok abiapuntu bera izatea? Eta zein da abiapuntu hori? Hizkuntzalari askoren buruan dagoen galdera honek beste erantzun posible bat jaso berri du genetikaren eskutik.

Beste erantzun posible bat dela diogu, lehendik ere askotariko hipotesiak daudelako gaiaren inguruan. Berez, azken urteotan gehien azaldu den aukerak dio duela 8.000 urte inguru Anatoliatik (Turkia) mendebaldera jo zuten nekazariek hedatu zituztela hizkuntzok Europan. Harvard Unibertsitateko David Reich genetista ezagunak zuzendutako nazioarteko talde batek, baina, duela hamarkada batzuk dezente zabaldu zen hipotesi bat berreskuratu dute: hizkuntza indoeuropar batzuk, behintzat, ez ziren duela 8.000 urte zabaldu kontinente zaharrean, duela 4.500 urte inguru baizik; eta ez zituzten Anatoliatik ekarri, Errusiako hego-mendebaldeko estepatik baino. Horixe baieztatzen duen ikerketaren berri eman dute Nature aldizkarian.

Duela 3.000 eta 8.000 urte artean bizi izan ziren 69 europarren genoma aztertuta iritsi dira ondorio horretara. David Reichek berak azaldu bezala, metodo berritzailea baliatu dute lagin horiek ikertzeko: “Egundoko aldaketa dakar antzinako DNAren ikerketara, orain posible baita hamarnaka norbanakoren genoma datuak kolpe bakarrean biltzea. Historiari buruzko informazio gehien ematen duten genomaren zatiak isolatu genituen, eta horiek baino ez genituen sekuentziatu”. Antzinako lagin askorekin aldi berean lan egiteko aukera paregabea eskaintzen du teknika honek.

hizkuntza indoeuroparrak 1
1. irudia: Hizkuntza indoeuroparren gaur egungo hedapena Eurasian.(Argazkia: Hayden120 / CC BY-SA 3.0)

Hori horrela, batetik, Anatoliatik eta Ekialde Hurbiletik Europara iritsitako nekazariek haien ondorengoetan utzitako arrastoak identifikatu zituzten antzinako DNA horretan. Lehen nekazari horiek duela 9.000 urte hasi ziren sorterritik irteten eta zabaltzen, eta itxuraz duela 7.500 urte inguru iritsi ziren Europa erdialdera eta Iberiar penintsulara.

Arrasto arkeologikoetan oinarrituta, zenbait ikertzailek uste izan dute lehen nekazari horiek ez zirela kolpe bakarrean iritsi, Europako herrialde batzuetara eta besteetara joandakoak garai eta kultura desberdinetakoak izan zitezkeela. Ikerketa honetan egindako azterketa genomikoek, ordea, gezurtatu egiten dute hori. “Hungariakoak, Alemaniakoak edo Espainiakoak izan, lehen nekazari horiek genetikoki berdinak dira ia: jatorri bera dute”, adierazi du Wolfgang Haak Adelaidako Unibertsitateko ikertzaileak eta artikuluaren egile nagusiak. Lehen nekazari horien aurretik ere Europan bizi ziren ehiztari-biltzaileen arrastoak ere aurkitu dituzte genoma horietan.

Nekazari horien migrazioa masiboa izan zen, baina ez zen Europara iritsi zen jende-olde bakarra izan, eta hori dela eta jartzen dute ikertzaileok zalantzan hizkuntza indoeuroparrak eurek soilik ekarri zituztela. Izan ere, aurreko zenbait azterketatan frogatu da gaur egungo europarrak hiru populazio talde oso desberdinen arteko nahasketa direla: orain arte aipaturiko nekazariak eta ehiztariak, eta jatorria ekialdeko Europan duen hirugarren multzo bat.

Jakina zen ekialdeko populazio hori Anatoliako nekazariak baino beranduago iritsi zela, baina ez noiz zehazki. Genoma datu berriak aztertuta, argi eta garbi ikusi zuten erantzuna: “Ekialdeko arbasoen zantzuak ageri ziren duela 4.500 urtetik aurrerako lagin guzti-guztietan, eta garai horren aurreko bakar batean ere ez, gainera”, azaldu du Iosif Lazaridis Harvardeko ikertzaileak eta artikuluaren beste egile nagusiak.

hizkuntza indoeuroparrak 2
2. irudia: Antzinako kordeleztatutako zeramikaren kulturako familia baten hezurrak. (Argazkia: © LDA Sachsen-Anhalt /A. Hoerentrup)

Are zehatzago, Jamna kulturako eta kordeleztatutako zeramikaren kulturako kideek lotura genetiko oso estua zutela ikusi dute ikerketa honetan. Jamna kulturako kideak Itsaso Beltzaren eta Kaspiar Itsasoaren arteko estepan bizi ziren, eta kordeleztatutako zeramikaren kulturakoak Europa iparraldean hedatu ziren. “Kordeleztatutako zeramikaren kulturarekin zerikusia duten pertsonak dira ekialdeko arbasoen arrasto genetikoak dituzten lehenengoak, bai eta gehien dituztenak ere. Gure estimazioen arabera, kordeleztatutako kulturako Alemaniako kideen jatorriaren %75a Jamna jendearen ondorengoekin dago lotuta. Bi kultura horietako jendeak antzekotasun genetiko handiak ditu, nahiz eta bien artean 2.600 kilometro egon”, gaineratu du Lazaridisek.

Hori horrela, ikertzaileon ustez, Errusiako estepatik Europara gertatu zen bigarren migrazio hark ere handia izan behar zuen oso, eta haien hizkuntza edo hizkuntzak ere inportatuko zituzten, beraz. Horregatik, hizkuntza indoeuropar batzuen jatorria behintzat uste baino urrutiagokoa eta beranduagokoa izango litzateke.

Erreferentzia bibliografikoa

Wolfgang Haak, Iosif Lazaridis et al. Massive migration from the steppe was a source for Indo-European languages in Europe. Nature, 2 March 2015. doi: 10.1038/nature14317


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.


“Sarrera honek #KulturaZientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du.”

kzjaia3

5 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.