Minbizia eta zoria

#KZJaia · Dibulgazioa

Minbiziaren loteria ankerra artikulua ekarri zigun Amaia Portugalek Zientzia Kaiera honetara urtarrilaren 7an. Bertan esaten zigun minbizien bi herenak zoriari lotuta daudela (“zorte txarra”) eta ez faktore genetikoei edo kanpoko eraginari. Cristian Tomasetti eta Bert Vogelstein ikertzaileek Science aldizkarian argitaratutako artikulu bat[1] zen informazioaren iturria.

Oso deigarria zen ikerketaren emaitza, Science aldizkari ospetsuan argitaratu zen eta egileetako bat —Bert Vogelstein— entzute handiko onkologoa da. Horiek guztiek batera albiste erakargarri bat osatu zuten eta, Zientzia Kaieran ez ezik, makina bat hedabidetan ikusi ahal izan genuen berria joan den urtarrilean.

1. irudia: Bert Vogeistein onkologoa, eztabaida sortu duen Variation in cancer risk among tissues can be explained by the number of stem cell divisions artikuluaren egileetariko bat.
1. irudia: Bert Vogeistein onkologoa, eztabaida sortu duen Variation in cancer risk among tissues can be explained by the number of stem cell divisions artikuluaren egileetariko bat.

Zalantzak, eztabaidak eta kritikak laster etorri ziren. Besteak beste, minbizi askoren jatorria zorte txarrari egotziz gero, alferrekoak ematen zuten prebentzio eta babes neurriek. Ez zen agian hori egileek zabaldu nahi zuten mezua, baina erraza zen ondorio horretara heltzea.

Ikerketarako tresna azterketa estatistiko bat zen. Hogeita hamaika minbizi mota hartu zituzten. Bizitzan zehar horietako bat izateko arriskua eta gertatzen den ehuneko ama zelulen zatiketa kopurua konparatzen dituzte. Horretarako, eskala logaritmikoa erabiliz grafiko bat sortu ondoren, erregresio linealaren bidez zuzen bat doitzen dute datuekin eta hortik ondorioztatzen dute zuzenetik hurbil dauden minbiziak zelulen zatiketarekin lotu daitezkeela (korrelazio handia dute) eta besteak ez. Lehen multzoan 22 daude, bi heren.

2. irudia: Bizitzan zehar aztertutako minbizi bat izateko arriskua eta gertatzen den ehuneko ama zelulen zatiketa kopurua konparatzen dituzte. Ezkerrekoak (berdez) zelulen zatiketari egotzitako minbiziak; eskuinean (urdinez) beste faktore batzuei egotzitakoak.

Ohikoa da metodo estatistikoen erabilera medikuntzan eta ez da arraroa eztabaida sortzea datuak interpretatzean. Avner Bar-Hen estatistika irakaslea da Paris Diderot unibertsitatean eta Statistiquement vôtre blogean Scienceko artikulu horretan datorrenaz eta hedabideetan esan denaz idatzi du. Frantziako CNRSk aterpetzen duen Images des Maths blog guztiz gomendarrian ere atera zuten artikulua eta hor aurkitu nuen nik. Hemendik aurrera doazenak Bar-Henek idatzitakotik hartutako oharrak dira:

  • Tomasettik eta Vogelsteinek ama zelulen zatiketak dakarren arrisku-aldaketa aztertu dute eta ez zatiketek benetan sortzen dituzten minbiziak. Konparazio bat egiteko, Normandiako Chausey artxipielagoan 365 uharte ikusten dira marea behean dagoenean eta bakarrik 52 marea goian dagoenean. Horrek uraren mailaren aldaketekin zerikusia du, baina ez du uraren sakonera adierazten.
  • Minbizien bi heren zorte txarrari dagozkiola baieztatzeko, aztertutako 31 motak baliokidetzat —hau da, gertatzeko probabilitate berekotzat— hartzen dituzte. Baina hori ez da zuzena, minbizi batzuk beste batzuk baino sarriago gertatzen baitira[2].
1. irudia: El diario británico Telegraph elaboró una infografía separando los tipos de cáncer por su origen. Producidos por “mala suerte”: cerebral, cabeza y nuca, esófago, pulmonar en no fumadores, óseo, hígado, páncreas, piel, ovarios y testicular. Originados en conductas y genes.
3. irudia: Telegraph egunkariak infografia bat kaleratu zuen minbizi-motak desberdinduz, sortarazten omen dituzten arrazoi biren arabera: “zorte txarrak” sortuak edota ingurumenak, geneek eta bizimoduak.

Zientziaren dibulgazioa helburu duen medio batean ari garenez, interesgarria da Bar-Henen azken gogoeta ere. “Zergatik zabaldu da berria modu oker horretan?”, galdetzen du[3]. Zientzia-kazetariei errua botatzea erraza litzatekeela dio, baina beste nonbait ikusten du jatorria:

  • Egileek bad luck terminoa aukeratu dute zelulen zatiketaren eragina izendatzeko eta hori desegokia da artikuluak prentsa arruntera jauzia egin behar badu.
  • Science aldizkariak berak minbiziaren zorte txarra aipatzen du azalean.

Eztabaidak bide luzea egin du jatorrizko artikulua argitaratu eta berria hedatu zenetik. Aldekoak eta kontrakoak egon dira, nor bere ñabardurekin. Aurka agertu direnen artean, ikusi dudanez, egin den kuantifikazioak eta zabaldu den mezuak eragin dute kritika. Horretaz aparte, denek argi utzi dute minbizia jatorri askotarikoa izan daitekeela eta ibilbide luzea geratzen zaiola oraindik ikerketari.

Errefentziak

[1] C. Tomasetti eta B. Vogelstein, Variation in cancer risk among tissues can be explained by the number of stem cell divisions, Science, 2 January 2015: Vol. 347 no. 6217 pp. 78-8. doi: 10.1126/science.1260825

[2] Beste batzuek azpimarratu dute sarri gertatzen diren bularreko eta prostatako minbiziak, adibidez, ikerketatik kanpo utzi dituztela. Minbizi horiek gertatzen diren ehunetan zelulen zatiketari buruzko datuak ez dira ezagutzen eta horregatik ez daude azterketan.

[3] Berria zabaldu den moduaz beste eztabaida bat hemen.

[4] Johns Hopkins unibertsitateko irakasleak dira Tomasetti eta Vogelstein.


Egileaz: Javier Duoandikoetxea Analisi Matematikoko Katedraduna da UPV/EHUn.


“Sarrera honek #KulturaZientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du.”

kzjaia3

3 iruzkinak

  • Bai Amaia Portugalen artikulua, zein gero egon diren erreakzioak (Science-k hainbat gutun argitaratu zituen jatorrizko artikuluaren harira eta beraien egilearen erantzunarekin) edota Javier Duoandikoetxearen artikulu honen harira hika-mika honen inguruan gogoeta bat egin nahiko nuke.
    Javierrek dioen bezala agian mezua ez da behar bezala hedatu eta hortik datoz gaizki-ulertuak. Baina, nire ustez, gure gizarteak duen kultura zientifikoaren gabezien erakusle da ere. Altuera honetan minbizi mota batzuk zoriaren eraginaren menpekoak direla ez jakitea adierazgarria iruditzen zait. Badaude oinarri genetiko sendoa duten minbiziak, bularrekoaren kasu batzuk, adibidez Angelina Jolieren erabakia bolo-bolo ibili zen. Baina beste batzuk, hautsak harrotu dituen lan honek moten 2/3 direla zehazten du, gure zelulen hazkundea kontrolatzen duten geneetan mutazioak (aldaketak) metatzen joateren ondorio dira. Badakigu hainbat gene, onkogene eta protoonkogene daudela eta horietan mutazioak metatzen joatea zorizko kontu bat dela, zorte txarra izatea, eta arriskutsuak ez diren lekuetan mutazioak izan beharrean leku sentikor horietan izatea. Mutazioak zelulen bikoizketa kopuruarekin lotua badago ere (zentzua dauka, gero eta bikoizketa gehiago zelulak bere DNA kopiatzerakoan akatsen, mutazioen, metatzeko kopurua handitzen da), eta hau da nire ustez gakoa, mutazioak eragiten dituzten faktoreak ere kontutan hartu behar dira. Inguruneak (izpi ultramoreek, amiantoak edo tabakoak) gure zeluletako DNAn mutazioak eragin ditzake eta, hortaz, gure zelulek DNA kopiatzerakoan duten errore tasa emendatzen dute. Hau da, agian 80 urte izan arte metatu beharko liratekeen mutazioak 50 urtetan metatzen dira eta hortik minbizia edukitzeko probabilitatea handitu. Gainera kontuan hartu behar da zelula mota guztiek ez direla abiadura berdinean bikoizten (gure larruazala edo heste-meheeko zelulak asko eta arin bikoizten dira) eta, hortaz, minbizi mota batzuk arinago agertuko dira beste batzuk baino.
    Laburbilduz, minbizi mota ezberdinen 2/3 zorte txarra izan daitezke, ez minbizien 2/3, eta inguruneak (bizimodu-ohiturak) horiek lehenago edo beranduago agertu daitezkeen baldintzatzen dute, osagai genetiko sendoa duten minbiziak alde batera utzita. Hitzak, ñabardurak eta kontzeptuak argi izatearen eta kultura zientifikoaren garrantzia nabarmentzen duten berri horietakoa da hau ene ustez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.