Zenbait onddoren distirak badu azalpen argigarri bat

#KZJaia · Kolaborazioak

Onddo espezie batzuei argi berde moduko bat pizten zaie gauean. Brasilgo eta AEBtako ikertzaile talde batek artikulu batean azaldu berri duenez, zomorroak erakartzen dituzte dir-dir horri esker, eta horiek, aldi berean, lagundu egiten diete haien esporak zabaltzen eta ingurunea kolonizatzen.

Dir-dir egiten duen animalia batengan pentsatzekotan, askori ipurtargia etorriko zaigu gogora, baina hori ez da izaki bizidun distiratsu bakarra. Onddo batzuk ere badira gai gauez haien argi propioa pizteko: 71 baino ez, orain arte deskribatuta dauden 100.000 onddo espezie baino gehiagoren artean. 71 horietako bat den Neonothopanus gardneri espeziea aztertuta, argi natural horren funtzioa zein den argitu dute Brasilgo Sao Pauloko Unibertsitateko eta AEBtako Geisel Medikuntza Eskolako zenbait ikertzailek. Current Biology aldizkarian eman dute haien ekarpenen berri.

Oxigenoaren eta energiaren bitartez gauzatzen duten prozesu biokimiko baten eraginez sortzen dute argi berdea onddo mota horiek. Ikertzaileek uste izan dute onddo distiratsuek uneoro sortzen dutela argia, haien metabolismo prozesuaren baitan dagoen fenomenoa baino ez dela. Ikerketa berri honetan, ordea, ikusi dute aztertu duten onddoak propio sortzen dituela argia ematen dioten entzima eta molekula txiki zenbait, eta horrenbestez, distira ez dela beste prozesu baten albo-ondorioa, funtzio espezifiko bat duen zerbait baizik.

“Badirudi onddoak argia sortzen duela intsektuak erakartzeko, eta hartara onddoari lagun diezaioten habitat berriak kolonizatzen”, azaldu du Cassius Stevani artikuluaren egileetako batek. Ez hori bakarrik: argiztapen sistema horrek erloju zirkadiano baten kontrolpean funtzionatzen duela ere ikusi dute. Erritmo zirkadianoa 24 orduro errepikatzen den animalien eta landareen jarduera zikloa da. Gizakion kasuan, besteak beste, goizetan jaikitzen laguntzen digu eta jet lag delakoa eragiten digu bidaia luze baten ondoren. Onddo distiratsu hauen kasuan, tenperaturaren araberako erloju zirkadianoa dela dirudi, eta energia aurrezten laguntzen die onddoei, argia ikusgarria denean (hau da, ilunpetan) baino ez baitute distira egiten.

Irudia: Neonothopanus gardneri onddo espeziea Brasilgo baso batean, egunez eta gauez. (Argazkia: Michele P. Verderane / IP-USP-2008)
Irudia: Neonothopanus gardneri onddo espeziea Brasilgo baso batean, egunez eta gauez. (Argazkia: Michele P. Verderane /

Zehazki Neonothopanus gardneri espezieari erreparatuta ondorioztatu dute hori guztia ikertzaileok. Onddoaren argi berdearen funtzioa zein den argitzeko, onddo artifizialak sortu zituzten erretxina akrilikoarekin, eta horietako batzuei LED argi berdeak txertatu zizkieten barruan, dir-dir egiten zutenekin eta egiten ez zutenekin gertatzen zena alderatzeko. Gezurrezko onddo horiek Neonothopanus gardneri hazten den basoetan jarri zituzten gero.

Ikusi zutenez, onddo artifizial argidunek kakalardoak, euliak, liztorrak, txindurriak eta bestelako askoz ere zomorro gehiago erakarri zituzten, gezurrezko onddo ilun eta itsaskorrek baino. Horiek onddoaren esporak haiekin eramaten dituzte gero, bai eta inguruetan zabaldu ere. Horrenbestez, onddoek kolonizaziorako baliatzen dituzte zomorroak, eta hain zuzen ere beren argi propioari esker erakartzen dituzte haiengana.

Misterioa argituta, orain ikertzaileok jakin nahi dute zeintzuk diren onddo distiratsuen luminiszentziaz arduratzen diren gene zehatzak, bai eta horien eta erloju zirkadiarraren arteko interakzioa aztertu ere. Gainera, kamera infragorriak baliatzen ari dira Neonothopanus gardneri espeziearen eta artropodoen harremanak nolakoak diren gertutik ikusteko.

Artikuluan azaldutako aurkikuntza funtsezkoa da onddoak ingurunean nola hedatzen diren ulertzeko. Aztergai izan duten onddo espezie honen kasuan bereziki esanguratsua da hori, halako izaki bizidunek rol garrantzitsua betetzen baitute basoaren ekosisteman. Stevanik adierazi bezala, “horiengatik ez balitz, zelulosa bere jatorrizko forman geratuko litzateke ez atzera eta ez aurrera, eta horrek inpaktua izango luke Lurraren karbono zikloan. Esango nuke bizitza, Lurrean, horrelako organismoen menpe dagoela”.

Erreferentzia bibliografikoa

Oliveira et al. Circadian Control Sheds Light on Fungal Bioluminescence. Current Biology, March 19, 2015. doi: dx.doi.org/10.1016/j.cub.2015.02.021


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.


“Sarrera honek #KulturaZientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du.”

kzjaia3

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.