Zientziaren ikerketa euskaraz. Lekuz kanpo gaude? (eta II)

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Joan zen abenduaren 30ean, euskarak 2014. urtean zientziaren dibulgazioan izandako gorabehera batzuk azaldu nituen hedabide honetan bertan. Adibide gisara, zientzia-kulturaren jaialdiak sarean izan duen ikusgarritasuna ekarri nuen plazara: lehenengo jaialdian 120 ekarpen argitaratu ziren, bigarrenean 54 eta hirugarrenean 144 atera dira, guztira. Oro har, adierazi nuen dibulgazioaren esparruan egoera nahiko ona dela edo hobetzen ari dela.

Gaurkoan, berriz, txanponaren beste aldeari begiratuko diot, hau da, euskarak ikerketaren arloan duen egoerari. Hasi aurretik esango dizuet, jarraian azalduko dudana nire iritzi propioa dela eta, ondorioz, eztabaidagarria. Euskarazko zientzia-ekoizpenari buruzko informazio objektibo eta sakona lortu nahi duenak Karmele Artetxeren doktore-tesian aurkituko ditu hainbat argibide bikain, sistematikoki aztertutakoak, gainera: Komunitate zientifiko euskalduna: azterketa historikoa eta bibliometrikoa.

zientzia euskaraz
Argazkia: Olga Miltsova/123RF ©

Esan izan zuten zientzia ezin zela euskaraz egin, baina, egun zientzia euskaraz egiten duen komunitate oparoa dugu, zorionez. Jo dezagun iturri fidagarrietara, alegia, euskal komunitate zientifikoaren datu-base garrantzitsuenera: UEUren Inguma datu-basea. Bertan aurki ditzakegu 9.000 egile eta 16.000 liburu eta artikulu baino gehiago. Asko dira, zalantzarik gabe, baina beste gauza bat da larritzekoa dena. Datu-baseko kudeatzailea den Uxune Martinezen datuen arabera, 1965. eta 2000. urteen artean euskarazko zientziaren ekoizpena handitzen joan zen, baina, 2005. urtetik hona ekoizpena murrizten ari da, pixkanaka.

Nire iritziz, erraz azal daiteke joera horren zergatia. Egun, egindako ikerketei buruzko argitalpenen nazioartekotasuna funtsezkoa da ikertzaileon curriculumean. Esperimentazio-zientzien kasua da gertutik ezagutzen dudana, baina antzeko egoeran daude beste esparruak ere. Lehen mailako ikerketa ingelesez argitaratzen da, arau jakin batzuk betetzen dituzten aldizkarietan —hein handi batean, aldizkari horiek Thomson Reuters-en Journal Citation Reports (JCR) delako txostenean daude—. Ikertzaileon kasuan, argitaratzeko premia eta lehia handia da eta, nolabait esateko, esperimentazio-zientzien kasuan behintzat, aldizkari horietan argitaratzen ez diren ikerketak ez dira existitzen, edo ez dute (ia) ezertarako balio.

Indize horiek ikerketen kalitatea bermatzen ote dute? Oro har, baietz esan behar da, baina eztabaida luzea izan daiteke hori. Kontuan izan, esaterako, badirela JCR indizean sartuta dauden homeopatiari buruzko aldizkari sasizientifikoak (!?). Edonola ere, curriculumak ebaluatzen dituzten agentziek —dela ANECA, dela UNIBASQ— eta beste hainbat erakundek irizpide horiek betetzen dituzten argitalpenei ematen dieten garrantziaren kausaz, ikertzaileak JCR indizeen mende bizi gara: publish or perish, esaten dute. Egia da JCR indizeaz gainera badirela bigarren mailako beste batzuk, eta euskarazko artikuluak argitaratzen dituzten aldizkariak horretan ere sartzen ari direla; baina, euskarak ezinezkoa —edo oso zaila— du joko horretan irabaztea.

Oro har, curriculum euskalduna oso gutxi baloratzen da, ikertzaileek eta irakasleek euskaraz idatzitako liburuak, artikuluak eta testuak gure herriaren garapenerako funtsezkoak badira ere. Zer esan nahi du horrek? Ikertzaileok borondatez —eta gogo onez, noski— egin ohi dugula zientziaren ekoizpen euskalduna. Ekonomi zientzietan aplikatu ohi den printzipioa kontuan hartzekoa da: gizakiok pizgarriei erantzuten diogu, alegia, mozkinen eta kostuen arteko konparaketari. Euskarazko zientzia-ekoizpena pertsonen borondate on horretan soilik oinarritzen bada, 2005. urtean hasitako ekoizpen-jaitsierak jarraitu egingo du, zalantzarik gabe. Euskaraz egindako lanari balioa eta ikusgarritasuna ematea da gakoa. Izan ere, euskaraz egindako curriculumak egun duen pisua izan behar al du Euskal Herriko unibertsitateetan?

Doktore-tesiak euskaraz

Nire ustez oso argigarria den adierazle hau erakutsi nahi dizuet: EHUko doktore-tesien kopuruaren bilakaera, hizkuntzaren arabera. 1. irudian azaltzen da eskuragarri dauden datuen arabera 2002/2003 ikasturtetik 2012/2013ra gertatutako kopuruen bilakaera. Nabarmentzekoa da 10 urtean ingelesezko tesiek izan duten gorakada harrigarria: 2002/3an 5 baizik ez ziren eta 2012/13an, aldiz, 132. Berriro ere pizgarrien printzipioak azaltzen du hori; izan ere, egun nazioarteko tesiei balio handiagoa ematen zaie ebaluazioetan.

zientzia euskaraz
2. irudia: EHUko doktore-tesi kopurua, ikasturteka (hizkuntzaren arabera).

Datuak portzentaje eran irudikatzen badira, bilakaera hobeto ikus daiteke (2. irudia). Azpimarratzekoa da euskarazko tesien portzentajea ia konstante mantendu dela 10 urtean —%7,4 2002/3 ikasturtean, %8,6 2012/13an—, eta ingelesezko doktore-tesiena, berriz, asko handitu dela —tesi guztien %2,5etik %34,5era iritsi dira—. Datuen gordintasuna alde batera utzita, nabarmentzekoa da EHUko Euskararen II. Plan Gidarian zuzen-zuzenean esaten dela euskarazko tesiak sustatzea dela planaren helburu espezifikoetako bat. Bestalde, Euskararen arloko Errektoreordetzak tesiak euskaraz egiteko doktorego aurreko ikertzaileak prestatzeko kontratazio-deialdia ere badu eta diru-laguntzen kopurua handitzen ari da azken urteotan. Jakina, politika horien emaitzak 3-4 urte barru ikusi ahal izango dira, orain kontratatzen diren ikertzaileek tesiak amaitzen dituzten neurrian. Espero dezagun egun eskuragarri dauden datuak aldatu ahal izatea, pixkanaka-pixkanaka bada ere. Esan beharrekoa da Karmele Artetxeren doktore-tesian gai honi buruzko informazio sakonago eta osatuagoa aurkituko duzuela (649-662. orr.), eta hark, nik ez bezala, metodo zientifikoan oinarrituta egin duela errealitatearen analisi zorrotza.

2. irudia: EHUko doktore-tesien portzentajeak, ikasturteka (hizkuntzaren arabera).
3. irudia: EHUko doktore-tesien portzentajeak, ikasturteka (hizkuntzaren arabera).

Aldizkariak euskaraz

Artikulu honen aurreko atalean aipatu nituen dibulgazioaren arloko euskarazko zenbait hedabide, baina, ikerketen emaitzak non argitaratzen dira euskaraz? Euskara hutsean argitaratzen diren aldizkari zientifikoak ez dira asko; hala ere, direnak kalitate altukoak dira. Esate baterako, esparru horretan aipagarriak dira UEUk babesten dituen Aldiri eta Uztaro aldizkariak, edota EHUk babestutako Gogoa, Tantak eta Ekaia aldizkariak, besteak beste.

ekaia aldizkaria 27. alea
4. irudia: Ekaia aldizkariaren 27. zenbakiaren azala.

Nire esparruari dagokionez, bereziki azpimarratu nahi dut Ekaia aldizkariak (3. irudia) zientziaren eta teknologiaren arloan (izan) duen garrantzia. Ekaiak aurten 26 urte bete ditu eta, guztira, 30 zenbaki —horietako 3 zenbaki bereziak— eta 330 artikulu baino gehiago argitaratu dira bertan. Gainera, artikuluek adituen ebaluazio-prozesua gainditu behar dute Ekaian argitaratzeko, lehen mailako aldizkarietan ohikoa den peer review prozesua, hain zuzen ere. Artikuluen kalitatea ziurtatuta badago ere, zoritxarrez, artikulu horiei ez zaie balio handirik ematen curriculum akademikoan. Hala ere, euskaraz zientzia idazteko beste mila arrazoi badirenez, jakin ezazue maiatzaren 31ra arte hurrengo alerako artikuluak bidaltzeko epea irekita dagoela, aldizkarian zuen ekarpenak egin nahi izanez gero. Guztiaren gainetik, zientzia euskaraz egitea merezi du.

Biltzarrak euskaraz

Zientziari eta ikerketari buruzko biltzarren kasuan, esatekoa da orain arte batzuk egin direla euskaraz, adibidez, Osasun-zientzietako ikertzaileen topaketa eta Natur-zientzien topaketa —beste batzuk ere aipa litezke—. Dena den, orain artekoak nahiko espezifikoak izan dira. Aurten, lehen aldiz, ikertzaile euskaldunen lehen kongresua egingo da UEUri esker: IkerGazte 2015 (4. irudia). Nik dakidanez, nazioarteko biltzarren eskemari jarraituz antolatutako lehen biltzar euskalduna izango da eta zientzia guztietako ikertzaileek parte hartzeko aukera izango dute: giza zientziak, gizarte-zientziak eta zuzenbidea, zientzia zehatzak eta natur-zientziak, ingeniaritza/arkitektura eta osasuna, biltzarreko sailkapena jarraituta. Biltzarra Durangon egingo da, maiatzaren 13, 14 eta 15ean. Bertan hainbat ikerketen emaitzak zabalduko ditugu, euskarak zientzian duen paperari ikusgarritasuna emanez. Arazoak arazo, aurrera.

5. irudia: IkerGazte biltzarraren logoa.

Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea da eta EHUko Kimika Aplikatua saileko ikertzailea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.