Iraganera bueltan, koltan gainean

Maria José Moreno

Ziur egun oso jende gutxik ez dakiela koltana zer den. Zoritxarrez, mineral hau oso ezaguna egin da azken urteotan, oso iskanbila handiak sortu baititu bere erauzketak. Izan ere, tartean daude gerrillari taldeak, kontrabandistak eta Kongo, Ruanda edo Ugandako gobernuak.
Oso material preziatua da, osagai funtsezkoa baita besteak beste smartphonetan, tabletetan eta bestelako gailu elektronikoetan. Dakigun bezala, herri garatuen eguneroko bizitza ezinezko bilakatuko litzateke gaur egun horrelako gailurik izango ez bagenu. Horrela, Estatu Batuek badituzte teknologia-fabrika garrantzitsuenetako batzuk, eta hor kosta ahala kosta lortu behar dute koltana.

coltan

Zertarako erabiltzen da baina koltana? Hasteko, argitu beharrekoa da ez dela elementu bakarra, bi mineralek ematen duten erkaketari esaten baitzaio koltana: kolunbita (KOL), niobio oxidoaz eta burdinaz eta manganesoz osatua, eta tantalita (TAN), tantalo oxidoaz eta burdinaz eta manganesoz osatua. Areago, ez dago oso argi zein proportziotan nahasita dauden bi mineral hauek, eta gainera, koltana urria da gure planetan. Horixe da gakoa.

Kimikak argitu dezake harri honek teknologian hartzen duen garrantziaren zergatia. Izatez, kolunbita eta tantalita oso antzekoak dira eta batzuek esaten dute mineral bakarra direla. Horrelakoa esaten dutenek gehitzen dute proportzioetan dagoela alde nagusia: niobioa bada nagusia, kolunbitatzat hartzen da minerala, eta tantalioa gehiago badago, tantalita da mineral hori.

Hain zuzen ere tantalioari begira dago mundu guztia, mineral honek oso fusio-puntu altua daukalako, eta horretaz gain, elektrizitate-eroale ona eta gogorra delako, azidoekiko oso erresistentea. Propietate hauei esker, platinoaren ordez erabil daiteke, baina edonola, sakelako telefonoen etorrerarekin batera areagotu zen bere garrantzia.

Tantatalioz egindako elektrolisizko kondentsagailuek, aluminiozkoek baino zehaztapen eta egonkortasun handiagoa dute, smarphoneetan. Aluminioa ere erabiltzen da egun, baina tantalioak aukera ematen du gero eta gailu txikiagoak egiteko. Izan ere, bolumen-ahalmen handiagoa eta inpedantzia elektriko txikia du.

Oraingoz, ezin da jarri beste inongo materiala tantalioaren ordez, gailuak gehiegi handitu beharko liratekeelako, eta ez dirudi hori merkaturako ona denik. Beraz, Afrikan eta beste hainbat tokitan, gizakiak esklabo bizi dira, esplotatzaileen menpe eta oso baldintzapen txarretan, baina “mundu garatuaren” esanetara.

Horrela, etorkizuneko gizarteari begira jarri nahi izate honek, gizaki batzuk duela hainbat mende bezala bizitzera behartzen ditu. Zoritxarrez, oraingo errealitatea ere bada, iraganeko infernu hori.

Inork asmatuko ote zuen harri bat giza bizitza baino preziatuagoa izatera irits litekeela?

——————————————–

Egileaz: Maria José Moreno (@mariajo_moreno) kazetaria da.

Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.

——————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>