Asteon zientzia begi-bistan #64

Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?

arrainak

Geologia eta klima-aldaketa

Erupzio baten magnitudea jakiteko hainbat dira kontutan hartzeko datuak; besteak beste, kanporatzen duen materialen bolumena eta material honen tamaina. Duela 200 urte, 1815. urtean Indonesiako Sumbawa uhartean dagoen Tamboraren erupzioak 100 km kubiko inguru material jaurtiki zuen atmosferara. Leherketaren zarata 2.000 km-ra entzun zen, erupzioak berehalako iluntasuna ekarri zuen inguruan eta 600 km-ko distantziara ez zen bi egunetan eguzkia ikusi; honek berehalako tenperatura jaitsiera eragin zuen eta bai ondorengo laborantzen galera ere. Miren Mendia geologoak Zientzia Kaieran kontatzen digu hain handia izan zela eragina klima-aldaketa eragin zuela erupzioak. Izan ere, urte hura udarik gabeko urtea bezala ezagutzen da.

Nagore Irazustabarrenak behin kontatu zigun 1996an Warwicken (Ingalaterra) burututako geozientzia aplikatuei buruzko jardunaldi batzuetan aipatu zela, duela 200 urte Waterlooko guduan Napoleonek jasandako porrota erupzioaren ondorioa izan zela. Ez dakigu hau horrela izango zen baina gai interesgarria da, asteon kontatu diguna bezalakoa. Argian azaldu digu Bigarren Mundu Gerrako hegazkinek klima aldatu zutela. Birminghameko Unibertsitatearen azterketa baten arabera 1944ko maiatzaren 11n 1.400 hegazkin britainiar eta estatubatuar irten ziren Ingalaterratik kontinentera bidean. Ondorioz, lainoak ugaritzea eta tenperatura jaistea eragin zuen horrek eta base militarretan, zehazki, 0,8 ºC-tan egin zuten behera termometroek.

Osasuna eta medikuntza

Amaia Portugalek azaldu digu sormenak eta psikosiak erro genetiko bera partekatzen dutela ondorioztatu dutela Islandian egin berri den ikerketa batean. Izan ere, eskizofrenia edo desoreka bipolarra garatzeko arriskua handitzen duten zenbait aldaera genetiko ohi baino maizago aurkitu dituzte diziplina artistikoren bat lantzen dutenen artean. Baina, kontuan izan behar dugu lotura egon badagoela bi elementuen artean baina ez dela estu-estua, eta are gutxiago erabatekoa Zientzia Kaieran: Sortzaileen gogo zoragarria.

Jabier Agirre medikuak Argia aldizkarian kontatu digu azken urteotan gero eta pertsona gehiagok jotzen dutela medikuarengana zerbait jan ondoren kontrako erreakzioren bat jasan dutelako. Gehienek alergikoak direla uste dute, baina askotan intolerantzia dute. Eta nola bereiztu biak? Alergiak sistema immunitarioaren erreakzio bat eragiten du alergia zaion janariaren kontra. Intolerantziak, alterazio metabolikoak eragiten ditu, janarietako zenbait elikagairen digestioa, asimilazioa eta aprobetxamendua ezinezko bihurtzen dutenak.

Bestalde Ane Wyssenbach ikertzaileak diosku ondo elikatzeak zerebroa osasuntsu mantentzen laguntzen digula. Baina ba al dakigu zergatik duen harremana elikadurak eta gure garunaren osasunak?Achucarro Basque Center for Neuroscience zentroko ikertzaileak hau azaltzeko primateetan adierazgarri den adibide baten bidez azaltzen digu: Elikadura eta zerebroa.

Espaziotik bidaia: astronomia

Eider Cartonek eta Ana Galarragak espaziotik bidaiatzera eraman gaituzte asteon Elhuyar aldizkarian. Philaeri buruz hitz egin digute. Ezaguna egiten zaizue? ESAk (Europako Espazio Agentzia) 2004an bidali zuen espaziora Rosetta zunda. Ibilbide korapilatsua egin ondoren 67P/Churyumov-Gerasimenko kometara ailegatu eta barnean zeraman Philae modulua askatu eta kometaren gainean kokatu zen. Baina Philaeri bateriak agortu eta itzalean geratu zen, asteon lozorrotik atera eta seinalea bidali duen arte Philaek, 67P kometaren gainazaletik.

Philaeren lozorrotik ilargira eraman gaituzte jakinarazteko Columbiako eta Ouluko Unibertsitateetako astronomoek Ilargiaren inguruan hodei-geruza iraunkor bat dagoela frogatu dutela. Hodei-geruza hau hauts-partikulez osatuta dago, asimetrikoa da eta, astronomoen arabera, Ilargitik gertu abiadura handian igarotzen diren kometen ondorioz sortzen da.

—–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>