Dozena erdi datu interesgarri (1): Karraka, arriskuen mezularia

Dozena erdi ariketa eta datu interesgarri

Egunero zientzia eta teknologia dugu hizpide Zientzia Kaiera blogean. Ikerketak, pil-pilean dauden gaiak, argitalpenak, zientziaren historiaren pasarteak, zientzialariak eta beste hainbat dira protagonistak. Horrez gain, egon badaude inguruan tentuz erreparatzea merezi duten zientziaren historiako bestelako protagonistak.

Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultateko blogak ibilbide luzea du lan honetan. Urteak daramatza zientziarekin lotuta dauden hamaika datu, kontu eta istorio zabaltzen. Haren ildoa jarraituz, horrelakoak ekarriko ditu ostiralero gure blogera Uxune Martinez dokumentalistak. Ezagutzen ez ditugun bitxikeriei tartea ematea du helburu Dozena erdi datu interesgarri atalak. Informazio dosi txikiak eta freskagarriak udarako.

Hona hemen gure lehen datu interesgarria: Karraka, arriskuen mezularia.

karraka edo matraka

Mari-matraka izan nintzan umetan. Zarata eta zalaparta askoko neskatoa. Hori dio behitzat gure familiako historia ezkutuak. Datua egiaztatzeko Gaurko Hitza webgunera hurbildu naiz eta bertan baieztatu dut matraka hitzak istilu, korapilo, oihu, zaratots, algara, zalaparta eta beste hainbeste esanahi dituela eta testuinguru ugaritan duela erabilera.

Matrakak hotsarekin harreman zuzena du eta berriz baieztatu nuen Atienza herrian dagoen musika-tresnen museo pribatu batean. Gaztelaniaz “matraca edo tablillas” izena duen instrumentuak karraka, kalaka edo matraka izena hartzen du gurean. Instrumentu idiofonoa da. Hau da, hari, mintz eta aire-zutaberik gabeko instrumentua da eta soinua haren materialaren bibrazioz sortzen du.

Karrakak egun Portugalen, Europako iparraldean, Asian eta Hego Amerikan erabiltzen dira kantuei eta dantzei lagun eginez. Aner Arregi musikologoak, esaterako, kalaka berrasmatu eta Irlandan musika egiteko erabiltzen diren koilaren soinuaren eta kriskitinekin doinuaren antza duen musika-tresna sortu zuen duela urte batzuk.

Irudia: Aner Arregi musikologoaren kalaka musika-tresna.
Irudia: Aner Arregi musikologoaren kalaka.

Musikatik at, karrakak artaldeen kontra egiten zuten animaliak uxatzeko erabiliak izan dira. Haren soinuaren iskanbilak piztiak izutu egiten zituen eta ihesari ematen zioten otsoek, txakur basatiek eta bestelako animaliek mendian gora.

Izutzeaz gain, karrakak izan du beste zeregin bat, abisuan jartzea. Duela 101 urte, 1914ko uztailaren 28an Lehen Mundu Gerra hasi zen. Josu Lopez-Gazpio kimikariak azaldu zigun ordura arte ezagutu zen gerrarik suntsitzaileena izan zela berori.

Uztailaren 28tik kontatzen hasita 1.567 egun pasa zituen munduak gerran eta 10-12 milioi zibil eta 8-9 milioi militar hil ziren. Horietatik asko arma berri baten eraginez, gas toxikoak. Gas toxikoek izugarrizko triskantzak egin zituzten populazioan eta gas-maskarak ez ziren nahikoak ondorioak saihesteko, batez ere fosgenoa eta ziape-gasaren aurrean. Beraz, bizilagunak eta soldaduak gas toxikoen jaurtiketatik ohartarazteko, mezulari zaratatsu bat erabili zuten Lehen Mundu Gerran, karraka. Karrakari eraginez, gas toxikoen jaurtiketa iragartzen zuten.

Ondorioz, arrisku toxikoen mezularia izan zen karraka musika-tresna Lehen Mundu Gerran.

2 iruzkinak

  • Gure herrian (Arizkun, Baztan) karrakak ibili izan dira berriki arte –esan nahi dut nik ere ezagutu dudala hori– hiru gauzatarako gutxienez:
    – Aste Sainduan, elizako ofizio eta zeremonietan txilinaren ordez erabiltzen zuten eskolauek. Urte osoan ez bezala, apaizak sagaran kaliza goititzen zuenean, adibidez, eskolauek karrakarakin ateratzen zuten zarata, ez zute txilina jotzen.
    – Aste horretan, egun batez (baina ez naiz oritzen zein egun zen, ostegun edo ostiral sainduan) herriko karriketan ibiltzen ziren eskolauak karraka handi batekin joan-etorrika, sekulako zarata egiten zutela.
    – Etxeetan kanpoko animaliak zaintzeko ere erabiltzen zen. Barride baten behorra etxe ondora hurbiltzen bazen, adibidez, eta izutu nahi bazenuen, karraka aski lanabes egokia zen horretarako. Piztiak baserritik urruntzeko ere. Arriskuen mezularia bai, baina beste zentzu batean: arriskua urruntzeko balio zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.