Gure garunaren atlas berria

Garuna oso sistema dinamiko konplexua da. Alde batetik, substantzia grisa du eta, bestalde, substantzia zuria. Substantzia grisean egoten dira neuronak, alderdi sentsorialetatik eta garuneko beste alderdi batzuetatik datorren informazioa prozesatzen. Substantziak grisak dituen alderdiak zuntzen bidez elkarrekin lotzen ditu zuriak era efizientean komunikatzeko eta zeregin kognitibo konplexuetan laguntzeko.
Bitxia bada ere, zuntzen mapa hau garuneko errepideen modukoa da eta funtsezkoa da alderdi horien interakzio funtzionala, garunak behar bezala funtziona dezan. Izan ere, diotenez, pertsona batek kontsumitzen duen energiaren %20 garunak erabiltzen du, lotura horiek ezartzeko eta mantentzeko.

garunaren atlasa
1. irudia: Orain arte, garunaren atlasak anatomikoak (estrukturalak) edo erabat funtzionalak ziren, ez bien uztarketa.

Gaur arte, ikerketa asko izan dira garunak eta haren antolamendu estrukturalak nola funtzionatzen duten ulertzeko, baina asko dago ikasteko oraindik. Hala ere, argitasun apur bat eskaini berri du gai honetan Biocruceseko Neuroirudi Konputazionala ikerketa-taldeak garunaren atlas berri bat gauzatuz, patologiak ikertzeko bide alternatiboak irekiz.

Jesus Maria Cortes ikerketa-taldeko buruak eta Ibai Diez ikertzaileak adierazi dutenez egin duten ikerketan, hiru diziplinatako teknikak konbinatu dira: neurozientzia, irudien prozesamendua eta sareen teoria. Bereziki, garunaren datu estrukturalak (zuntzak) eta funtzionalak (garunaren jarduera funtzionala) elkartu dira eskala handian, nola antolatzen den analizatzeko. Analisiaren emaitzetan, garuna atlas batean zatikatzea lortu da, eta ikusi da eredu funtzional eta estruktural berari jarraitzen diola. Lehen aldia da, horrelako atlasa eratzen dena datu estrukturalak eta funtzionalak konbinatuta; orain arte, erabat estrukturalak (anatomikoak) ziren erabilitako atlasak edo erabat funtzionalak.

garunaren atlasa
2. irudia: Biocruces Institutuko ikertzaileek eratu duten garunaren atlas osotua.

Garunaren zatikatze berri honekin, lehen aldiz jartzen da ebidentzian zer-nolako mendekotasun indartsua dagoen lotura estrukturalaren eta lotura funtzionalen sareen artean. Atlasa sendoa da, eta banako askoren eredu gisa balio du (datuak beste subjektu batzuekin eta beste erresonantzia magnetikoko makinekin balidatu dira).

Patologia neurologiko askok eragiten diote nerbio-sistema zentralari eta horietako askok jatorri estrukturala izaten dute; esaterako, garuneko eta entzefaloko traumatismoak edota endekapenezko gaixotasunak diren alzheimer eta parkinson gaitzak. Beste batzuek jatorri funtzionala izan dezakete; buruko minak, migrainak eta baita krisi epileptikoak ere. Jakina da min estruktural batek alterazio funtzionala eragiten duela (alzheimerretako zuntz-galerak memoria-galera eragiten du, eta abar). Eta alderantziz ere gerta daiteke; eraso epileptiko askoren ondoren pertsonek galera neuronalak izaten dituzte zenbait alderditan. Hala, estrukturak eta funtzioak elkarrekin estu lotuta daude; izan ere, bateko alterazioek bestean eragiten dute, eta alderantziz.

Atlas berria subjektu osasuntsuen datuetatik lortu da. Orain, eskualde bakoitzeko alterazioak aztertzen ari dira zahartzean eta garuneko eta entzefaloko traumatismo moderatu-larria duten pazienteengan. Hemendik aurrera, atlaseko eskualdeetako alterazioak aztertuta, patologiak ulertzeko lagungarriak izan daitezkeen bide berriak irekiko dira.

Erreferentzia bibliografikoa:
I. Diez, P. Bonifazi, I. Escudero, B. Mateos, M.A. Munoz, S. Stramaglia and J.M. Cortes A novel brain partition highlights the modular skeleton shared by structure and function Nature Scientific Reports (2015). doi: 10.1038/srep10532

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Garunaren atlas berriak haren patologiak ikertzeko bide alternatiboak ireki ditu.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>