Arnas ariketak onuragarriak dira, birikietako ebakuntzaren ondoren

Birikietako erresekzioa (organo zati bat edo osoa erauztea) ebakuntza mingarrienetako bat da. Honako ebakuntza kirurgikoetan, birikari airea ateratzen zaio, eta berriz sartzen, ebakuntza amaitu ondoren. Baina, organoak ez du arnas ahalmen osoa berreskuratzen eta horrez gain, interbentziorik izan ez duen birikan ere arnas ahalmenak ere eragina du.
Aipatutako ondorio hauek leuntzeko, arnas fisioterapia onuragarria dela ondorioztatu du Ana Rodriguez UPV/EHUko ikertzaileak eta fisioterapeutak. Izan ere, ikertzailearen lanak erakusten du arnas ariketek murriztu egiten dituztela ebakuntzaren ondoko arazoak eta baita ere, ebakuntzaren ondoko ospitaleko egonaldia.

arnas ariketak
Irudia: Arnas ariketen programak nabarmen murrizten du birikietako ebakuntzaren ondoko arazoen tasa. Datuen arabera, bataz beste gaixoen ospitaleko egonaldia bi egun laburragoa da, ebakuntzaren ondoren gaixoa bizkorrago berreskuratzea dakarrelako fisioterapiak.

Orain arte, ebakuntza baino lehenagoko arnas fisioterapiak biriketako erresekzio ebakuntzetan duen eragina aztertu izan da; baina ez zekiten arnas ariketetan oinarrituriko programa batek zer-nolako eragina izan zezakeen birika segmentu bat, lobulu bat, bi lobulu edo birika oso bat kendu dioten pertsona baten susperraldian. Ebakuntza osteko arnas programen eraginak aztertu ditu Ana Rodriguez fisioterapeutak, Nafarroako Ospitaleko gaixoen 237 gaixoen datuak izan zituen ikergai. Guztira bi talderen emaitzak erkatu zituen: bata, ebakuntzaren ondoren fisioterapia tratamendurik izan ez zuten 114 gaixoz osatutako kontrol taldea zen. Eta, bestea, ebakuntzaren ostean alta hartu arte, arnas fisioterapia (20 minutuko ariketak) egin zuten 123 gaixoekin osatutakoa.

Talde bien datuak erkatu zituen ikerketan Ana Rodriguezek eta emaitzek adierazi zuten kontrol taldeko gaixoen %30,70ek arazoak izan zituela eta, talde esperimentalean aldiz, tasa hori %17,89koa izan zen.

“Ebakuntzaren biharamunean logelan sartzen zarenean, pertsonak tresnak eta zundak ditu inguruan. Hasiera bateko balorazioa egin eta ariketekin lanean hasi behar da. Gaixoaren joera da arnasa leuna egitea, eztulik eta hasperenik egin gabe; izan ere, arnasa hartzen duen bakoitzean mina hartzen du, nahiz eta medikuek sendagaien bidez mina egoki kontrolatu” azaldu du Ana Rodriguezek.

Minari aurre egiteko aktibatzen dituen defentsa mekanismoekin batera, ebakuntza egin dioten pertsonak mugikortasuna murriztu eta atseden hartu ohi du, baina, osatzeko estrategia onena mugitzea da. Izan ere, ariketa fisikoak berak laguntzen eta bizkortzen du berreskuratze prozesua.

Talde esperimentalak izan zuen ariketa programa egunerokoa zen eta 20 minutuko tratamendu saioak ziren, birikak berriz zabaltzeko, jariakinak errazago drainatzeko eta arnasari eta jarrerari lotutako gorabehera biomekanikoak zuzentzeko.

Ebakuntzaren ondoko arnas fisioterapiako ariketen xedea da aire jario eta bolumen ezberdinak sortzea, biriken bentilazio ahalmena handitzeko. Pizgarri bolumetrikoa erabiltzen da: tresna enboloduna da, biriketan sartu den aire kopurua markatzen duena. Gainera, eztul efektiboa entrenatzen da, metatutako jariakinak errazago kanporatzeko. Batez ere, pertsona hezten da, berreskuratze prozesuan partaidetza aktiboa izan dezan. “Gaixook eginiko lana eskertzen dute, eta, gainera, badakite ikasitako fisioterapia ariketak oso lagungarri izango zaizkiela etxera itzultzean” baieztatu du Ana Rodriguez fisioterapeutak.

Erreferentzia bibliografikoa:
Rodriguez-Larrad A, Lascurain-Aguirrebena I, Abecia-Inchaurregi LC, Seco J.Perioperative physiotherapy in patients undergoing lung cancer resection.doi: 10.1093/icvts/ivu126.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Fisioterapia biriketako ebakuntza egin dieten gaixoentzat.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>