Muturretan

Animalien aferak · Dibulgazioa

Beroa


Beroak eta hotzak animaliak hil ditzakete. Izan ere, tenperatura da bizitzaren baldintzatzaile nagusietako bat eta eragile fisiko horren menpe dago espezie askoren banaketa. Egia da muturreko tenperaturak jasan ditzaketen forma edo egoera bereziak dituztela zenbait animaliak. Baina egoera berezi horiek ez dira bizimodu arruntarekin bateragarriak. Izan ere, ingurune-tenperaturak mutur-muturrekoak badira ezin daiteke ohiko bizimodua mantendu, puntako tenperatura horiek hilgarriak gertatzen baitira. Zer da, baina, muturreko tenperaturatzat har daitekeena?

cataglyphis-bombycina
Irudia: Zilar inurria, (Cataglyphis bombycina) Saharako desertuan bizi da eta sei hankatik lau erabiltzen ditu, lurrazalarekin ahal den eta kontaktu gutxien izateko. Metro bat segundoko abiaduraz mugitzen da.

Bada, uretako eta lehorreko animalietarako desberdina da erantzuna. Oro har, lehorreko ingurumenean gertatzen dira tenperatura-aldaketa handiagoak eta bortitzagoak eta, horri loturik, altuagoak eta baxuagoak izaten dira muturreko tenperaturak. Lehorreko animalien artean 50 °C-takoa da, gutxi gorabehera, hiltze-tenperatura altuena, baina badira hori baino baxuagoak diren hiltze-mugak. Itsasoko animalien artean, berriz, nekez izaten dira 30 °C-tik goragokoak, baina marearteko aldean bizi direnak salbuespen ditugu. Marearteko horiek ezaugarri lehortarrak dituen ingurumen batean bizi direnez, tarteko hiltze-tenperaturak dituzte, eta uretatik kanpo denbora luzez egoten direnek are altuagoak.

Saharako basamortuko zilar inurriarena da ezagutzen den hiltze-tenperaturarik altuena. Inurri hori 54 °C-tik hurbil egon daiteke janari bila dabilenean, baina hori bai, minutu gutxitan egon daiteke tenperatura horretan. Bizitzaren ertzean dago, bai, zilar inurria!


Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.


Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.