Asteon zientzia begi-bistan #80

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluen bilduma da. Zientzia Kaiera blogaren igandeetako gehigarria.

asteon zientzia begi-bistan #80

Geologia eta arkeologia

UPV/EHUko diziplina askoko talde batek (arkeologoz, paleontologoz, geologoz, geokimikariz eta paleozeanografoz osatu dute taldea) iraganeko inguruneak berregin ditu hiru erregistro paleoklimatiko uztartuz; hala nola, ornodun txikiak, itsasoko mikrofauna eta belarjaleen isotopo egonkorrak. Kantauriar eskualdean Goi Pleistozenoan jazotako ingurumena berregin du taldeak ikerketa-lan honen bidez, 35.000 urte inguru hartuta. Ikerketak frogatzen du zenbait gertaera bero eta hotz izan zirela Kantauriar eskualdean, eta horiek bat datoz ipar hemisferioak Goi Pleistozenoan izan zuen bilakabide klimatikoarekin. Juan Rofes ikertzaileak dio ekarpen handia egiten diola eskualdeko eta kontinenteko historiaurreari: “Horren bidez, jakin dezakegu zein klima eta ingurumen esparrutan bizi izan zen iraganeko gizakia”.

Biologia

Juan Ignacio Pérezek eta Miren Bego Urrutiak aste honetan tenperaturari buruz hitz egin dute Zientzia Kaieran. Zehatz-mehatz muturreko ingurune-tenperatura izan dute mintzagai. Hau da, animaliek nola egiten diete aurre muturreko tenperaturari? Egileek diote lehorreko eta uretako animalietan desberdina dela erantzuna. Lehorreko ingurumenean gertatzen dira tenperatura-aldaketa handiagoak eta bortitzagoak. Lehorreko animalien artean 50 °C-takoa da, gutxi gorabehera, hiltze-tenperatura altuena. Itsasoan, ez dira 30 °C-tik gora pasatzen. Adibide bat dakarkigute: Saharako basamortuko zilar inurria, ezagutzen den hiltze-tenperaturarik altuena du animaliak. 54 °C-tik hurbil egon daiteke janari bila dabilenean!

Teknologia

3D inprimaketa bidezko fabrikazioa eta doitasunezko mekanizazioa konbinatzen dituen inprimagailua aurkeztu dute Ibarmiak, UPV/EHUk eta Tecnaliak. ADD+PROCESS izena du makinak eta zerotik hasita pieza bukatu bat lortzen duen ekoizpen-zentro autonomo gisa funtzionatzen du. Industria guztia goitik behera alda dezakeen inprimagailua da. Informazio osoa Elhuyar aldizkarian topatuko duzue.

Teknologiari jarraiki, aipatzekoa da ere Datink sistema. Agiri batean bolalumarekin idatzitako eta marraztutako eskuizkribuek uzten duten arrastoaz baliatuz, EHUko ikertzaile batzuek sistema bat garatu dute horien data finkatzeko. Juanma Gallegok Berrian azaltzen digu tinta mota horien konposizioan 2-phenoxyethanol izeneko disolbagarria dagoela eta hori lurruntzen joaten dela pixkanaka. Bada, lurruntze hori neurtzeko gai dira. Garatu duten sistema teknika iruzurrak atzemateko erabilgarria izango da. Adibidez, kontratu baten gainean egindako sinadura eta agirian zehazten den data bat ote datozen esateko gai izango dira.

Kimika

Oreka kimikoari buruz mintzatu da Gotzone Barandika Zientzia Kaieran. Oreka kimikoaren bitartez, konposatuen izaera eta joerak neurtzen dira. Dinamikoa da gainera. Sistema bat orekan egon dadin, partaideak aldatzeko prest egon behar dira. Gauzak horrela, konposatuen arteko bateragarritasuna azter daiteke eta aurreikus daiteke ere balizko erreakzioak espontaneoki gertatuko diren ala ez. Horretaz gain, joera espontaneoaren aurkako joera ere erakusten du. Adibide batzuk aipatzen ditu. Azido azetikoa eta azetatoa, esaterako, azido/base bikote bat osatzen dute. Bikotearen azidotasun konstantea txikia da, eta horren kariaz, azetikoa azido ahula da, eta azetatoa, base ahula. Ideia horri jarraiki, aipatzen du bikote desberdinetako kide azidoak eta basikoak elkar neutralizatzen direla. Horregatik hartzen da, besteak beste, bikarbonatoa (basea), bihotz errea (azidotasuna) tratatzeko. Kimika lagungarria da oso, oreka hori ikusteko.

Astrofisika eta astronomia

Hamabost urte bete dira Nazioarteko Espazio Estaziora lehenengo astronautak iritsi zirenetik. Horrezkero, NEEk ikertzen jarraitu du eta gizakiak egin duen ingeniaritza lanik garrantzitsuenetakoa da. Amaia Portugal kazetariak azaltzen digu bertan, besteak beste, biologia, bioteknologia, astrofisika eta fisika alorreko ikerketak egiten dituztela. NEEk futbol amerikarreko zelai baten antza du: 72,8 metro luze da; 108,5 metro zabal; eta hogei bat metroko garaiera dauka. Estazioa martxan jarri zutenetik, zazpi herrialdetako 220 lagun baino gehiago egon dira bertan.Guztira, 1.760 ikerketa lan egin dituzte. Bertan bizi diren astronautek 180 ibilaldi baino gehiago egin dituzte mantentze lanak egiteko eta esperimentuak jasotzeko. Aipatzekoa da ere, NASAk 2030erako aurreikusi dituen Marterako lehen bidaiak egin ahal izateko, garrantzitsuak direla NEEri esker bildu daitezkeen datuak.

Osasuna

Barreari ekin dio Maria Jose Morenok bere idatzian. Zientzia Kaieran azaltzen duenez, barrea burmuinaren alde eboluzionatuenean kokatuta dago. Horrekin batera, kreatibittea, esaterako. Estimulu bati emandako erantzuna da barrea. Barrearekin, eragin fisiologiko onuragarriak lortzen ditugu. Adibidez, badirudi epe laburreko oroimena hobetzen duela. Horretaz gain, frogatuta dago estresarena urka aritzean umoreak gaztetu egiten duela larruazala. Eragin analgesikoa ere badauka barreak. Onurak zerrendatzearekin, ezin dugu ahaztu, barre egiten dutenek immunitate-sistema osasuntsua dutela. Barre egitea osasuntsua da. Beraz, eragin iezaiozue aurpegiko 15 muskuluei!

Fedeafesek (Araba, Bizkai eta Gipuzkoako buruko erien elkarteen federazioak) bi ikerlan abiarazi ditu. Bertan, buruko eritasunak diagnostikatuta dauzkatenen bizi kalitatean eragiten duten alorrak zehaztu dituzte eta horietatik, proposamenak planteatu dituzte. Ondorio batzuk atera dituzte ikerketa horietatik. Adibidez, lan egiteak positiboki eragiten du erien bizi kalitatean, eta baita beste pertsonekin harremanetan jartzeak ere. Informazio osoa Berrian topatuko duzue.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.