Homeotermia

Animalien aferak · Dibulgazioa

Beroa


Animalia gehienen gorputz-tenperatura kanpoko tenperaturarekin aldatzen da. Askotan, tenperatura bera dute animaliek eta haien inguruak. Poikilotermo deritze animalia horiei. Horrek sekulako eragina izan dezake animalien funtzionamenduan, tenperaturaren menpe egon baitaiteke animalia horien jarduera.

Hala ere, tenperaturaren eraginarekiko menpekotasun hori leundu egin dezakete animalia batzuek. Oinarri molekular edo entzimatikoa duten mekanismoei esker lortzen dute leuntze hori, baina hemen ez gara mekanismo horietaz arituko.

Irudia: Homeotermoek, beren gorputzen tenperatura konstante mantentzen dute.
Irudia: Homeotermoek, beren gorputzen tenperatura konstante mantentzen dute.

Ornodunen bi klasek, hegaztiek eta ugaztunek, berriz, beste bide bat hartu dute ingurunearen tenperatura-aldagarritasunaren ondorioei aurre egiteko: gorputzetik at utzi dute aldagarritasuna; hau da, beren gorputzen tenperatura konstante mantentzen dute. Homeotermo esaten diegu animalia horiei. Homeotermoek eraendu egiten dute barne tenperatura, bero-fluxuak kontrolatuz. Ikus ditzagun jokabide horren mekanismo nagusiak.

Kontuak, funtsean, oso sinpleak dira. Azken batean, gauza bera egiten saiatzen gara gu geure etxeekin: guztiz lortzen ez dugun arren, geure etxeetako tenperatura konstante mantentzeko teknikak eta tresnak erabiltzen ditugu. Animalia baten gorputz-tenperatura konstante mantendu ahal izateko, berdin izan behar du animalia horrek galtzen eta irabazten duen beroak. Barneko jatorria du animalia homeotermo gehienen bero gehienak; hau da, metabolismo-jarduera da gure bero-iturri nagusia. Hortaz, lehen erabili dugun irudira itzulirik, metabolismoa etxe bateko berogailu gisa har dezakegu, jarduera metabolikoak berogailu baten antzera jokatzen baitu.

Beroa trukatzeko [1], lau modu daude: eroapena, konbekzioa, erradiazioa eta lurrunketa. Kontuak errazteko, esan dezagun animaliak beste masa batekin ukituan egon behar duela eroapena eta konbekzioa gertatu ahal izateko. Hortaz, eroapena esaten dugu ukitzen den masa hori solidoa denean, eta konbekzioa, berriz, likidoa edo airea denean. Funtsean, baina, prozesu fisiko bera da beti, ukitzen den beste masa batera igarotzea animaliaren beroa.

Beroa konbekzioz eta eroapenez galdu ahal izateko, animaliaren gorputzak ukitzen duen masa baino beroago egon behar du. Hiru faktoreren menpe dago bi era horietara galtzen den beroa. Lehen faktorea animaliaren eta beroa hartuko duen airearen edo uraren arteko tenperatura-aldea da. Guztiok dugu faktore horren eskarmentua: hotza egiten duenean beroa egiten duenean baino bero gehiago galtzen dugu. Bigarren faktorea ingurunearen eroankortasun termikoa da. Mundu guztiak du faktore horren berri ere: tenperatura berean, bero gehiago galtzen dugu uretan airean baino, uraren eroankortasuna airearena baino handiagoa delako. Hirugarren faktorea gorputz-azalarekin ukipenean dagoen masaren berriztatzearen abiadura da. Hau ere, ondo baino hobeto ezagutzen dugu: haizea dabilenean bero gehiago galtzen dugu eta arropa gehiago janzteko beharra sentitzen dugu.

Erradiazioaz eta lurrunketaz geroko kapituluetan arituko gara, baina esan dezagun erradiazioaren kasuan beroa galtzen duen masak eta beroa irabazten duenak ez dutela elkar ukitzen, eta lurrunketaren kasuan ingurumena gorputza baino beroago dagoenean ere gal daitekeela beroa.

Oharra:
[1] Animalia homeotermo gehienen kasuan (baina ez beti eta ez guztietan), galdu egiten da beroa. Hau da, noranzko bakarrekoak dira truke gehienak, kanporanzkoak alegia.


Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.


Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.