Zeliakia, bananak eta estatu-kolpeak

Ana Ribera

Egun, oso ezaguna da zeliakia, eta bere aurka egiteko, glutenik gabeko dieta behar da, proteina hori zereal gehienetan badago ere.
Istorio luzea da hau. 1887an, Samuel Gee medikuak deskribatu zuen lehen aldiz gaixotasuna Londoneko Haur Ospitaleko ume gaixoak behatu ondoren.  Hauek beherako zurixka bat zuten, giharretako mina, aldaketa asko jateko gogoan, ahulezia eta nekez hazten ziren. “Gaixotasuna geldo garatzen da beti. Larria izanda zein izan gabe ere, gaixotasuna hilabeteetan edo urteetan ere luzatzen da”, idatzi zuen.
zeliakia
1. irudia: Gaixotasun zeliakoa bizitza osoa irauten duen glutenarekiko intolerantzia da eta genetikoki horretarako joera duten pertsonetan agertzen da.

Geek ezer gutxi zekien gaixotasun honi buruz, eta sintomak besterik ez zituen ezagutzen, baina hasiera-hasieratik pentsatu zuen dietan zegoela gakoa. Honelako janariak agintzen zituen egunero joateko: behi-esnerik ez, frutak eta barazkiak, asto-esnea, ogia fin moztua eta bi aldeetan oso errea, eta kilo laurden muskulu holandar.

Columbiako Unibertsitateko kidea eta medikua zen Christian Herterrek, “On Infantilism from Chronic Intestinal Infection” izeneko artikulu bat argitaratu zuen 1908an. Zientzialariek zeliakia izena jarri zioten gaixotasunari, “Gee-Herterren gaixotasuna”. Garai hartan uste zuten birus batek edo bakterio batek eragina izan zitekeela, edo bestela bazitekeela gibelaren edo pankrearen okerreko funtzionamenduaren ondorioa izatea. Gorozkietan gantza zegoen eta hori zela eta, medikuek pentsatu zuten onuragarria izango zela gantz gutxiko jan-neurri bat. Horrela, 1939an, horrelako jan-neurri bat preskribatu zen, bitaminak gehituta. Hala egin zen 73 gaixotasun kasu aztertu ondoren.

Williem Dicke Juliana de la Haya Haur Ospitaleko zuzendari medikuak uztartu zituen lehendabizi gaixotasuna, eta barazkiak eta garia. Gari gabeko dietetan ikertzen hasi zen eta zorrotz behatu zituen pazienteak, gero zehaztapen guztiak biltzeko. 1941ean argitaratu zituen bere ikerketak: “Dieta bakuna da eta opilik gabea”.

Willem Dickeren teoria, II Mundu Gerrari esker egiaztatuko zen. 1944.ean, Alemaniaren enbargoak eta urte hartan gertatu zen negu gorriak “Gosearen Negua” deitu izan zena ekarri zuten Herri Behereetara. Populazioa goseak zegoen baina zeliakoek oro har hobera egin zuten. 1945ean ogia berriz iritsi zen eskualdera, eta zeliakoen sintomak larriagotu egin ziren, ordura arte glutendun janaririk eskuragarri izan ez zutenengan.

II Mundu Gerra bukatu ostean, Dickek eta beste ikertzaile batzuek esperimentu gehiago egin zituzten, eta egiaztatua geratu zen glutena zela zeliakia eragiten zuena, eta, jakina, glutenik gabeko dieta zela konponbidea. 1956an, heste-biopsiak egiten hasi ziren, eta horrela, egiaztatu zuten glutenak eraldatu egiten zuela zeliakiak jotako pazienteen heste-mukosa.

Ados zegoen mundu guztia,…estatu batuarrak izan ezik. Izan ere, azken hauek ez zeuden Dickeren hipotesian sinetsita, zeren eta liluratuta baitzeuden Sidney V. Haas izeneko pediatra baten hitzekin eta bere banana-dietarekin.

2. irudia: XX. mendearen hasieran banana-dietaren ospea izugarria izan zen eta hainbat gaixotasunen kontrako borrokan erabili zen.

1913an, 12 banana lor zitezkeen 25 zentaboren truke, baina bi platano baizik ez zenuen lortuko salneurri horretan. Bananak, harrigarriro, oso kuttunak, exotikoak eta merkeak ziren. Zergatik ote?

Zeren 1899an, itsasgizon bat eta burdinbideetako langile bat elkartu egin ziren, Amerikako Estatu Batuetan den enpresa handi, garrantzitsu eta ezagunenetako bat sortzeko: United Fruit Company. Enpresa hau zen Erdialdeko Amerikako plantazioen jabea, eta produktua lantzeko lantegia eraiki zituen. Bere esku zeuden era berean, garraiorako trenak eta itsasontziak eta salgaia uzten zen portuen jabea ere bazen. Horregatik zituzten hain salneurri txikiak. Edonola, ia esklabo ziren hango langileak, eta Estatu Batuak gainera, bananaz gainezka zegoen.

United Fruit enpresak gainera, oso publizitate-kanpaina indartsua garatu zuen, bananen ontasunak agerian uzteko. Mediku eta nutrizioan adituak ziren iritziak ere hedatu zituzten, bananak janaririk onenak izango bailiren plazaratuta, edozein gaixotasuna ezabatuko baitzituzten. Tankera honetako kanpainak egun ere egiten dira, baiekin, ginsengarekin edo beste edozein gauzarekin.

Orduantxe hasi zen Hass doktorea bere paziente batzuk bananaz eta esnez osatutako dieta batekin tratatzen. Gelatina pixka bat, salda eta okela pixka bat ere ematen zien.

bananak eta esnea
3. irudia: AEBetan 1950.eko hamarkadan bananak eta esnea jatea sustatzea helburu zuen kartela.

Zer esanik ez, 10 pazienteetatik zortzik nabarmen egin zuten hobera, eta handitzen eta loditzen hasi ziren. Hassek artikulu bat argitaratu zuen, bere tratamenduaren emaitza liluragarriak plazaratzeko. Egia da bere pazienteak izugarri hobetu zirela, baina ez bananak jaten zituztelako, glutenik jaten ez zutelako baizik. Hassek ez zekien glutenak zer eragiten zuen, ezagutzen ez zuelako Dickeren lana, eta horrela, bananei egotzi zien meritu guztia. Bere ustez, bananek bazuten entzima berezi bat, almidoia hidrolizatzen zuena eta ondorioz gaixotasuna arintzen zuena.

Banana-dietaren ospea izugarria izan zen. Haasek lortutako arrakasta lortu ostean, diabetesak jotako pazienteengan ere probatu zen. Jakina, diabetesa ez zen desagertu, baina pazienteak asko argaldu ziren.

Horixe nahi zuen gizarteak, sendatu egiten zuen farmako bat, gainera argaldu egiten zuena. Bananak etxe guztietara heldu ziren, eta ezinbestekotzat jotzen ziren ume txikientzat edo handientzat, eta bai argaldu egin nahi zuten helduentzat ere. II Mundu Gerrak trenen eta garraio militarren konfiskazioa ekarri zuen, eta ondorioz, platano gutxi zeuden eskuragarri. Egunkarietan azaltzen ziren hainbat ama, umeentzako bananak etsita bilatzen.

United Fruit Company konpainiak iragarri zuen ahalegin guztiak egingo zituela bananak eskaintzen jarraitzeko. Gainera, esaten zuten beste abantaila batzuk ere bazeuzkatela, zeliakiaren aurkako ahalmenaz gain.

Bananen negozioa goraka zihoan eta bazirudien enpresa horrek ez zuela inoiz mugarik aurkituko. 1951n United Fruit konpainia gobernua akuilatzen hasi zen, bere diru-laguntzekin Guatemalako presidentea estatu-kolpe baten bidez erorarazteko. Izan ere, Jacobo Árbenz nagusi zen herrialde hartan zeuzkan konpainiak bere banana-plantazio handienak. “Bananaland” esaten zioten Guatemalari. Konpainiak ezin zuen onartu bere plantazioak nazionalizatzerik, eta ez eta bere negozioen aurkako inongo eragozpenik ere. Árbenz erorarazi egin zuten eta Estatu Batuek Castillo Armas koronela jarri zuen bere ordez. Castillo Armasek babestu egin zuen United Fruit konpainiaren negozioa, Estatu Batuak beti ere bananaz betetzen, eta bananen ustezko abantailen berria hedatzen.

Zeliakiari buruz eta gezurrezko dietei buruz gehiago jakiteko Alan Levinovitzen “The gluten lie” irakur daiteke. Laster gaztelaniaz argitaratuko da lan hau.

United Fruit konpainiari buruz eta bananei buruz jakiteko, Adam Wstbrooken “Bananas, Sardines and Sharks” saio bikaina ikus daiteke.

Bananas, Sardines and Sharks from Delve on Vimeo.

——————————————–

Egileaz: Ana Ribera (@molinos1282) historialaria da eta telebistan dihardu lanean duela 14 urte.

Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.

——————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>