Bederatzigarren planeta ote?

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Neptunoz harago, Lurraren masa halako hamar duen eta eguzki sisteman ezohikoa den orbita daukan planeta bat dagoela uste dute Mike Brown eta Konstantin Batygin ikertzaileek. Kuiperren gerrikoan dauden zenbait gorputzetan detektatu dituzten mugimendu bitxiek eman dizkiete ondorio horretara iristeko zantzuak.

2006an, Plutonek eguzki sistemako bederatzigarren planeta izateari utzi zion, Nazioarteko Astronomia Elkarteak adostuta. Erabaki horretan zerikusi handia izan zuen Mike Brownek, Caltecheko ikertzailea. Izan ere, bere taldeak Eris astroa aurkitu zuen 2005ean: eguzki sisteman, Neptunoz haraindi, orain arte aurkitutako gorputz handiena. Pluton bera baino handiagoa da Eris, eta orduan indarrean zegoen definizioaren arabera, hamargarren planeta behar zuen izan; baina aurkikuntza hark zer pentsa eman zien astrofisikariei, eta hitzaren definizioa gainbegiratu behar zutela ikusi zuten. Hori horrela, Pluton, Erisekin batera, planeta nano izeneko kategoria berrian sartu zen, eta ordutik, eguzki sistemak zortzi planeta ditu.

Bada, orain Mike Brown zorrak kitatu nahian dabilela dirudi: Konstantin Batygin lankidearekin batera, bederatzigarren planeta bat egon badagoela iradokitzen duten zantzuak aurkitu ditu. Hala azaldu dute, The Astronomical Journal aldizkarian argitaratu duten artikulu batean.

Brownek eta Batyginek egindako lana azaltzen duen bideoa, ingelesez

Planeta honen masa Lurrarena halako hamar izango litzateke, eta Neptunorena baino zertxobait txikiagoa. Bere orbita litzateke bereizgarri nagusia: oso desberdina gainerako zortzi planetenarekin alderatuta, eta ikaragarri zabala. Horren erakusle, Jupiterrek hamabi urte behar ditu eguzkiaren inguruan bira bakarra egiteko; bederatzigarren honek, aldiz, 20.000 urte beharko lituzke.

Planetaren balizko neurriak ezagutu arren, bi ikertzaileok ez dute gorputz hori benetan ikusi, baina argudio sendoak dituzte, izan badela ondorioztatzeko. Chad Trujillo eta Scott Sheppard ikertzaileek Kuiperren gerrikoari buruz egin zuten lan bat izan dute abiapuntu. Neptunoren orbitatik kanporantz dagoen eguzki sistemako eremua da Kuiperren gerrikoa; planeta nano, asteroide eta bestelako gorputz ugari dago bertan. Objektu horien orbitei erreparatuta, hamahiruk antzekotasun susmagarriak zituztela ikusi zuten Trujillok eta Sheppardek, eta horrek Brownen interesa piztu zuen.

Batyginekin batera ikertzen hasi, hamahiru objektu horien artean urrutien zeuden seiak hartu, eta hor aurkitu zuten gakoa: sei gorputzon orbitetan, lerrokatze eta inklinazio mota berberak ikusi zituzten, eta planeta baten grabitatearen indarrak ezin hobeto azaltzen du, kasualitatea izateko oso aukera gutxi dituen fenomeno hori. “Urrutien dauden objektuek, denek era berean egiten zuten bira; oso modu arraroan, gertatu behar ez zuen moduan. Konturatu ginen, denak norantza berean mugitzen ari baziren, planeta masibo batek egon behar zuela hor, eguzki sistemaren barruan baina oso urrun. Planeta horrek nor bere tokian mantentzen zuela, eguzkia inguratu bitartean”, dio Brownek.

Irudia: Bederatzigarren planeta eta Kuiperren gerrikoko objektuak erakusten dituen irudia. (Argazkia: Caltech / R. Hurt (IPAC))
Irudia: Bederatzigarren planeta eta Kuiperren gerrikoko objektuak erakusten dituen irudia. (Argazkia: Caltech / R. Hurt (IPAC))

Eguzki sistemako gainontzeko planetekin alderatuta, bederatzigarren hau desberdina litzateke, beraz. Gure sistematik kanpo dauden beste askorekin konparatuz gero, ordea, ez da hain arraroa. Izan ere, ikertzaileok azaldu bezala, tamainaren aldetik planeta gehienak bederatzigarren honen modukoak dira: Lurraren masa halako hamar izatea ez da harritzeko moduko zerbait.

Bestalde, orbitari dagokionez, eguzkiaren moduko beste izar batzuen bueltan dabiltzan planeten artean, gorabehera handiak izaten dira maiz. Hau da, sistema berean, izarretik oso gertu, ikaragarri urrun, eta askotariko inklinaziotan orbitatzen duten planetak topatzea da ohikoena. Hain zuzen ere, eguzki sistema salbuespentzat jo izan da hemen: gurean, planeten orbitak nahiko erregularrak dira elkarren artean, eta hori da arraroa. “Azken finean, agian normalagoak gara”, gaineratu du Batyginek.

Hipotesia planteatuta, planeta hori topatzen ahaleginduko dira astronomo asko ziurrenik. Tresna arruntak ez dira aski izango horretarako, baina Brownen ustez, munduko teleskopio handienek detektatzeko moduko distantzian legoke bederatzigarren planeta.

Informazio gehiago: The Search for Planet Nine

Erreferentzia bibliografikoa:
Konstantin Batygin and Michael E. Brown. Evidence for a distant giant planet in the solar system. The Astronomical Journal (2016), Volume 151, Number 2. doi: http://dx.doi.org/10.3847/0004-6256/151/2/22


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.