Metabolismoaz (I)

César Tomé López

Metabolismoa da organismo bizietan etengabe gertatzen diren aldaketa kimikoen multzoa, zeinari esker elikagaietatik energia eta molekula sinpleak lortzen diren, eta horietatik molekula konplexuak sintetizatzen.

Mediku hipokratikoek “egosketa” esaten zioten elikagaiak gorputzaren humore bihurtzeari, sukaldaritzarekin analogia eginez. Analogia hori oinarria izan zen azpian zeuden prozesuak imajinatzeko, XVII. mendera arte. Anatomista greziarrak —Aristotelesetik Galenoraino— gorputzeko barne-organoak gero eta zehatzago deskribatuz joan ziren; horrela, nutrizioa ahoan hasten zen antzeko transformazioen sekuentzia gisa ikustera iritsi ziren, urdaila eta hesteak zeharkatu eta odol-hodietan bukatzen zena odol forman. Odola zen fluido nutritibo nagusia.

Anatomista klasikoek gorputzak masa etengabe galtzen duela ere bazekiten, ez soilik iraizkinen bidez, baizik eta baita transpirazioikusezinaren bidez ere. Ezagutzen den esperimentu zaharrenetako bat da txori batean transpirazioaren bidezko pisu-galera neurtzeko saiakera, jandakoaren kopurua eta iraizkin solido gisa kanporatutakoa alderatzen zituena.

Balantze mota horien ikerketa sistematikoa Santorio Santorio-rekin hasi zen benetan. Veneziako mediku horrek, XVII. mendearen hasieran, Galileoren printzipio mekanikoak sartu zituen fisiologiaren ikerketetan: bere burua baskula handi batean pisatu zuen bere janari eta iraizkinekin batera. Horrela, 30 urtetan egunero ikusitako ezberdintasunetatik abiatuta, balio bat topatu ahal izan zuen azalean eta biriketan zehar transpirazio hautemangaitzaren bidez galtzen zuen materiarentzat, eta baita balio horren bariazioa kanpo- eta barne-faktore jakin batzuen arabera.

Irudia: Galileoren asmakizunak aplikatu zituen medikuntza jardueretan, esate baterako termometroa eta pultsazioen erlojua. 1614an Statica De Medicina (Medikuntzako neurketei buruz") liburua argitaratu zuen.
Irudia: Santorio Santorio XVII. mendeko mediku veneziarrak, Galileoren asmakizunak aplikatu zituen medikuntza jardueretan. Adibidez, termometroa eta pultsazioen erlojuak inplementatu zituen haren lanean eta 1614. urtean Statica De Medicina (Medikuntzako neurketei buruz) liburua argitaratu zuen.

XVII. eta XVIII. mendeetan, gorputzaren nutrizio-trukeak azido-alkali erreakzioekiko (hots, hartzidurekiko) analogia bidez azaltzen hasi ziren, goraka zihoan kimikak aztertzen zuenaren bidetik. Azalpen horiek etxeko ekonomiaren analogiarekin batera bizi ziren, zeinaren arabera animalia-ekonomia deitzen baitzitzaion transformazio multzo horri.

Antoine-Laurent Lavoisier-ek guztiz aldatu zuen transformazio multzo horiek ulertzeko modua, arnasketa beroa eta lana eragiten dituen errekuntza motela delako teoria proposatu zuenetik. Teoria horren arabera, elikagaien behar etengabearen arrazoia etengabe galtzen ziren karbonoa eta hidrogenoa ordezkatu beharra zen.

XIX. mendearen hasieran bizkor garatu ziren landareen eta animalien kimika, eta bien fusioak kimika organiko izenaz ezagutuko zena sortu zuen. Horrek oinarri askoz sendoagoak eman zituen izaki bizidunen aldaketa kimikoak aztertzeko. Mende horren 40ko urteetan, alemaniar literatura zientifikoan hitz berri bat sortu zen, izaki bizidunetan etengabe gertatzen diren prozesu kimikoen multzo hori zehazki izendatzeko: Stoffwechsel (hitzez hitz, “materia aldaketa”). Denbora batez, metamorfosi hitz generikoaz itzultzen jarraitu zen; alemanez termino generiko hori erabiltzen zen laborategian konposatu organikoen edozein erreakzio kimiko deskribatzeko, bereziki deskonposizio partzialak.

Zelularen teoriari buruzko tratatu ezagunean, Theodor Schwann-ek lehen aldiz erabili zuen metabolische adjektiboa, zelulek beren barruko molekuletan edo inguruko fluidoetan eragin dezaketen aldaketa kimiko bat inplikatzen duten fenomenoak aipatzeko. Frantsesezko testuak hasi ziren Stoffwechsel hitza le metabolisme hitzaz itzultzen, eta hortik terminoak gainontzeko latin-hizkuntzetara eta ingeleserako bidea egin zuen. XIX. mendean, Michael Foster-ek fisiologian erreferentziazkoa den testu-liburu bat idatzi zuen, eta bertan metabolismo terminoa erabiltzen du estandar gisa.

——————————————–

Egileaz: Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena: Leire Martinez de Marigorta

Hizkuntza-begiralea: Gidor Bilbao

——————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>