Haurren begirada garbia

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Jaiotzetik katarata zuten hamabi umek ikusmena berreskuratu dute, azkar eta arazo handiegirik gabe. Ohiko ebakuntza konplexuaren ordez, prozedura berritzailea aplikatu diete: kristalino berria eta garbia birsortu dute, begiaren barruan eta beren kabuz, organo horretan dauzkagun zelula ama zehatz batzuei lan egiten utzita.

Kristalinoari gardentasuna falta zaionean, bertan agertzen den orban modukoa da katarata edo begi-lausoa. Munduan, itsuak diren edo itsu geratu diren bi lagunetik batek begi-lausoaren ondorioz galdu du ikusmena. Oro har, adinean gora egin ahala agertzen den gaitza da, baina badira sortzetiko kataratak ere. Hau da, haur batzuek jaiotzen diren unetik bertatik dute lausotuta kristalinoa. Argia erretinara iristea galarazten du horrek, bai eta garunak informazio bisuala jasotzea ere, eta ikusmena nabarmen mugatzen zaie, beraz.

Arazo larri hori konpontzeko egin ohi den ebakuntza ez da nolanahikoa. Kaltetuta dagoen kristalinoa desegin, eta horren ordez, begian lente artifizial bat txertatzean datza. Prozeduraren ondoren arazo berriak sortzen dira, ordea. Esaterako, kristalinoa kentzeko begian egiten diren ebakiek hanturak eragiten dituzte maiz. Gainera, ebakuntza haurrei egiten zaien kasuetan, umeak hazi egiten dira baina lente artifiziala ez, eta horregatik, oso litekeena da etorkizunean ebakuntza gehiago behar izatea.

Katarata
1. irudia: Begi-lausoa, gertutik ikusita. (Argazkia: Rakesh Ahuja, MD / CC BY-SA 3.0)

Bada, Txina eta AEBtako ikertzaile batzuek hamabi haurren ikusmen arazoak konpontzea lortu dute, orain arte inoiz egin gabeko katarata ebakuntza bati esker. Hain zuzen ere, haien begietan bertan hazten diren zelula ama zehatz batzuk baliatu dituzte, kristalinoa berez birsortzeko, eta hala, lente artifizialek dakartzaten arazoak saihesteko. Nature aldizkarian eman dute aurrera pauso garrantzitsu honen berri.

Kang Zhang San Diegoko Medikuntza Eskolako (Kalifornia, AEB) ikertzaileari bururatu zitzaion ideia. Katarata ebakuntza arruntetan, kristalinoa ez ezik, haren ertzean agertzen diren zelula zehatz batzuk ere erauzten dira: kristalinoaren zelula ama epitelialak (LEC). Kristalinorako ordezko zelulak sortzen dituzte, baina batez ere haurren kasuan, ordenarik gabe eta oso modu nahasian hazten dira, eta horregatik kendu behar izaten dituzte horiek ere. Baina Zhang doktoreak pentsatu bezala, zelula ama horiek erabilgarri bihurtzeko modua aurkituz gero, ez lirateke kendu beharko. Kontra, gaixoek kristalino osasuntsua birsortu ahal izango lukete ordezko zelulen bitartez; begiaren barruan bertan, eta beren kabuz. Lausoa sendatzeko modu askoz ere eraginkorragoa eta hobea litzateke hori.

Horixe bera egin daitekeela erakutsi dute ikertzaileok, artikulu honetan azaldu dutenez. Lehenik eta behin, LEC zelula horiek kristalinoa birsortzeko potentzialtasuna badutela egiaztatu dute. Horren ondotik, kristalinoaren inguruko mintza ez kaltetzeko ebakuntza metodo berri bat garatu dute; mintz horrek lagundu egiten baitio kristalinoari, ondo funtzionatzeko behar duen formari eusten. Azkenik, LEC zelulak behar bezala estimulatzeko modua aurkitu dute, hartara kristalino berri eta funtzionala osatzeko gai izan daitezen.

kataratak izan dituen umea
2. irudia: Tratamendua jaso duen haurretariko bat. (Argazkia: Kang Zhang eta YiZhi Liu ikertzaileak / CBSNews)

Zhangek esan bezala, “zelula amen ikerketaren helburu nagusia da norberaren zelula amen birsortze ahalmena piztea, ehunak eta organoak konpontzeko eta gaitzen terapian baliatzeko”. Hori horrela, bestelako animaliekin emaitza arrakastatsuak lortu eta gero, sortzetiko begi-lausoa zuten bi urtetik beherako hamabi umeri aplikatu zitzaien metodo berria. Ohiko katarata ebakuntza egin zitzaien haurrekin alderatuta, hamabi ume horiek ez zituzten hainbeste hantura eta bestelako arazo izan, eta azkarrago osatu ziren ebakuntzaren ondoren.

Baina garrantzitsuena zera da: prozedura berriari esker, hiru hilabeteren buruan, kristalino gardenak eta orbanik gabeak birsortu ziren hamabi gaixo txiki hauen begietan.

Erreferentzia bibliografikoa:
Haotian Lin et al. Lens regeneration using endogenous stem cells with gain of visual function. Nature (2016). Published online 09 March 2016. doi:10.1038/nature17181


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.