Txapeldunak: jaiotzez edo izerdiz?

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Txapeldunak jaio egiten dira edota urteetan zehar urratsez urrats doaz lan gogorrari ekinez, txapel hori josten? Kalean denetarik entzun dezakegu galdera hau eginez gero. Kirol-Genetikarien artean ere, gaur egun ez dago adostasunik.

Beste hitz batzuetan, historia guztian zehar egon da Nature vs. Nurture eztabaida, edo hobe esanda borroka sutsua. Nature bezala ulertzen ditugu jaiotzez ditugun gaitasunak eta Nurture moduan bestalde, gure ingurua, kasu honetan kirol-plangintza, orokorrean entrenamenduak eta nutrizioak dakarkigutena.

nature or nurture
1. irudia: Nature vs Nurture / Nurture vs Nature

Idazten duenaren aburuz egia bi ikuspuntuen erdian egongo litzatekeela kontua, askotan gertatzen den bezala. Baina bakoitzak bere ondorioak atera ahal izateko, ikus dezagun goazen azaltzera Nature edo Nurturen babesleak zer dioten.

Nurture

Nurture delakoaren garrantzia, Gladwellek garatutako 10.000 ordu izeneko teorian islatzen da. Hitz gutxitan, teoria honek dio edozein dela jarduera jakin batean maila gorenean aritzeko gai, baldin eta aurretik 10.000 orduz entrenatzen bada.

Entrenamendu hori baliagarria izateko, nahita berariaz eta kontzentratua egin behar da jarduera ordu horietan zehar. Hasiera batean, musikarietan ikertu zen teoria eta jada esparru horretan ikusi zen teoriak huts egingo zuela, kide batetik bestera desberdinak zirelako bai “maila gorenak”, bai eta maila horiek lortzeko behar zen denbora ere.

Kirolaren esparruan munduan ere ikusi da, pertsona kide, gizaki batzuek 3.000-4.000 ordu behar dituztelarik ere, gerta daiteke beste batzuek 8 aldiz gehiago behar izatea, edo besterik gabe maila handi batera ez iristea. Hori guztia “maila handia” delako kontzeptuaren subjektibotasuna onartuta noski. Hala eta guztiz ere, asko dira oraindik gaur egun teoria honi eusten diotenak.

Nature

10.000 orduren teoriaren beste muturrean, Nature hutsa aurkituko genuke. Hau da, jaiotzez talentu izugarria erakusten duen gizakia eta entrenamendu gutxi eginda ere txapeldun bihurtzeko aukerak dituena. Esan beharra dago, gaur egungo kirol profesionala mutur honetatik gertuago dagoela. Izan ere, askotan nerabezaroaren hasieran egiten da kirolarien aukeraketa, adin horretan maila altuena adierazten dutenen artean.

Zergatik? Alde batetik, entrenatzailearentzat errazagoa delako eta bestetik, aukeratuak direnak bestelako kirol-plangintza batean hasten direlako, txapelketa berezietan parte hartuz eta abar. Ondorioz, aukeratu eta ezaukeratuen arteko mailaren desberdintasuna areagotuz joan ohi da. Horregatik, gaur egungo selekzio-sistema gehienetan, adin jakin batean aukeratua ez den kirolariek nekez lortuko dute hurrengo urteetan aukeratuak izatea.

Baina bakarra ote da nerabezaroan eta aldez aurretik entrenamendurik jaso gabe “ageri” den talentua?

Irudia: Donald Thomas kirolaria altuera-jauzian lortutako garaipena ospatzen. 2007ko Munduko altuera-jauzien txapelketa parte hartzen zuen lehenetariko lehiaketan zen. (Argazkia: Eckhard Pecher/Wikipedia CC BY 2.5)
2. irudia: Donald Thomas kirolaria altuera-jauzian lortutako garaipena ospatzen. 2007ko Munduko altuera-jauzien txapelketa parte hartzen zuen lehenetariko lehiaketan zen. (Argazkia: Eckhard Pecher/Wikipedia CC BY 2.5)

Donald Thomas altuera-jauzilaria orain arte hizpide hartu dugun, aipatu dugun dugun talentuaren adibide ezin hobea da. Bera saski-baloiko jokalaria zen eta lagun artean egonda, berarekin atletismoa egiten zuen horietako batek ondorengo apustua egin zion: ezetz metro eta erdiko altuera garaiera baino gehiago saltatu. Donaldek harrituta utzi zituen denak, erraz gainditu zuelako garaiera hori. (Ondorengo bideoan ikus dezakezue Donald Thomas berak lagun artean eskaintzen duen jauzia lagun artean.)

Lagunak, bere atletismoko entrenatzailearekin hitz egitea gomendatu zion eta azkenean, altuera-jauzian hasi zen, baina dirudienez ganorarik gabe astean birritan eta patxada handiz. Hortik hilabete gutxira bada, lehena geratu zen Osakako 2007ko munduko txapelketan, 2.35 metroko jauzia eginda! (Ondorengo bideoan Donald Thomasek kontatzen du bere istorioa.)

Hala ere, ondorengo urteetan eta orain bai gogoz saiatu baldin bazen ere, ez zuen lehenengo marka hori hobetu. Oso harrigarria zen marka, baina hori bezain harrigarria zen geroztik marka ez gainditzea. Hau da, entrenamendurik gabe talentu izugarria izateak ez du ziurtatzen kirol-plangintza batekin nabarituko den hobekuntza ere oso handia izango denik.

Bestalde, badaude entrenamendurik gabe maila baxua erakutsi arren, entrenatuz gero nabarmen hobetzen duenak ere. Hori dela eta, Stefan Holm adibide ezin hobea da 10.000 orduko teoriaren alde. Stefan, txikitatik hasi zen altuera-jauzian eta urtez urte, bere markak poliki poliki hobetzen joan ziren. Azkenean, 2004ko – Atenaseko Joku Olinpikoetan txapelduna geratu zen, 2.36 metroko jauzia lortuta. Gaur egun, inork ez du Stefanen talentua zalantzan jartzen baina mutil koxkorra besterik ez zenean, nekez aurresango genuen hainbestekoa izango zela talentu hori

Entrenamendu bidez hobetzeko ahalmen horri “entrenagarritasuna” deitzen zaio. Kirolaren historian zehar, ezkutuko talentutzat hartu da ahalmen hori, eta askotan, entrenatzaileak beraiek ere ez dakite zergatik hobetzen duen kirolari batek hain nabarmen bere maila bat-batean.

Biologiaren ikuspuntutik, oso interesgarriak dira bi kasu hauek. Oso interesgarria suertatzen da bi kasu hauek aztertzea. Alde batetik, Donald Thomasek Aquilesen tendoia izugarri luzea du, eta hankak ere oso luzeak bere garaierarekin alderatuta (1,88 metro). Horretan oinarritzen da bere jauzi egiteko ahalmena. Beraz, “malguki” handiak ditu eta horregatik jauzten du hainbeste baina, malguki horiek hobetzeko gaitasuna mugatua da.

Stefan Holmek ordea, askoz ere txikiagoa du Aquilesen tendoia, baina gizaki gehienok baino lau aldiz gogorragoa, guti gorabehera. Alde batetik, gogortasun horrek abiada bizian aritzeari eustea ahalbidetzen dio eta bildutako energia hori jauzi handia bihurtzeko ere. Gainera, gogortasun horrek entrenamendu bortitzak jasateko aukera ematen dio, eta horrek era berean tendoia gero eta gehiago indartzen du. Horretan datza bere “entrenagarritasun” izugarria.

Laburbilduz, kirolari bakoitzak maila jakin bat du entrenatu baino lehen, eta beste bat entrenatu eta gero; bien arteko desberdintasunari entrenagarritasuna entrenabilitatea deritzo.

Orain arte esandakoak hurrengo galdera egitera behartzen gaitu: Zein da entrenabilititate maximoa garatzeko bidea? Berdina izango al da kirolari guztientzat?

Jarrai dezagun gure bi jauzilarien adibidea garatzen.

Esan dugu Holmek Aquilesen tendoia izugarri gogorra izanda, kirol-plangintza oso zorrotza har lezakeela. Bere kasuan, abiada handian egiten zituen jauzi ugari egunero. Donald Thomasek, bere hobekuntza faltarekin kezkatua, Holmen entrenamendu mota berberari ekin zion. Baina, etekin berdina atera al zion? Ez ba, lesionatzea besterik ez zuen lortu, aurretik esan bezala bere tendoiei ez zaielako ondo egokitzen horren plangintza estua.

Hau da, kirolari bakoitzari entrenamendu espezifiko bat dagokio.

3. irudia: Tendoien gogortasunari buruzko informazioa lor daitekeela kirolari bakoitzaren COL5A1 genea aztertuz.
3. irudia: Tendoien gogortasunari buruzko informazioa lor daiteke kirolari bakoitzaren COL5A1 genea aztertuz.

Kirol genetikaren ikuspuntutik, adibide moduan esan dezakegu tendoien gogortasunari buruzko informazioa lor daitekeela kirolari bakoitzaren COL5A1 genea aztertuz. Gene honek kolageno V. motako proteina kodetzen du. Kolageno mota honek, tendoietako egituran parte hartzen du, bertan dagoen kolagenoaren %10 izanik gutxi gorabehera. Funtzio garrantzitsua betetzen du kolagenoaren sintesiaren erregulazioan, kolagenoaren diametroari eta ondorioz gogortasunari eragiten diolako. Zehazki, COL5A1 genean aldaera txiki batzuk ikusi dira gizaki batetik bestera. Genetikan, aldaera bakoitzari “alelo” deritzo. Guztira bi alelo aurkitu dira, batak bestetik DNAko base bateko desberdintasuna izan da. Hau da, “T” aleloan, genearen toki jakin batean “timina” izeneko base nitrogenoduna dago, eta “C” aldaeran aldiz, “zitosina” bat.

Gizaki bakoitzak gene bakoitzeko bi kopia ditugu, bat aitarengandik jasota eta bestea amarengandik jasota. Beraz, COL5A1 geneari dagokionez, “TT”, “CT” edota “CC” izango da gizaki bakoitza. Horiek banako bakoitzaren fenotipoa dela esan ohi da.

Laburbilduz, TT genotipoa populazio europarraren %38an aurkitzen da. TT genotipoa tendoien gogortasun txikiago batekin gutxiagorekin eta lesio bat edukitzeko probabilitate altuago batekin uztartu da. Hain zuzen hainbat ikerketatan TT genotipoa zuten kirolariek 3 aldiz gehiago pairatzen zituzten tendoietako lesioak, gainontzeko populazioarekin alderatuta.

Alde batetik, horrelako informazioa garrantzizkoa izan daiteke kirolariek bere plangintza prestatzeko, baina bestalde, oso zuhur ibili behar gara azterketa analisi genetikoak interpretatzerakoan. COL5A1 genearen kasua adibide bat besterik ez da eta faktore genetiko zein kanpoko faktore askok eragiten dute lesioen kontuan. Beraz, faktore horiek guztiak hartu beharko lirateke kontuan kirolari bakoitzak lesionatzeko probabilitate txikiena adierazten duen kirol-plangintza aukeratu ahal izateko.

Gero eta gehiago dira ezagutzen diren markatzaile genetikoak, kirol-plangintzaren indibidualizazioan informazio baliotsua eman dezaketenak. Hala ere, asko da oraindik ez dakiguna ere, eta beraz kirol-genetika tresna osagarri modura ikus dezakegu. Ez genituzke ordea ahaztu behar, betidanik kontuan hartu ditugun gainontzeko faktoreak.

Genetista bezala, benetan atsegin dut markatzaile hauen ikerketan murgiltzea, biologiak ezkutuan gordetzen dituen sekretuak aurkitzea, eta beste alorretako profesional eta zaleekin informazio hori partekatu eta denon artean ikastea. Kirolari bezala ere, onuragarria izango da jakituria hori nire kirol-plangintzetan txertatzea, eta argi baitago horrek eragin positiboa izan dezakeela errendimenduan. Baina batzuetan pentsatzen dut ez dakidala garapen hori guztiak bat egingo duen kirolaren funtsarekin, tartean hainbeste kirol-genetika, eskumuturreko argiak, edo aplikazioak sortzen ari direlarik. Edo are gehiago, ezer geratzen ote da jada hasiera bateko kirol haren izaeratik?


Egileaz: Adrian Odriozola Martinez UPV/EHUko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Sailaren irakaslea da.

1 iruzkina

  • […] Odriozola Martinez (Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saila, ZTF-FCT) Txapeldunak: jaiotzez edo izerdiz? artikulua Zientzia Kaiera blogean argitaratu zen 2016eko martxoaren […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.