Asiatik datorren liztorra (I)

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Asiako hego-ekialdean du jatorria, baina gaur egun bere kokapen naturaletik at egiten ari da, alegia, Bangladesh, Butan, Txina (Hong Kong Barne), India, Indonesia, Korea, errepublika, Laos, Malasia, Birmania, Tailandia, eta Vietnam horietatik kanpo ari da hedatzen.

Frantziako Lot-et-Garonne departamenduan antzeman zen lehen aldiz Europan 2006an, eta harrezkeroztik kontinente honetan inoiz gertatu den liztor-inbasiorik arrakastatsuena izan da ziur aski velutinaren inbasio hau.

8628858432_803d182d5a_o
1. irudia: Vespa velutina edo Asiako liztorra. (Argazkia: Danel Solabarrieta)

Ez dago argi nondik sartu ziren Europara, baina hala ere, badirudi hibernatzen zeuden erreginak nahi gabe ekarriko zituztela Txinatik (Ekialde Zhejiangetik edo Jiangsu probintziatik). Beharbada erregina bakar bat sartzea ere nahiko izango zen. Seguruenik, nekazaritza-produktuetan, egur artean edota zeramikazko artikuluetan ekarriko zituzten 2004 baino lehenago Burdeoseko portura. Edonola, baliteke beste sarrera batzuk ere egon izana Portugal edo Galiziatik. Liztorraren hedapena oso azkarra izan da Frantzian, ikusi baitzuten 2011n departamenduen %50ean zeudela (101 departamentuetatik 50etan). Gero, Frantziatik gertura joan ziren, hau da, Belgika eta Italiara. Portugalen eta Iberiar Penintsulan, velutinaren milaka aipu egon dira.

Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo ikusi izan da. Katalunian 2012an, Aran, Garrotxa eta L’Alt Empordan. Kantabrian, 2014.ean, Otañes eta Guriezon, Bizkaitik hurbil. Badirudi Asturiasen gutxiago daudela, baina Galizian ostean, ikaragarri kopuru handia aurkitu da, batez ere Lugo, A Coruña eta Pontevedran. Gaztela eta Leon zonaldean eta Burgosen ere hasiak dira ikusten.

Euskal Herriko lehen aipua Amaiurkoa izan da (Baztan). 2010ean egin zen, eta urte berean, beste hainbat aipu egin ziren Euskal Herrian: Legazpi, Irun, Hondarribia, Oiartzun, Pasaia, Lasarte-Oria eta Aduna.

Lehen aldiz ikusi zenetik, kendu egin behar izan diren habien kopuruak gora egin du nabarmen. 2013an, Gipuzkoan 245 habia kendu ziren, 16 Bizkaian eta 4 bakarrik Araban. Orain arte, Gipuzkoan 1500 baino gehiago kendu dira. Nafarroan 270 habia deuseztatu dira eta Bizkaian 2015ean bakarrik, 250 baino gehiago. Hedapena azkar gertatzen ari da Euskal Herrian zehar eta pentsatzekoa da egiaztatutako datuak benetakoak baino askoz ere txikiagoak direla, oso zaila baita habiak basoetan edo oro har hirietatik kanpo antzematea.

Ezaugarriak

Asiako liztorraren gorputza beltz-marroi iluna da, eta, liztor askok ez bezala, marrazki horia eta laranjazko irudi gutxi ditu. Buru beltza du, eta aurpegi horixka. Barailak handiak dira eta begi konposatu garatuak ditu. Antenak luzeak dira, eta toraxak baditu bi hego pare minxkara, aldi berean mugitu ahal izateko erditik lotuta. Hanken tartsomeroak horiak dira.

Lehenengo tergo biek banda hori oso estuak dituzte. Laugarren tergokoa ia guztiz horia da. Azken tergoak marroi ilunak dira. Langileek 17-32 mm-ko luzera dute, 25 mm-koa batez beste.Erreginak 30 mm-tik gorakoak dira, eta 40 mm-raino iritsi daitezke.

Vespa_velutina_nigrithorax_MHNT_dos
2. irudia: Vespa velutinaren ezaugarri fisikoak. (Argazkia: Didier Descouens. Iturria: Wikipedia. Lizentzia: CC BY-SA 4.0)

Beste espezieengandik bereizten duten ezaugarriak

Emeak eztena dauka, ziztatzeko eta pozoia sartzeko. Abdomenaren amaiera V formakoa da, eta bere antenak argalak dira eta 10 antenomerokoak. Arrek ez daukate eztenik, eta borobila dute abdomenaren amaiera, U formakoa. Antenak 11 antenomerokoak dira eta lodiagoak.

Honako hauek dira antzeko espezie batzuk:

  • Polistes spp., Europako liztor papergilea. Segur aski, hauxe da liztorrik ugariena eskualde meditarranearrean. Alemaniako liztorra bezala, ipar-hemisferio guztian sakabanaturik dago. Hauek biak dira ohikoenak.
  • Vespula germanica. Alemaniako liztorra.
  • Vespula vulgaris. Eurasia osotik ondo ezagutzen den Liztor arrunta. Bere ziztadak mingarriak dira
  • Megascolia flavifrons (Scolidae). Liztor erraldoi honen luzera 6 cm-raino iritsi daiteke. Hala ere, gizakiari ia kalterik ez dio egiten. Ez du habiarik egiten, bakartia baita. Arrautzak uzten ditu kakalardoen gainean.
  • Vespa crabro. Liztortzar europarra.

Talde-portaera: kastak

Liztor eta erle batzuk eta inurriak dira intsektu-bizitzako antolaketa maila gorena. Elkarbizitzari esker, lortzen dute superorganismo modura jokatzea eta horrela biziraupenerako funtzioak hobeto bermatzea: ugalketa, elikagaiak, defentsa, zainketa… Hau guztia, hobeto egiten da kolonien aleen elkarrekintza baten bidez.

Talde-intsektuek honelako abantaila lehiakorrak dituzte: zereginak taldeen artean banatzen dira, hau da, kasten artean. Horrela, aldi berean egin daitezke zeregin guztiak, eta haietatik bat egin beharrak ez du kolokan jartzen beste guztiak, hau da, erreginaren elikadura, kumeen zainketa eta habiaren mantenua. Ondorioz, jaitsi egiten da harrapari eta bizkarroien aurrean izan dezaketen ahulezia.

Taldeetan eragozpenei aurre egiteko eta funtzioak egokiro betetzeko, ezinbestekoa da langileen arteko elkarlana. Gainera, zereginen espezializazioari esker kolonia osoak egonkortasuna lortzen du, hots, homeostasi-erregulazioa. Horrela, hobeto egiten dira betebeharrak: besteak beste, elikagai-metaketa, tenperatura mantentzea eta hainbat baldintzaren kontrola. Hau guztia, garrantzitsua da, baina hori bezain funtsezkoa da neguan bizirautea, eta ale ugaltzaileen bizitza luzatzea. Taldeetan ezin hobeto betetzen dira funtzio hauek guztiak.

Liztor guztien taldea, hiru taldetan antolatzen da:

  • Erruterako ahalmena duen erregina bakarra
  • Langileak, erreginaren arrautza ernalduetatik jaiotzen diren ale antzu ugariak, habiaren eraikuntzaz, eme berrien elikaduraz eta zaintzaz eta koloniaren defentsaz arduratzen direnak. Belaunaldien arteko gainezarpena eta elkarlana gertatzen da horrela.
  • Liztormando arrak, arrautza ernaldugabeetatik jaioak. Ugalkorrak eta haploideak dira, eta udazkenean sortuko diren eme ugalkorrak estaltzea izango dute zeregin bakarra.

Elikadura eta ehiza

Vespa velutina nigrithorax espeziearen langileak, nektarrez eta fruituez elikatzen dira, baina beste animalia batzuk harrapatu behar dituzte, larbei beharrezko diren proteinak eman ahal izateko.

Kolonietan ale asko bizi dira eta beraz, harrapakin kopuru handia lortu behar dute. Gehienbat talde-himenopteroz elikatzen dira, erleak barne. Hala ere, crabro espeziearen antzera, beste artropodo asko ere jaten dituzte: dipteeroak, tximeletak, beldarrak eta armiarmak. Velutina espezie oportunista eta orotarikoa da, eta batzuetan sarraskijalea ere. Alegia, proteina-iturri alternatiboak erabil ditzake, adibidez haragia edo arraina.

Hiri-eremuetan erleak dira bere dietaren %80a, baina proportzio hau %45-50 tartera jaisten da nekazaritza-eremuetan. Hainbat tokitan zenbatu dira harrapakinak eta ikusi da velutinak moldatzeko oso ahalmen handia duela, eta gogoko duela bai ezti-erlea, bai eta intsektu polinizatzaileak ere.

Habia eta habitata

Velutinak talde-bizitza egiten du paperezko habia handietan. Langileek nahasten egiten dituzte landare-zuntzak edo zura hila, ura eta listua “matxe” paperaren antzerako pasta bat lortu eta habia egiteko.

Esfera edo obalo era dauka, zabala baino zertxobait altuagoa (40 cm-tik gora). Kanpoko horma, 5-6 geruzekin osatzen da, geruzen artean aire-kamerak utzita. Alboko 1.5 cm-ko sarrera bakarra du. Habia berria, habia zaharretako altura ertainean kokatzen dute edo bestela beheko alderantz, beste habia berrietan.

(Argazkia: Francis ITHURBURU . Iturria: Wikipedia. Lizentzia: CC BY-SA 3.0)
3. irudia: Erregina bat habiari hasiera ematen. (Argazkia: Francis ITHURBURU. Iturria: Wikipedia. Lizentzia: CC BY-SA 3.0)

Habiaren tamaina eta indibiduo kopurua progresiboki hazten da udaberririk udazkena arte. Uztailetik aurrera, 4-6 cm handitzen da asteko, eta urriaren azken aldian hartzen du tamaina handiena.

Habia barruan, larbak hazteko gelaxkak 6-7 panel horizontaletan jartzen dira. Guztira, 17.000 gelaxka egon daitezke habiako, eta erreginak arrautza bakarra jartzen du gelaxka bakoitzean. Jarduera handieneko populazioak iraila-urria tartean hartzen du kopururik handiena: 1.200-1.800 ale habiako.

Hainbat habia-tamaina daude, baina birkokapen bat egindakoan gertatzen dira tamaina handienak. Izan ere, habia primarioak batzuetan ez dauka ondo garatzeko leku egokirik. Horrelakoetan, toki erosoagoa aurkitzen dute, gehienetan leku altuenetan. Orduan, kolonia apurka-apurka aldatzen joaten da habia zaharretik berrira, habia primarioko larba guztiak irten arte. Habia primarioa toki egokian badago, ez da birkokapenik gertatzen, eta bertan garatuko da habia langileen jarduerari esker.

Habia sekundarioak gehienbat zuhaitzetako kopetetan kokatzen dituzte: haritza, makala, akazia edo koniferoen leku altuetan, baina baita zuhaixketan ere. Inbasioaren ondorioz, hiri-zonetan ere maizago azaltzen dira. Hain toki garaietan kokatzeak lan handia ematen die langileei, baina beste alde batetik, seguruago gelditzen dira, harrapariengandik urrunago.

(Argazkia: Francis ITHURBURU . Iturria: Wikipedia. Lizentzia: CC BY-SA 3.0)
4. irudia: Asiako liztorraren habia. (Argazkia: Francis ITHURBURU . Iturria: Wikipedia. Lizentzia: CC BY-SA 3.0)

Banaketa naturaleko zonaldeko habitatari dagokionez, velutinak baso freskoak nahiago ditu 800 m-raino. Giro epeletan ere moldatzeko gaitasuna dutela ikusi da. Adibidez, Koreako Errepublikan 2004.ean lehen aipua egin zenetik, velutina iparrerantz eta mendebalerantz hedatu da, 10-20 km urteko. Busan hirian, velutinaren habiak batez ere zuhaixkak dauden espazio irekietan azaltzen dira, edo eta eraikinetako teilatuetan.

Velutinak Frantzian ere habia egin du, bai hiri-inguruetan, bai eta nekazaritza-eremuetako zuhaitz garaietan ere. Koniferoak saihesten ditu. Hala ere, badirudi ikasi duela eraikuntzako leku lasaietan habia egiten.

Laburbilduz, esan daiteke habitat zabala duela: eraikinak, nekazaritza-lurrak, abeltzaintza intentsiboko zonaldeak, basoak, hiri-guneak, larre naturalak, erriberak eta gune hezeak. Ur-iturriren batetik gertu kokatzen dira beti ere.

Erreferentzia bibliografikoak:

  • Chardonnereau E., Thèse: Les frelons ennemis potentiels de l’abeille domestique, Faculté de médecine de Créteil, 2014, France.
  • Muller F., Rome Q., Perrard A., Villemant C.: Le frelon asiatique en Europe, jusqu’où irat-il? Insectes. 2013, 169, 3-6.
  • Rallo A & Garcia-Arbeas L.: Fauna exotiko inbaditzailea Bizkaian. Bizkaiko Iraunkortasunerako Institutua. BFA/DFB. 2012, 330 or. Bilbao
  • Villemant C., Rome Q. & Haxaire J.: Le Frelon asiatique (Vespa velutina). In Muséum national d’Histoire naturelle [Ed]. 2010.

Egileaz:

Juan Carlos Iturrondobeitia UPV/EHUko Artropodoen Zoologiako katedraduna da.


“Asiatik datorren liztorra” artikulu-sorta:

7 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.