Maria Sibylla Merian (1647-1717): Deabruaren piztiak irudikatu zituen entomologoa

Uxue Razkin

XVII. mendean, berezko sorkuntza teoria biologikoa indarrean zegoen. Ideia horrek bizidunak materia bizigabetik sor zitezkeela zioen. Aristotelesek eman zuen lehen aldiz hipotesi horren berri. Hark azaltzen zuen, adibidez, usteltzen ari zen haragitik euliak agertzen zirela, eta lasto zikinetik, arratoiak. Van Helmont kimikari ospetsuak ere horren alde egin zuen. Elizak, bere aldetik, animalia hauek “deabruaren piztiak” zirela pentsatzen zuen.
Horren aurrean, Anna Maria Sibylla Merian entomologoak behin eta berriz buruan zeukan galdera erantzutea zuen kezka bakarra: nola ateratzen dira beldarretatik hain politak diren tximeletak? Prozesu hori gertutik behatu nahi zuen, ez baitzuen ulertzen nola izan zitekeen intsektu hori Deabruaren piztietako bat. Hala, metamorfosia, krisalidaren xehetasunak eta beldarrek jaten zituzten landareak aztertu zituen. Esan beharra dago bere lana oso polemikoa izan zela garai horretan hain zabaldua zegoen sinesmen horren kariaz.
anna-maria-sibylla-merian-granger
1. irudia: Anna Maria Sibylla Merian (1647-1717).

Bere inguruan zeuden intsektuak eta landareak interesatu zitzaizkion hasieratik eta horiek marrazten ikasi zuen. Bere lanik aipagarriena, tximeleten metamorfosia islatzen zuen marrazki sorta izan zen. Bere ilustrazioei esker, intsektuen erreinua gertutik ezagutzeko parada izan zuen munduak, bereziki animalia horiek egiten zuten transformazioaz jabetzeko baliagarria izan zen bere lana. Horregatik, entomologia modernoaren sortzaileetako bat dugu Maria.

Lanik aipagarrienak

Intsektuen metamorfosia ezagutzeko jakin-min handia zuen. Gauzak horrela, zenbait beldar hartu zituen eta horien garapena behatu zuen tximeleta bihurtzen ziren arte. Prozesu horretan gertatzen ziren fase guztiak marraztu zituen, ziklo horretan parte hartzen zuten landareak ahantzi gabe (beldarren jana). Askotariko animaliak eta landareak agertu zituen publikatutako ilustrazioetan. Marrazki-bilduma bi liburukietan zegoen ikusgai. Bere lehen obra, Neues blumenbuch (“Loreen liburu berria”) izan zen. Eskuz margotutako grabatuak bildu zituen honetan, lorategiko loreen aniztasuna irudikatuz. Hauek bordatuak egiteko eredu bezala erabili ziren ere. Egun, bost ale kontserbatzen dira bakarrik. Publikatutako bigarren liburua, Der raupen wunderbare Verwandlung und sonderbare Blumennahrung (“Beldarren eta hauek elikatzen dituzten landare berezien transformazio miragarria”) izan zen. Mariaren behaketak tximeleten eta sitsen metamorfosia erregistratzeko balio izan zuen. 1679an argitaratu zuen hiru liburukiz osatutako katalogo hori. Bertan, aipatutako animaliak eta bestelako europar intsektuen marrazkiak jaso zituen. Guztira, 176 tximeleten eta landare moten transformazioa irudikatu zuen.

anna maria sibylla merian
2. irudia: Anna Maria Sibylla Merianek argitaratu zuen bigarren liburuaren azala: Der raupen wunderbare Verwandlung und sonderbare Blumennahrung (“Beldarren eta hauek elikatzen dituzten landare berezien transformazio miragarria”)

Horren ondotik, 1699an, Holandako gobernuak Surinamera joatea proposatu zion. Bere lagunek ez joateko aholkatu zioten, arriskutsua zela esanez. Baina Mariak ez zien jaramonik egin eta beka bati esker, bere alaba txikiarekin joan zen espedizio horretara. 56 urte zituen une horretan Mariak. Hiru hilabete bidaiatzen egon ondoren, iritsi zen bertara, Paramaribo hirira, hain zuzen. Kolono holandarrek esklabo gisa eraman zituzten amerikar eta afrikar indigenak bizi ziren bertan. Horiek izan zituen laguntzaile lurraldea esploratzerako orduan. Lan horrek intsektuen, txorien, sugeen, moluskuen eta landareen espezie berriak bilatzea eskatzen zuen eta besteen laguntza asko eskertu zuen. Egin zituen txangoetan, intsektu tropikal batzuen metamorfosiak paperera eraman zituen. Zuzenean behatzen zituen fase desberdinak, ondoren bere koadernoa trazu ederrez betetzeko (akuarelak ere egin zituen). Egindako behaketa sakonak landare batzuen propietateez jabetzea ekarri zuen ere. Zehazki, Flos pavonis delakoan jarri zuen arreta. Landare horren haziak, adibidez, baliagarriak ziren emakumeen erdi aurreko uzkurdurak bizkortzeko. Flora eta fauna aztertzeaz gain, bidaia honetan Gineako eta Angolako esklabo beltzen errealitate dramatikoaz ohartzeko parada izan zuen. Izan ere, ikusi zuen bertako askok euren buruaz beste egiten zutela, pentsatzen zutelako berriz jaioko zirela eta libre izango zirela.

Bi urte igaro zituen bertan, bere bidaia eten behar izan zuen malariaren kariaz. 1705ean, Surinameko intsektuei buruzko ilustrazioak argitaratu zituen bere libururik garrantzitsuenean: Metamorphosis insectorum surinamensium (“Intsektuen metamorfosia Surinamen”). Liburuan tximeleta gautarrak eta egunekoak berezitu zituen. Gogora dezagun egindako sailkapen hori baliozkoa dela egun. Oso pozik zegoen emaitzarekin. Berak zioen “paperik onena” hautatu zuela artearen eta intsektuen zaleak asetu ahal izateko. Liburuak harrera ona izan zuen.

3. irudia: Surinameko intsektuei buruzko ilustrazioak argitaratu zituen Anna Maria Sibylla Merianek: Metamorphosis insectorum surinamensium (“Intsektuen metamorfosia Surinamen”).
3. irudia: Surinameko intsektuei buruzko ilustrazioak argitaratu zituen Anna Maria Sibylla Merianek: Metamorphosis insectorum surinamensium (“Intsektuen metamorfosia Surinamen”).

Aipatzekoa da alemanez publikatu zituela bere liburuak. Horrekin ospea lortu zuen goi-mailako posizioetan, ez ordea mundu zientifikoan. Izan ere, arlo honetan latinak zeukan pisurik handiena. Dena dela, bere lanari esker lortutako arrakasta ukaezina da bai garai horretan bai gaur egun ere. Mundu osoko bildumagileak ilustrazio horiek eskuratu nahian dabiltza, pieza baliotsutzat hartzen baitira oraindik ere. Anna Maria Sibylla Merianek zientzia eta artea batu zituen praktika bakarrean, entomologia eta pintura bezalako arloak erretratatuz bere koadernoetan. Horrela, eder asmoaren eta errealitatearen arteko sinbiosia maisutasunez irudikatuta gelditu zen betiko

Hainbat datu entomologoari buruz

Frankfurten jaio zen. Hiru urte zituenean, bere aita, Matthäus Merian -grabatzaile eta editore suitzarra- hil egin zen. Bere aitaren heriotzaren ondoren, Jakob Marellekin ezkondu zen bere ama. Azken hori pintorea zen eta Mariaren inspirazio iturri bilakatu zen. Marellek erakutsi zizkion marrazketaren, pinturaren eta grabatuaren teknikak. Txikia zenetik, inguruan ikusten zituen animaliak eta landareak marrazteko zaletasuna piztu zitzaion. Hamahiru urterekin jada bikaintasunez margotzen zituen inguruan ikusten zuen fauna eta flora. 1665ean, hemezortzi urte zituela, Johann Andreas Graff pintorearekin ezkondu zen. Azken hori Mariaren aitaordearen ikaslea izan zen. Bi alaba izan zituen Graffekin. Bere aitaordea hil zenean, 1685ean, Maria bere senarrarengandik banandu zen eta Waltha gaztelura (Holanda) joan zen bizitzera bere bi alabekin. Surinameko espedizioa egin ondoren, Holandara bueltatu zen. Apoplexia-atake bat sufritu zuen baina horrek ez zuen guztiz alboratu berak maite zuen praktikatik. 1717ko urtarrilaren 13an hil egin zen Amsterdamen.

Bibliografia:

  • Alic, Margaret (1991), El legado de Hipatia, Siglo XXI, Madrid
  • Schiebinger, Londa (1993), Nature’s Body, Beacon Press, Boston
  • Reitsma, Ella (2008), Maria Sibylla Merian & Daughters: Women of Art and Science, Getty Publication
  • Martinez Pulido, Carolina (2014), Maria Sybilla Merian, una valiente entomóloga, Mujer con Ciencia

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

———————————————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>