Padurak, itsas mailaren igoeraren zaindari

Lurra berotzen eta itsas maila igotzen ari da. 2100. urterako gure kostaldean itsasoaren maila 29 eta 49 zentimetro artean igoko zela iragarri zuen AZTI-Tecnaliak. UPV/EHUko ikerketa batek klima-aldaketaren ondorioz aurreikusten den itsas mailaren igoerari aurre egiteko padurak berreskuratzea proposatzen du. Padurak ur geldiko eremuak dira, ez oso sakonak, lohitsuak eta landare ugari izaten dituzte.
Itsas ondoan kokatzen diren zingira hauek itsas mailaren igoerari aurre egiteko oztopo naturalak dira baina asko galdu egin dira nekazaritzarako lur eremuak sortzeko. Euskal Herriko Unibertsitateko Estratigrafia eta Paleontologia Saileko ikertzaileek egindako ikerketa batek ondorioztatu du galdutako padurak denbora tarte laburrean birsortu daitezkeela, itsas mailaren gorakadaren ondorioei aurre egiteko.

Padurek olatuen energia arintzen dute, eta energia handiko fenomeno klimatikoen aurkako oztopo naturalak dira. UPV/EHUko Estratigrafia eta Paleontologia Saileko Ane Garcia ikertzaileak kostaldean klima-aldaketen ondorioei aurre egiteko padurek duten eginkizuna aztertu du. Ikerketaren emaitzak Estuarine, Coastal and Shelf Science aldizkarian argitaratu ditu eta bertan ondorioztatu du padurak leheneratzea onuragarria izan daitekeela itsas mailaren igoera geldiarazteko.

Irudia:
Irudia: Klima-aldaketaren ondorioetako bat kostaldeko itsas-mailaren igoera da.

Kantauri ekialdean, kostako hezegune asko nekazaritzarako okupatu zituzten XVII. mendearen amaieran, eta bereziki XIX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera. Baina 1950eko hamarkadan nekazaritzaren gainbehera hasi zen eta ondorioz, dikeetan ez zen mantentze lanik egiten. Horren eraginez ura sartu egin zen estuariotik, eta artifizialki eskuratu ziren lur eremuak hartu zituen berriz urak. Horren eraginez, padurak birsortu eta kolonizatu zituen landaredi halofiloak, hots, ingurune gazietan bizi den landarediak.

Santoñako, Plentziako eta Urdaibaiko estuarioetako padurak birsortzeko prozesua aztertu du Ane Garciak. Geruza sedimentarioei adin bat jarri eta metaketa tasak zehazte aldera, bizi laburreko erradioisotopoen jarduna, kutsadura maila handienak eta aireko fotografia historikoa aztertu ziren. Eskualdeari dagokionez, Santoñako estuarioan padurak leheneratzeko prozesua nagusiki 1950 eta 1960 artean gauzatu zen, eta zenbait eremutan 1940ko hamarkada baino lehenago ere bai; Urdaibaiko estuarioan, berriz, 1950 eta 1960 artean; eta Plentziako estuarioan, azkenik 1970eko eta 1980ko urteetatik aurrera. Kasu guztietan bizkor-bizkor leheneratu ziren padurak (10 urtean baino gutxiagoan), sortutako sedimentazio tasa handien eraginez (14-18 mm urteko). Gainera, estuarioko uretan material sedimentario ugari egoteak eragin zuzena izan zuen padurak leheneratzeko prozesuan.

Kostaldeko ingurumena nola eraldatzen den aztertzea funtsezkoa da eskualdeko itsasertzak nolako bilakaera izango duen zehazteko. Horrela, bada, uste da Kantauri ekialdeko padurak egokitu egingo direla egungo itsas mailaren gorakadara (1,9 mm urtean XX. mendean), kontuan harturik aurrez okupatutako eremuak birsortzeko prozesuan detektaturiko sedimentazio tasa handiak. “Sedimentu ugari dituzten leku epeletako padurak leheneratzea estrategia onuragarria izan daiteke itsas mailaren gorakadaren ondorioei aurre egiteko”, adierazi du Ane Garcia Artola ikertzaileak.

Erreferentzia bibliografikoa:
García-Artola, A, Cearreta, A, Irabien, MJ, Leorri, E, Sanchez-Cabeza, JA, and Corbett, DR, 2016. ‘Agricultural fingerprints in salt-marsh sediments and adaptation to sea-level rise in the eastern Cantabrian coast (N. Spain)’. Estuarine Coastal and Shelf Science 171, 66-76. http://dx.doi.org/10.1016/j.ecss.2016.01.031

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Padurak leheneratzea onuragarria izan daiteke itsas mailaren igoera geldiarazteko.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>