Meatzaritza espaziala

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Meatzaritza espaziala asteroideetan dauden mineralak ustiatzean datza. Eta nondik datorkigu asteroideak ustiatzearen ideia? Ziurrenik liburu batetik, John S. Lewisek, Arizonako Unibertsitateko planeta-zientzia irakasleak, idatzitako Mining the Sky (1997) liburutik hain zuzen. Bertan, Lewisek proposatzen du Lurretik gertu igarotzen diren asteroideetara joan gintezkeela bertako mineralak eta baliabideak eskuratzeko. Lewisek honela dio: “asteroide-gerrikoan dagoen mineral oro (platinoa eta urrea batik bat) erauzi eta merkatu-prezioan salduko bagenu, 100 bilioi dolar jasoko genituzke biztanle bakoitzeko”. Beraz, badirudi aberasteko nahikoa litzatekeela asteroide bakar bat ustiatzearekin.

1. irudia: Apophis asteroidea. (Argazkia: NASA)
1. irudia: Apophis asteroidea. (Argazkia: NASA)

Baina zer dira asteroideak? Non eta zenbat daude? Galdera hauen guztien erantzuna ez da erraza. Asteroide bat, normalean asteroide-gerrikotik datorkigun objektu harritsu bat da. Marte eta Jupiter planeten orbiten artean dago asteroide-gerriko hori; eta han asteroide ugari metatzen dira. Bertako objektuen tamaina oso aldakorra da baina edonola esan genezake asteroidetzat hartzeko objektuen diametroa 50 m eta 1000 km artekoa izan behar dela. Txikiagoak direnak meteoroide izenarekin ezagutzen dira. Euren bidean Lurraren atmosferarekin topo egiten dutenean desintegratzen hasten dira eta izar iheskor (edo meteoro) bezala ezagutzen ditugu. Zatiren batek atmosferan jasandako erosio prozesua gainditzen badu eta lurrazalera heltzen bada, horri meteorito deritzogu.

2. irudia: Asteroideen eta Kuiper-en gerrikoak Eguzki Sisteman.
2. irudia: Asteroideen eta Kuiperren gerrikoak Eguzki Sisteman.

Kometak, ordea, gehien bat izotzez osatuta daude. Kuiperren gerrikoan eta Oorten hodeian daude batik bat kometak, baina batzuetan beraien orbitak oso eszentrikoak dira, eta Eguzkira hurbiltzen dira. Hori gertatzen den heinean lurruntzen hasten dira, eta koma izenarekin ezagutzen dugun isatsa sortzen zaie (Eguzkitik urruntzean, lurruntze prozesua gelditu egiten da, eta kometak isatsa galtzen du). Azkenaldian 67P/Churyumov-Gerasimenko kometa oso ospetsua egin da, bertara Rosetta misioa hurbildu baita. Misio hau izan da kometa baten inguruan orbitan jartzen lehena. Gainera, kometan Philae zundatxoak lurrartzea lortu da, eta horri esker kometari buruz informazio ugari bildu da.

NASAk abian du antzeko misio bat, Dawn izenekoa, baina kometa bat bisitatu beharrean Vesta asteroidea (2011. urtean) eta (gaur egun) Ceres planeta nanoa bisitatu ditu. Misio honek Vesta eta Ceres espaziotik aztertzen ditu, gainazalera jaitsi gabe. Bestelakoa da Hayabusa misio japoniarraren kasua. Izan ere, Hayabusak laginak ekarri zituen Itokawa asteroidetik Lurrera 2010eko ekainean (1500 bat hauts partikula baino ez). Gaur egun, Japoniako Espazio Agentziak (JAXA) abian du Hayabusa 2 misioa, Ryugu izeneko C motako asteroiderako bidean. C motako asteroide bat S motakoak (Itokawa, adibidez) baino primitiboagoa da eta materia organiko zein mineral hidratatu gehiago du.

Hau da, C motako asteroideetan ura topa daiteke eta bizitzaren sorrera aztertzeko leku egokiak dira asteroide horiek. S motako asteroideak silikato askoko objektu arrokatsuak dira eta barra-barra aurki daitezke asteroide-gerrikoaren barneko zatian. X motako asteroideak dira ordea meatzaritza espazialerako interesgarrienak; azken hauek metalikoak dira, eta horrelakoetatik metal asko lor daitezke, adibidez burdina, nikela, kobaltoa edota platinoa. Platinoan aberatsa den 500m-ko asteroide batek 174 aldiz platino gehiago eman omen dezake Lurrean urtebetean lortzen den platinoa baino. Beraz, teknologia aldetik bideragarria dela jakinda, ez da harritzekoa asteroide batera joan eta bertako mineralak ustiatzeko grina piztu izana enpresari batzuen artean. Baina zein izango litzateke horren kostua? Errentagarria al da?

Hala uste dute, behintzat, 2010. urtean Ameriketako Estatu Batuetan sortutako Planetary Resources izeneko enpresan. Enpresaren sortzaileen artean teknologian adituak eta dirudunak daude, besteak beste, Larry Page Googleren sortzailea, Charles Simonyi Microsoft Officen egilea edota James Cameron zinegilea. Zientzialariak ere badira aholkulari lanetan, izan ere aipatutako liburuaren idazlea, John S. Lewis, Planetary Resources horretako kontseilaria da, eta hala da Sara Seager astrofisikaria eta planeta-zientzialaria ere. Enpresa horrek asteroideak ustiatu nahi ditu epe luzerako, baina espazio-teleskopio txikien merkatu bat sortu nahi du epe laburrean. Hubble teleskopioa bezalako espazio-teleskopio hauek Lurraren inguruan orbitan jartzen dira, baina kasu honetan teleskopio txikiagoak izango lirateke. Teleskopio hauei esker, Planetary Resources honek espero du teleskopioak erosten dituzten bezeroek Lurrera hurbiltzen diren asteroideak esploratzea eta aztertzea. Horrela, ustiatzeko interesgarri izan daitezkeen asteroideen datu base bat sortuko litzateke.

Beraiek honako prozesua proposatzen dute:

    1. Lehenengo fase batean Lurrera hurbiltzen diren objektu egokienak detektatu nahi dituzte, horretarako, teleskopio txikiak orbitan jarriz. Hau egitea ez da hain zaila. Izatez, lehenengo Arkyd3 izeneko modeloa orbitan jarri dute dagoeneko.
    2. Geroago, zunda espazial txikiak eraikiko lirateke, lehen fasean aukeratutako asteroideetara bidaltzeko. Lurretik gutxi gorabehera 300.000 km-ra daudenean egingo litzateke hori. Hau, asteroide-gerrikora joatea baino askoz errazagoa eta merkeagoa da, batez ere, bidaia joanekoa bakarrik izango litzatekeelako. Urrats hau emanda, asteroideen karakterizazioa lortuko litzateke, euren ezaugarri nagusiak zehaztuz eta bigarren hautaketa bat eginez. Planetary Resourcesek dio, gutxi gorabehera hamarkada bat behar izango dela asteroideen artean hautagai onenak identifikatzeko.
    3. Behin hau eginda, bigarren fasean aukeratutako asteroideetan meatzaritza operazio automatizatuak garatu beharko lirateke, bertan ekoizten diren produktuak noranahi eraman ahal izateko. Metal eta mineralen ustiatzeaz gain, ura ere ekoiztu nahi dute (espazioan ura altxor preziatua baita). Oraindik asko falta da azken fase hau aurrera eraman ahal izateko, baina Planetary Resourcesek horretan dihardu.

Proiektu honek badu beste ikuspuntu interesgarri bat: asteroide txikienen orbitak kontrolatu ahal izatea, modu honetan nahi ditugun tokira eraman ahal izango genituzkeelako eta Lurrarentzat ustez arriskutsuak direnak beraien orbitetatik atera ahalko genituzkeelako.

3. irudia: jada orbitan dagoen Arkyd3 teleskopioa. (Argazkia: Planetary Resources)
3. irudia: Jada orbitan dagoen Arkyd3 teleskopioa. (Argazkia: Planetary Resources)

Eta asteroidearen baliabideak eta mineralak hartu ostean, zer? Jasotako material guztia Lurrera ekarri behar da? Hori garestia eta arriskutsua litzateke. Metalak (platinoa, burdina eta abar) Lurrean erabiltzeko nahi izango bagenitu ere, ura bezalako baliabideak espazioan bertan lirateke erabilgarriago. Misio espazialetan diru gehien balio duena gauzak espaziora igotzea da, hau da, Lurraren elkarrekintza grabitatoriotik ihes egitea (adibidez, 20.000 dolar inguru balio du litro bat ur Nazio Arteko Espazio Estaziora eramateak). Beraz, posible izango bagenu kometa bat Espazio Estaziora hurbiltzea eta kometaren izotzetik abiatuta ura ekoiztea, diru mordoa aurreztu ahalko genuke. Oso baliagarria izango litzateke era berean espazio-ontzien eta zunden erregaia espazioan bertan ekoiztea ere.

Planetary Resources eta antzeko enpresen aburuz hori posible da (beharrezkoa litzatekeen teknologia oraindik garatzeke badago ere). Izan ere, asteroide batzuek badute oxigenoa, amoniakoa edota nitrogenoa ere. Beraz, ez genuke meatzaritza espaziala gu aberasteko iturri gisa bakarrik ikusi beharko, baita (zientzia eta ikerketa lanetan) dirua aurrezteko modu eraginkor gisa ere. Izatez, asteroideetatik zenbat eta metal preziatu gehiago geureganatu, hainbat eta balio gutxiago izango du Lurrean, eta beraz, diru-iturri moduan apur bat zalantzagarri suerta daiteke.

2015eko azaroaren 25az geroztik zoriontsu daude enpresa hauen sortzaileak, Barak Obama presidenteak lege bat onartu baitu AEBko herritarrek asteroideak ekonomikoki ustiatzea ahalbidetzeko. Ez dago argi ordea lege hau eta nazio arteko hitzarmena bateragarriak ote diren. Gai etikoa ere hor dago; ba al dugu Eguzki Sistemako beste gorputzak ustiatzeko eskubiderik? Eta izatekotan, nola banatu beharko lirateke aberastasun horiek?

Kontuak kontu, gaia pil-pilean dago gaur egun eta ziur oraindik zeresan handia emango duela. Horren adibide dira azken aldian egunkarietan eta aldizkarietan argitaratu diren hainbat artikulu, esaterako:


Egileez: Naiara Barrado Izagirre (@naierromo) UPV/EHUko Fisika Aplikatuko irakaslea da eta Zientzia Planetarioen Taldeko kidea. Itziar Garate Lopez (@galoitz) Fisikan doktorea da eta UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko kidea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.