Melanomak, eguzkiaren alde iluna

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Zenbait faktore genetikok areagotu egiten dute azaleko minbizia izateko arriskua. Esaterako, gizonengan inpaktu handiagoa du emakumeengan baino, oro har, pigmentazio argiagoa eta eguzkiarekiko sentikortasun handiagoa dutelako. MC1R ilegorrien geneak gaitzarekin duen lotura ere zehaztu dute berriki ikerketa batean.

Maite dugu eguzkia, baina errespetu gehixeago izan beharko genioke, batez ere uda partean. Gurekin bereziki eskuzabal dagoen urtaro honetan, orduak eta orduak igarotzen ditugu kalean, mahuka motzetan, eta gehiegitan, propio haren pean jarrita. Ahaztu egiten baitzaigu gure izarrak, eta gure izarrak baino gehiago gure jokabideak, badutela ifrentzu oso arriskutsu bat: melanoma.

Azaleko minbizien artean, melanomak eragiten ditu ondorio latzenak. Beste tumore mota batzuek askoz ere intzidentzia handiagoa duten arren, kezkatzekoa da azken hamarkadetan izandako gorakada, batez ere beltzaran jartzearen kultura hain errotuta dagoen herrialde garatuetan. Melanomak melanozitoak gaiztotzen direnean sortzen dira. Zelula horiek epidermisaren behealdean daude, eta melanina gorde eta ekoizten dute; haiek arduratzen dira, beraz, azala gehiago edo gutxiago koloreztatzeaz. Askotan, melanomak orbanetatik hasten dira garatzen, eta horregatik da hain garrantzitsua horietan gerta daitezkeen aldaketei arretaz erreparatzea, gaitza garaiz harrapatzeko.

1. irudia: Orbanak arretaz aztertu behar dira, melanomak hortik abiatzen baitira maiz. (Argazkia: Mapping Ignorance bloga)
1. irudia: Orbanak arretaz aztertu behar dira, melanomak hortik abiatzen baitira maiz. (Argazkia: Mapping Ignorance bloga)

Cancer Research UK erakundearen arabera, 2012an 232.000 melanoma kasu berri diagnostikatu ziren munduan. Minbizi mota ohikoenen zerrendan hemeretzigarrena da (gaitz horien artean %2a dira melanomak), baina Europara ekarrita, datuak bestelakoak dira. 2012an 100.000 kasu berri diagnostikatuta, bederatzigarren postuan dago gure kontinentean, minbizi guztien artean %3 baitira melanomak hemen. Bost melanoma kasutik lau herrialde garatuetan diagnostikatzen da: Europako zifrek egiaztatu egiten dute hori. Dena dela, melanoma intzidentzia handiena Australia, Zeelanda Berria edo Hegoafrika bezalako tokietan dago: eguzki erradiazio handia jasotzen duten eta azal zuriko populazio ugaria duten herrialdeetan, alegia.

Faktore zehatz batzuen arteko konbinazioak areagotzen du melanoma izateko aukera. Ingurune faktoreei dagokienez, bistan da erradiazio ultramorearen pean denbora gehiegi igarotzea kaltegarria dela. Horri faktore genetikoa gehitzen badiogu (orban asko, azal argia, begi urdin edo berdeak, ile gorri edo horia eta orinak izatea), arriskua bereziki handia da.

Hain zuzen ere, genetikak azaldu dezake zer dela eta duen inpaktu handiagoa melanomak gizonen artean, emakumeen artean baino. Hala adierazi dute Barbara Hernando eta Conrado Martinez-Cadenas ikertzaileek, Mapping Ignorance blogean berriki argitaratu duten artikulu batean. Zientzialariok egiaztatu dutenez, “aldaera genetiko gehiagok daukate harremana pigmentazio ilunarekin eta eguzkiarekiko tolerantzia onarekin emakumeetan, gizonetan baino. Azken hauek maizago dute lotura pigmentazio argiarekin eta eguzki argiarekiko sentikortasun handiarekin, eta melanoma gaiztoa izateko arrisku zantzuak dakartza horrek”.

2. irudia:
2. irudia: Gene ilegorriaren eta melanoma izateko arriskuaren arteko lotura egin dute (Argazkia: Pexels / CC0 Public Domain)

Orain gutxi argitaratutako beste artikulu batek ere zeresana eman du, melanomaren faktore genetikoekin jarraituz. Lehen ere hitz egin izan dugu hemen MC1R geneari buruz: horrek ditu ile gorria eta azal zurbila izateko gakoak. Bada, Wellcome Trust Sanger Institutuan egindako ikerketa batean, gene horren eta melanoma izateko arriskuaren arteko lotura egin dute. Azal zurbila, ile gorria eta orinak izanez gero, eguzkiarekin kontu handiz ibili beharra dagoela jakin badakigu lehendik ere, baina orain arte ez dute inoiz MC1R gene ilegorria melanomarekin hain garbi erlazionatu.

Ilegorriek MC1R genearen aldaera zehatz baten bi kopia dituzte. Ikerketa honetan ikusi dutenez, kopia bakarra dagoenean ere, mutazio kopurua handitu egiten da melanomatan. Hau da, ilegorriak ez diren pertsona askok daramate gene ilegorria, eta horiek ere arrisku faktore genetikoa izan badutela egiaztatu dute lan honetan. David Adams Wellcome Trust Sanger Institutuko ikertzaileak adierazi bezala, “aurrenekoz erakutsi dugu gene horrek lotura duela mutazio gehiago dituzten azaleko minbiziekin. Baina gainera, erakutsi dugu gene aldaera horren kopia bakarra duen jendeak ere askoz ere tumore mutazio gehiago dituela, gainerako populazioak baino”.

Erreferentzia bibliografikoak

  • Barbara Hernando et al. Sex-specific genetic effects associated with pigmentation, sensitivity to sunlight, and melanoma in a population of Spanish origin. Biology of Sex Differences. 7(1):1–9. doi: 10.1186/s13293-016-0070-1
  • Carla D. Robles-Espinoza et al. Germline MC1R status influences somatic mutation burden in melanoma. Nature Communications. Article number: 12064. 12 July 2016. doi:10.1038/ncomms12064

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

  • […] Aldaketa horren ondorioz, larruazaleko minbizia gara dezakete, baita erasotzaileena ere, melanoma. Larruazaleko pigmentuak eguzki argiaren osagai ultramorearengandik babesten du larruazala; izan […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.