Genetikaren ibilbidea (eta IX): Eppur si muove

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Hilabeteotan Zientzia Kaierak aukera ederra eman dit genetikaren historia azaltzeko. Irakurtzen ari zaren hau artikulu sortaren azken atala izango da. Hau oso subjektiboa da baina, zure baimena eskatuta, esanguratsua baina garratza den pasarte baten bidez eman nahi nioke bukaera sortari.

Aurreko atalean, genetikak medikuntzan izan duen eragina azaltzerakoan, ez nuen behar bezala aipatu Medikuntza eta Fisiologiako Nobel sari bat. Ezberdina da sari hau. Sarituak ez zuen inoiz lan egin gizakiokin, artoarekin baizik. Gainera, bera da oraingoz Medikuntzako Nobel Saria partekatu gabe hartu duen emakume bakarra. Barbara McClintocki buruz ari naiz. McClintock kromosomen inguruan egindako lanengatik aurkeztu nizuen baina esan gabe utzi nuen Nobel Saria jaso zuela. Ez zuen jaso artoaren kromosometan egindako lanagatik, egin zuen lanak eragin handia izan bazuen ere; beste arrazoi batengatik izan zen.

1. irudia:
1. irudia: Arto-aleen kolore aldakorra artaburuetan. (Argazkia: David Spender, CC BY 2.0 lizentziarekin, Wikimediaren bidez.)

1944.eko udatik aurrera McClintock ikertzen hasi zen zergatik zuten artaburuek koloreen nahasketa eta zergatik ez zen egonkorra ezaugarri horren herentzia. Horretarako, kontrolpeko gurutzaketak erabili zituen artoen belaunaldietan zehar, eta egindako lan nekaezin eta finaren ondorioz, zehatz-mehatz deskribatu zituen bi osagai genetiko berri. Halaber, bi osagai hauek arto-aleen kolorea aldatzeko mekanismoa ere azaldu zuen. Bi osagai genetiko hauek kromosomak apurtzeko ahalmena zuten, alboko geneetan eragiten zuten eta, harrigarriki, salto egin zezaketen, kromosoman zuten kokapena zoriz aldatuta.

Emaitza hauetan oinarrituta 1948 eta 1950 urteen artean McClintockek proposatu zuen mugitzen ziren osagai genetiko horiek geneen funtzioa kontrola lezaketela. Era berean, proposatu zuen geneen funtzionamenduaren kontrolak azaldu lezakeela material genetiko beretik abiatuta bizidun konplexuek zelula mota desberdinak edukitzea.

Lan honetan lortutako emaitzak eta garatutako ideiak 1950 eta 1953 artean plazaratu zituen aldizkari eta batzar zientifikoetan, baina ez zuen arrakastarik izan. Ordura arte geneek kromosometan leku finkoa zutela orokortuta zegoen eta hori aldatzea neketsua izango zen. Izan ere, McClintock berak onartu zuen bere emaitzak “harriduraz, etsaitasunez ere” hartu zirela zientzia-foroetan eta 1953an gaiari buruz argitaratzeari utzi zion.

20 urte beranduago hartutako erabakiaren inguruan galdetuta hauxe erantzun zuen:

“Urteekin aurkitu dut zaila dela, ia ezinezkoa, beste pertsona bati bere usteak nolakoak diren azaltzea, bizipen ezberdinen bidez, uste horietaz jabetu naizenean. Hau niretzat mingarriki argia egin zitzaidan 1950.eko hamarkadan saiatu nintzenean genetistak konbentzitzen geneen ekintzek kontrolatuta egon behar zutela eta hala zeudela. Mingarria da ere onartzea hainbat pentsalarik uste finkoak mantendu izana osagai kontrolatzaileen inguruan eta artoan duten funtzionamenduaren inguruan. Aldaketa kontzeptual bat egiteko une egokia iritsi artera itxaron behar duzu.”

Hori gertatu zitzaion, itxaron behar izan zuela. 1961ean François Jacob eta Jacques Monod frantsesek deskribatu zuten bakterioetan lac operon izenez ezagutzen den gene-sistemaren erregulazioa, hamarkada bat lehenago McClintockek proposatukoaren antzekoa. Egun badakigu geneen jarduera erregulatu egiten dela, baina McClintocki ez zaio aurkikuntza hau erabat aitortu. Osagai genetiko mugikorren aurkikuntzan, ordea, merezi duen aitortza egin zaio. 1970.eko hamarkadan hainbat bakterio eta legamiatan aurkitu zen osagai genetikoek mugitzeko gaitasuna zutela eta McClintock 20 urte lehenago egindako lana berreskuratu eta jarraitu zen. Osagai genetiko mugikorretan egin zuen lana hain garrantzitsua izan zelarik, 1983. urtean Medikuntza Nobel saria jaso zuen, gizakiekin inoiz lan egin ez bazuen ere.

2. irudia: McClintock Nobel Saria jaso ostean emandako hitzaldian.
2. irudia: McClintock Nobel Saria jaso ostean emandako hitzaldian.

Gaur egun badakigu osagai genetiko mugikorrek gizakion material genetikoaren %50 eta %66 artean osatzen dutela. Artoan, bestalde, genomaren %85 inguru osagai genetiko mugikorrak dira. Gainera izaki bizidun konplexuen genometan ugariak dira, eta horretaz gain mugitzen diren osagai hauek genomen eboluzioa baldintzatu dutela iradoki da. Horrela, funtzio biologiko berrien bide dira eta geneen kontrolen aldaketak eragiten dituzte. Beren garrantzia biologikoa nahikoa ez balitz, osagai genetiko mugikorrak ikerkuntzan eta bioteknologian asko erabiltzen dira esperimentuak eta terapia berrien proposamenak aurrera eramateko. Bai, McClintockek egindako aurkikuntza mugarri bat izan zen genetikaren historian.

Eppur si muove (italieraz “Eta, hala ere, mugitzen da”) Galileo Galileik esan omen zuen esaldia da. Inkisizioaren aurrean, heliozentrismoa ukatzeko epaiketaren bukaeran erantsi omen zuen esaldia. Ez dago argi benetako pasadizo bat ote den edo heldu zaigun asmakizuna besterik ez den. Baina McClintocki gertatutakoa adierazteko alegoria egokia iruditzen zait. Zientzialarien komunitateak hasieran ukatu egin zuen eta onartzeko urte asko behar izan zituen, bai, baina material genetikoa mugitu egiten da.

Istorio honekin eman nahi izan diot bukaera genetikaren historiari buruzko sortari. Genetikaren ibilbideak ere oztopoak izan dituela adierazi nahi izan dut horrela. Hala gertatu da, zuzenak ziren kaxoietan ahaztutako aurkikuntzak, merezi duten aitortzarik gabeko zientzialariak eta hasieran onartzen ez ziren kontzeptu berriak egon dira. Horra 110 urte inguru dituen istorio gazi-gozoz betetako ibilbide zoragarria.


Egileaz: Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.


Genetikari buruzko artikulu-sorta

  1. Genetikaren ibilbidea (I): Ilarrei begira.
  2. Genetikaren ibilbidea (II): Izena duen guztia bada.
  3. Genetikaren ibilbidea (III): Kromosomen sekretuak argitzen.
  4. Genetikaren ibilbidea (IV): Informazioa helize batean.
  5. Genetikaren ibilbidea (V): Informazioa maneiatzen.
  6. Genetikaren ibilbidea (VI): Osagaietatik osotasunera.
  7. Genetikaren ibilbidea (VII): Eboluzioak eta genetikak topo egin zutenekoak.
  8. Genetikaren ibilbidea (VIII): Gaixotasunen genetika.
  9. Genetikaren ibilbidea (eta IX): Eppur si muove.

5 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.