Asteon zientzia begi-bistan #121

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

boot-1620452_1280

Osasuna

Zeliakiarekin lotutako gene berriak aurkitu dituzte Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek, datu genomikoak aztertzeko metodologia berri bat aplikatuz. Abiapuntua duela bost bat urte nazioarteko ikertzaile-talde batek egindako azterketa sakon bat izan zen. Une horretan, ia 25.000 pertsonaren genomak aztertu zituzten, eta zeliakiarekin lotutako hainbat eskualde eta gene berri topatu zituzten. Baina ez dira horrekin gelditu. Hala, pentsatu zuten gakoa izan zitekeela hurbiltasun genetikoa kontuan hartuta egitea azterketa. Eta horri esker, zeliakiarekin lotuta dauden eskualde eta gene berri gehiago topatu dituzte.

Ikerketaren egileetariko batek, Koldo Garcia genetistak, azaltzen digu ere haren blogean egindako lanaren xehetasunak.

Zergatik hartu behar den aintzat sexua (eta sexu-diferentziak aztertu) mendekotasunen azterketan” izeneko artikuluan ohartarazten dute ikerketa biomedikoa orokorrean, eta zehazki mendekotasunena, gizonen biologian oinarritzen dela, besteak beste, azterketa preklinikoan erabiltzen diren animaliak arrak izaten baitira, eta saio klinikoetan parte hartzen dutenak, berriz, gizonak. Sanchisen arabera, horrek hutsune handiak eragiten ditu, ez baita populazioaren erdia aztertzen, eta horrek bestelako irtenbide terapeutikoak aurkitzea galarazten du. Gainera, sendagaien albo-ondorioak emakumeetan gizonetan baino ohikoagoak direla gogorarazi du. Honi buruzko informazioa Elhuyar aldizkarian topatuko duzue.

Farmakologia arloari jarraiki, María Encarnación Blanco Aranak, UPV/EHUko Kimika Analitikoko Saileko ikertzaileak adin desberdinetako haurrei botikak ematean haien gorputzeko fluido eta ehunetan farmakoek izaten dituzten prozesuak aztertu ditu. Honekin batera, haurrei ematen zaizkien farmako jakin batzuen dosifikazioari buruz zegoen informazioa zabaldu du. Ikertzaileak azaltzen duenez, “helduen administrazioaren arabera ematen zaie farmakoa haurrei, alegia, dosia gorputzaren pisuaren edo bolumenaren arabera doituz. Baina hori arriskutsua izan daiteke, haurrak miniaturazko helduak direlako hipotesian oinarritzen baita. Eta hori ez da egia”. Ikerketak farmakozinetika eta metabolomika izan ditu oinarri.

Biologia

Itsasoko animalia gehienen barne-fluidoek itsasoko uraren gatz-kontzentrazio berdina dute. Orekan daude barne-likidoak eta kanpoko ura, beraz. Horregatik, animalia horiek ez diete aurre egin behar gatzen eta uraren balantzeak ekar litzakeen egoera kaltegarriei. Talde honetan sartuko lirateke muskuiluak, belakiak eta itsas trikuak, besteak beste. Itsasoko arrainek, ibaietako arrainek ez bezala, bai edaten dute ura. Horien kontzentrazio osmotikoa itsasoko urarena baino baxuagoa izanik, ura galtzeko arriskuan daude. Hori dela eta, ahal duten moduan eskuratu behar dute, eta edatea da duten modu bakarra. Baina horrek arazo bat dakar ezinbestean: gatz kantitate handia sartzen zaie. Gatz horiek heste-hodian ez xurgatzea da gatzen sarrera saihesteko dagoen bidea, baina hori ez da batere erraza, eta zenbait gatz xurgatu egiten dira. Dela dela, zelula batzuei esker, hainbat gatz gera daitezke xurgatu gabe, eta hondakinekin batera kanporatzen dira.

Arrainekin jarraitzen dugu. Honetan azaltzen da arrain hondakinetako kolagenoz egindako nanosorgailu biologiko bat sortu dutela Indiako bi ikertzailek. Harekin 50 LED argi urdin baino gehiago piztu daitezkeela egiaztatu dute. Arrain ezkatek daukaten kolagenoak badu piezoelektrizitate propietatea eta hori da egiaztatu dutena: arrain hondakina berrerabilita energia sorgailu oso txikiak eraiki daitezkeela. Ikertzaile batek azaldu bezala: “Orain arte inor ez da gai izan energia sorgailu biodegradagarri bat egiteko, hain kostu txikiarekin eta urrats bakar batean”.

Afrikako elefanteen egoera larria da: milioi batetik 350.000 ingurura jaitsi da azken 40 urteetan Afrikako elefanteen populazioa. Great Elephant Census (GEC) egitasmoak Afrikan bizi diren elefanteen errolda egin zuen 2014 eta 2015 urteen artean, eta zenbaketaren emaitzak argitaratu berri dituzte. Hegazkin txikiak baliatuta, elefanteak zenbatu dituzte: 90 zientzialarik eta 286 boluntariok elefante populazio handienak dituzten eremuak zeharkatu dituzte airetik. Zehazki, Afrikako kontinenteko 294.517 kilometro aztertu dituzte, 1.573 orduz. Ikerketaren emaitzak ez dira itxaropentsuak izan, beherakada ia etengabea izan da. Urtero, isilpeko ehizak gutxienez 20.000 elefante hiltzen ditu, haien letaginetan dagoen bolia, oso material preziatua, merkatu beltzean saltzeko. Eta hori, beherakada honen arrazoi nagusia da.

Roseta efektuaren inguruan mintzatu da Iker Badiola ikertzailea asteon. Biologia eta antropologia-hausnarketak egiteko aproposa izan da gaia. Hasten da azaltzen izen horrekin herri bat dagoela Pensilvanian (AEB), Roseto, etorkin italiarrek sortu zutena. Herritarren artean bazegoen mediku bat, Stewart Wolf izenekoa, medikuntza psikosomatikoan aditua zena. Hark zioen rosetoarrek ez zutela ia bat ere gaixotasun kardiobaskularrik pairatzen. Ikerketa abian jarri zuen. Elikatze-ohiturari erreparatu zioten lehenengo, nagusiki proteinaz eta azukreez elikatzen zen populazioa. Bertan behera utzi zen ideia hori, beraz. Wolf doktorearen oharren arabera, tabakismoa ere oso hedatua zegoen beraiengan, hori ere bertan behera utzi zuten. Ondoren, gene-ondareari erreparatu zioten, baina argi ikusi zen beste estatubatuarrek bezainbesteko gaixotasun kardiobaskular pairatzen zituztela. Gero ikuspegi geografikoa jorratu zuten. Azkenean, John G. Bruhn soziologoak eskaini zion Rosetoko misterioa argitzeko gakoa: herri horretako komunitatea oso kohesionatua zegoen.

Kultura Zientifikoa

Herrietan ere hasi dira zientzia jorratzen arlo horretan zegoen gabeziari aurre eginez: Zarautzen, Ondarroan eta Goierrin zientziari buruz hitz egin eta dibulgazio lana egiteko taldeak sortu dira. Adibidez 2012an Goierriko Lemniskata zientzia sare herrikoia eta 2014an Zarautz On elkartea. Natalia Vahl Zarautz On elkarteko zuzendariordearen ustez, «zientzia ez bada gizartera hurbiltzen, ametsak mugatu egiten dira. Gazteei erakutsi egin behar zaie berrikuntzaren arloan zertan egiten den lan, etorkizunean eurek ere hor egin dezaketelako lan». Baliabide nahikorik gabe, lanean dihardute taldeek.

Paleoartea

Paleoartea zer den badakizu? Iraganeko bizitza itxuratzean datza. Datu zientifikoetatik abiatzen dira eta ahalik eta era zehatzenean birsortzen dituzte desagertutako izakiak. Ezinbesteko lana da zientzialariek aurkitutako aztarnen informazioa gizarteari helarazteko. Mauricio Anton paleoartista (Bilbo, 1961) oreka mantentzen saiatzen da: “Artea eta zientziaren arteko bereizketa, erreala baino gehiago, artifiziala da”. Diziplina honen berri izateko, jo ezazue Berriak publikatu duen artikulu interesgarrira.

Argitalpenak

Marta Macho matematikariari egin diote elkarrizketa Berrian. ‘Disecciones’ liburua idazten parte hartu du. Bertan, gaitz larriak helarazten ditu fikzio bidez. Kontatzeko modu hori Nextdoor argitaletxearen ideia izan dela dio: “Kontakizun bat idazteko eskatu zidaten, gaixotasun bat eta nire zientzia diziplina uztartuko dituena”. Berak landutako gaiari dagokionez, giltzurrun transplante gurutzatu bati buruz idatzi duela dio. Machok azaltzen du bizirik dauden pertsonen artean egiten dela transplante hori. Liburuaz gain, zientziak gizartearekin duen harremanaz hausnartu du.

Astronomia

Errusian dagoen RATAN-600 izeneko irrati teleskopioak (munduko handiena, Zientzien Errusiako Akademiaren babespean lan egiten duena) jaso zuen seinalea, 2015eko maiatzean, baina joan den abuztuaren amaierara arte ez zuten horren berri eman arduradunek. AEBtako SETI erakundeak ere izar horri begira jarri zuten euren irrati-teleskopio sarea baina ez zuten seinale berezirik jaso. Errusiarrek jaso zutena oso indartsua izan zen. Abuztuaren 30ean hedabide askotan zabaldutako bertsioaren arabera, irrati-teleskopioan jasotakoa Sobietar Batasunaren garaiko satelite militar batek igorritako seinalea izan zen. Hala ere, iaz jasotako seinalearen jatorria zein den argitzear dago, bere izaera estralurtarra guztiz alboratu bada ere. «Egindako azken analisien arabera, litekeena da seinalearen jatorria Lurrean izatea», adierazi zuen Yulia Sotnikova astronomoak irrati-teleskopioaren webgunean. SETI Estralurtar Adimenaren Bilaketa helburu duen erakundea zuzentzen du Andrew Siemionek. Bere iritziz, HD 164595 izarretik jasotako seinaleak “zirrara handia sorrarazi du, baina kontuan hartu behar da horrelako interferentzia asko egon daitezkeela esperimentuetan”.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.