Edaten ote dute itsas sugeek urik?

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Ura

———————————————————————————————————–

Arazo osmotiko argia dute itsas sugeek, itsasoko ura haien barne-medioa baino kontzentrazio osmotiko altuagokoa baita. Itsas sugeak deshidratatzeko arriskuan daude, egon ere, urak gorputzetik kanpora irteteko joera duelako?

Itsas sugeak, kobrekin, manbekin eta suge koralekin batera, Elapidae familiako kideak dira. Hirurogei espezie dira, gutxi gorabehera, guztiak pozoitsuak. Jatorri lehortarra dute, baina gehienek itsasoan ematen dute bizi osoa edo ia osoa. Gehienak bizierruleak izanik, itsasoan erditzen dira, igeri egiten duten artean; gutxi batzuek, berriz, arrautzak erruten dituzte eta biziaren zati txiki bat lehorrean ematen dute.

Irudia: Elapidae (grezieratik, ἔλλοψ éllops, "itsas arraina") mundu osoko eskualde tropikal eta subtropikaletan bizi diren suge pozoitsuen familia bat da. (Testua: Wikipedia)
Irudia: Elapidae (grezieratik, ἔλλοψ éllops, “itsas arraina”) mundu osoko eskualde tropikal eta subtropikaletan bizi diren suge pozoitsuen familia bat da. (Testua: Wikipedia)

Urteetan pentsatu izan da itsas sugeek itsasoko ura edaten dutela euren ur-beharrak asetzeko. Jakina, portaera horrek gatzak kanporatzeko sistema eraginkorra beharko luke eta, ondorioz, sugeen gatz-guruinek gatzak hartu eta jariatuko lituzketela uste zen. Hiru espezierekin egindako esperimentuetan, aldiz, itsasoko urik edaten ez dutela ondorioztatu ahal izan da. Taiwanetik hurbil harrapatu zituzten sugeak eta gatibu mantendu itsasoko ura edaten ote duten frogatu ahal izateko. Oso argia izan zen emaitza: bai eta oso egarri izanik ere, ez zuten itsasoko urik edan; ur geza edo, gehienez ere, ur gazi-geza oso diluitua onartzen zuten soilik.

Itsas sugeen banatze geografikoa azaltzeko gakoak izan litezke esperimentu horien emaitzak. Gune (patch) mugatuetan banatzen dira itsas sugeak eta oso ugariak dira alde euritsuetan. Seguru asko, gainera, kostaldetik sortzen diren iturbegi edo korronteen ur geza baliatzen dute ura edateko, askoz ere itsas suge gehiago aurkitu baitaitezke horrelako ur gezaren emariak hurbil dauden aldeetan. Bestalde, pentsatzekoa da itsaso zabalean dauden sugeek euri-jasa handien ondoren geratzen den ur gezaren goiko geruza baliatzen dutela azpiko ur gaziarekin nahastu baino lehen.

Ondorio horien aurrean, hala ere, zalantza bat gelditzen da: zertarako behar dituzte suge horiek gatz-guruinak? Bada, baliteke guruin horien betebeharra erregulazio ionikoa izatea eta ez, orain arte uste izan den bezala, erregulazio osmotikoa; hau da, baliteke ioi jakin batzuen balantzea mantentzea izatea haien zeregin nagusia, eta ez kontzentrazio osmotikoa konstante mantentzea.

Beraz, hasierako galderari eman behar zaion erantzuna baiezkoa da: bai edaten dute ura, baina ez ur gazia. Ez dakigu bestelako itsas narrastiek zer egiten duten; baliteke itsas sugeekin gertatzen den gauza bera gertatzea.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>