Asteon zientzia begi-bistan #125

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

tangerines-1721590_1280

Matematika eta kirola

Behobia-Donostia denok ezagutzen dugun lasterketa da. Iaz 30.000 parte-hartzaile baino gehiago izan zituen eta aurten korrikalari kopurua handitzea espero dute. Horrela, partaideen kopurua handitzeak arazo asko sortzen ditu bai kirolariei baita antolatzaileei ere. Hori dela kausa, antolakuntza UPV/EHUko ikertzailea eta Ikerbasque Research Professor den Urtzi Ayestaren ikerketa-taldearekin lan egiten ari da. Estatistikan oinarritutako eredu matematiko berriztatzaileak proposatu dituzte lasterketa honetan gertatzen diren problemak murrizteko. Ikerketa honetan zenbait optimizazio problema ikertu dira eta ereduak aurten jarriko dira praktikan. Adibidez, helmugako korrikalari-pilaketak saihestea edo bizkar-zorro banaketa optimizatzea.

Biologia

Eta izurdeek, edaten dute urik? Artikulu honek emango digu erantzuna. Antz handia dago arrain eta ugaztunen barneko eta kanpoko medioen kontzentrazioen arteko aldeari dagokionez. Uraren eta gatzen fluxuei dagokienez, berriz, desberdintasun nabarmenak daude. Gatzen gradientea berdina da. Baina ugaztunen kasuan fluxu horiek askoz mugatuagoak daude. Izan ere, brankia da arrainek gasen trukerako duten azalera nagusia, eta brankia ezin daiteke iragazgaitza izan, arnas azalera izanik guztiz iragazkorra izan behar baitu. Hori horrela, itsas arrainek ur kantitate handia galtzen dute azalera horretatik, gero edanez berreskuratzen dutena. Baina hori ez da itsas ugaztunen kasua, birikak erabiltzen dituztelako arnasa hartzeko, eta hori airean egiten dute. Biriketatik ez dute urik galtzen eta beraz, itsas arrainena baino askoz txikiagoa da ura edateko behar hori. Hala ere, gernu gisa galtzen den ur hori beste era batera berreskuratu beharra dute eta bi bide daude hori egiteko: itsasoko ura edanez edo janariaren bitartez.

Zer da LUCA? Amaia Portugalek idatzitako artikulu honen bitartez jakingo duzu erantzuna. Last Universal Common Ancestor, edo azken arbaso komun unibertsala da. Gaur egun gure mundu honetan bizi garen organismo guztiek partekatzen dugun oso aspaldiko senidea, gutxienez duela 3.500 milioi urte bizi izan zena. Dusseldorfeko Unibertsitateak egindako ikerketa batek piztu du arreta honetan. Ustez LUCAk zeuzkan 355 proteina familia identifikatu dituzte, eta horietan oinarrituta, bere profila egin dute: beroa maite zuen mikrobioa zen, hidrogenoa funtsezkoa zuen, eta oxigenorik gabeko ingurunean bizi zen. Gainera, sufrea erabiltzeko ahalmena zuen eta termofiloa zen, berrogei gradutik gorako tenperatura zuten inguruneetan bizi zen. Ikerketa honetatik ondorioztatzen dutena zera da: Badirudi LUCA ingurune hidrotermalen baten bizi izan zela, itsas hondoan; hidrogenoz, karbono dioxidoz eta burdinaz inguratuta. Itsaspeko sumendien bueltan izaten diren tximinia hidrotermaletan kokatu dute bere bizitokia.

Paleontologia

ADES Espeolologia Elkartea Armintxe kobazuloan aurkitutako labar-arteei buruz mintzatu da honetan, aurkikuntza honen nondik norakoa azalduz. Kobazulo hori aztertzeko pista gehiegi zeuzkaten. Interesak eta 1796an perito batek herriko hainbat kobazulori buruz egindako azterketak bultzatu zuten taldea. Esplorazio osoa oraindik ez dute amaitu: galeria batzuk esploratu gabe daude, haiek dioten moduan, hormak ukitu gabe sartzeko modua asmatu behar dutelako. Gainera, azaltzen dute komunikabideetan agertu den panel nagusiaz gain, irudi gehiago aurkitu dituztela; hala nola, zaldiak. Esplorazioa honen zailtasunetako bat ura izan da, barrutik doan errekak galeria urez bete duelako, eta hainbat grabatu urpean utzi dituelako (hondatuta, lokatzez estalita daude). Horregatik, ezinbestekoa izan zaio taldeari kobaren portaera hidrologikoa ulertzea, urari ateratzeko bideren bat ireki ahal izateko.

Kimika

Tiro-aztarnei buruzko testua duzue hau. Aztarna horiek erretako eta erre gabeko partikulen multzoa dira, munizioa erretzen denean sortutakoak eta su-armak berak, jaurtigaiak eta kartutxoak askatutako konposatuez osatuak. Konposizio organiko zein ez-organikoa izan dezakete. Partikula ez-organikoen analisirako erreferentziazko teknika eta baliagarritasun judiziala duen bakarra X izpien energia-dispertsiboaren espektroskopiari akoplatutako ekorketa bidezko mikroskopia elektronikoa (SEM-EDX) da. Honek baditu zenbait desabantaila; esate baterako, beharrezkoa du partikula bakoitzaren banakako identifikazioa, eta horrek denbora luzea behar duenez, garestitu egiten da analisiaren kostua. Traba hori gainditzeko, metodo analitiko bat garatu da, laser bidezko ablazioa eta akoplamendu induktibozko plasma-masa espektrometria (LA-ICPMS) konbinatzen dituen teknikan oinarritzen dena.

Genetika

Homo sapiens sapiens espezie bakarra izanda ere, izugarrizko aniztasun genetikoa garatu du. Juanma Gallegok kontatzen digu Science aldizkarian argitaratutako ikerketa batek aniztasun horren inguruan zientziak gaur egun dakiena laburbildu duela. Munduan zehar hainbat talde etnikok jaso duten bilakaera genetikoa aztertu du artikuluak, azken urteotan genomikaren alorrean egindako aurrerapen nabarmenenak azalduz. Era berean, informazio genetikoaren balioa nabarmendu dute, eta laginetan ahalik eta talde etniko gehien kontuan hartzeko beharra azpimarratu dute. Besteak beste, gaixotasunei aurre egiteko aukerak zabaltzen dituelako. Talde etniko bakoitzak dituen aldaera genetikoek fenotipo mota batzuk eragin ditu, informazio genetikoa adierazten den bidea da. Hala nola pisua, sortzetiko erantzun immunitarioa, laktosarekiko tolerantzia, gantz azidoak prozesatzeko efizientzia metabolikoa eta odolean dauden hemoglobina mailak. Adibide baten bitartez uler dezakegu hori: Alaskan, Kanadan eta Groenlandian bizi diren inuitek, Artikoan eskuragarri den elikadura mota batera egokitu behar izan dute. Hortaz, omega-3 azidoen kontsumoa errazten duen entzima nagusitu da haiengan.

Biologia

Azaleko zeluletatik abiatuta obuluak laborategian sortzea lortu dute ikertzaile japoniar batzuek. Prozesu osoa laborategian egitea lortzen den lehenengo aldia da. Eta obulu horietatik ondorengo osasuntsuak atera dira. Kyushu Unibertsitateko Katsuhiko Hayashi-k gidatutako taldeak urteak daramatza ikerketa honetan lanean. Elhuyarrek azaltzen digu: zelula germinal primordialak obarioetan sartu beharrean sagu-fetuen obarioetatik erauzitako zelulen artean jarri dituzte laborategian. Laborategiko “obario” horietako bakoitzean 50 bat obulu garatzea lortu dute. Sortutako obuluen %75 inguruk zuten kromosoma-kopuru normala. Eta horietako batzuk espermarekin nahastuta 300 enbrioi sortu zituzten. Horiek sagu emeei sartu zizkieten, eta 11 kume atera ziren. Beraz, enbrioien % 3k egin zuen aurrera. Saguei zuzenean obuluak aterata in vitro ernalketa egitean, % 60 ingurukoa izan ohi da arrakasta. Jaiotako kumeak osasuntsuak dira, eta ugalkorrak; izan ere, ikertzaileek adierazi dute dagoeneko ondorengoak ere izan dituztela. Ikertzaileen hurrengo helburua da sagu-fetuen obarioetako zelulak erauzi behar ez izatea.

Astronomia

Aste honetan askatu da Schiaparelli modulua TGO satelitetik. ExoMars egitasmoaren une garrantzitsuenetako bat izan da. Haren helburua: Marteren ingurunea aztertzea eta 2020rako prestatzen ari diren misioetarako teknologia probatzea. Europako (ESA) eta Errusiako (Roscosmos) espazio-agentzien egitasmoa da hau. Hain zuzen, 2017an TGO sateliteak atmosferako gasak aztertuko ditu, bereziki metanoa. Aste honetan, Marteren orbitan geratu da. Misioak bi zati zituen: batetik, TGO satelitea Marteren orbitan kokatu behar zen, eta, bestetik, Schiaparelli moduluak “lur” hartu behar zuen Marten. Maniobra konplexuak ziren biak, bereziki Schiaparellirena, abiadura oso handian hasiko baitzuen Marteren azalerako bidaia, eta gako zen abiadura modu kontrolatuan galtzea, osorik iristeko azalera. Orain arteko datuen arabera, ESAk ez du baieztatzerik izan osorik iritsi ote zen baina balaztatzean arazoak izan zirela onartu dute. Dena den, arrakastatsutzat jo dute misioa: satelitea egoki kokatu zen.

Elhuyar aldizkarian eta Berrian daukazue informazio osagarria.

Ingeniaritza eta teknologia

Itsasorratzaren desbideratzeak modu autonomoago batean zuzendu ahal izateko sistema berri bat diseinatu du Josu Arribalzaga Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikertzaileak, iman mugigarriak dituen plater batean oinarrituta, bere burua konpentsatuko duen eta itsasorratza une oro konpentsatuta edukiko duen sistema bat lortzeko helburuarekin. Egun erabiltzen ditugun nabigazio-sistemek korronte elektrikoa behar izaten dute eta korronterik gabe ematen dituzten posizionamendu guztiek ez dute balio. Hala, Arribalzagak itsasorratza konpentsatzeko sistema modernizatu du, eta el elektrizitatearekiko mendekotasunik ez duen sistema erabat autonomo bat lortu du. “Etorkizunera begira proposatu dut modelo hori, etorkizunean, nolabait, sistema automatizatzera iristeko asmoarekin.”

Ikerketak

Edu Lartzagurenek galdera bat planteatzen digu artikulu honetan: Zein ikerketaz fida gaitezke? Ildo honi jarraiki, azken salaketa Michael Siegel eta Daniel Aaron ikertzaileek egin dute Bostongo (AEB) Unibertsitateko Osasun Publikoko departamentuan. American Journal of Preventive Medicine aldizkarian argitaratutako ikerketan erakutsi dutenez, Coca-Colak eta PepsiCo konpainiek AEBetako 96 osasun erakunderi eman zieten dirua 2011-2015 bitartean: AEBetako Diabetesaren Elkartea, Minbiziaren Elkartea, Gurutze Gorria eta Gaitzak Kontrolatzeko Gobernuko Zentroa, besteak beste. Garai berean, edari azukredunak murrizteko edo elikadura hobetzeko asmoz proposaturiko 29 legeren aurka egin zuten konpainiok. “Ikerketa honen inspirazio iturria tabakoaren eta alkoholaren industrien ingurukoak dira. Horiek erakutsi zuten industriok diru laguntzak erabili dituztela politika publikoei aurre egiteko eta euren irudia hobetzeko”, esan du Siegelek. Benetan interesgarria kazetariak planteatu duen gaia.

Historia

Nagore Irazustabarrenak bitxikeria bat ekarri digu. Antzinako Grezian, Praxagorasen garaiko (K.a. IV. mendeko) medikuek ez zuten uste arterietatik odolak zirkulatzen zuenik. Pentsatzen zuten horietatik airea igarotzen zela. Horregatik artheria izena eman zieten (“aire-hodia” esan nahi du). Galenoren (K.o. 129-199) garaitik oker zeudela eta arterietatik odolak zirkulatzen duela jakin arren, odol-hodi horiei ez zitzaien izena aldatu. XIX. mendearen hasieran ibaien sareak izendatzeko erabiltzen hasi zen eta, aurrerago, trenbideak eta errepideak izendatzeko ere bai.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.