Arrain-gelatinazko filmak gazta ontziratzeko

Jone Uranga, Alaitz Etxabide, Pedro Guerrero eta Koro de la Caba

Elikagaiak baldintza egokietan mantentzea oso garrantzitsua da. Hauek ingurunetik bereiziak egon behar dute bezeroen eskuetara iritsi eta kontsumituak izan arte. Hori horrela izanik, elikagaiak ontziratzeko material berriztagarriak eta biodegradagarriak sortzea oso ikerketa-ildo interesgarria da. Gaur egun merkatuan dauden ontzien propietateak lortzeko, bio-oinarrituriko materialen propietateak hobetu behar dira eta hauxe izan da lan honen helburua.

Elikagaiak biltzeko materialetatik plastikoa, papera, beira, altzairua, aluminioa eta zenbait konglomeratu dira erabilienak. Plastikozko filmek garrantzi berezia dute, ezaugarri aipagarriak baitituzte, hala nola, pisu txikia izatea. Petroliotik eratorritako film hauek ordea, beren alde txarrak ere badituzte, esaterako, ingurumen-inpaktu handia sortzen dute. Konponbide posibleen artean aurkitzen da zenbait biopolimerotatik eratorritako filmak egitearena. Biopolimeroak, berriztagarriak diren iturrietatik lortutako kate luzez osatutako makromolekulak dira; gainera, ingurumena errespetatzen dute, biodegradagarriak baitira, hau da, ez dira hondakin iraunkorrak, mikroorganismoen jarduerari esker beren egitura eta propietateak aldatzen direlako, denbora laburrean degradatuz.

cheese-240825_1280
Irudia: Gazta bezalako produktu koipetsuetarako geruza bakarreko ontzi aktibo eta biodegradagarria garatu berri dute Biomat ikerketa-taldeko ikertzaileek.

Film biodegradagarriak egiteko gehien erabilitako biopolimeroak proteinak eta polisakaridoak dira. Proteinen artean aurkitzen da hezur, azal eta kartilagoetako kolagenotik eratorritako gelatina. Hainbat arrazoirengatik sailkatzen da biopolimero hau aztertuenen artean: bere ekoizpena handia da, kostua txikia eta propietate funtzional oso onak ditu. Beraz, lan honetan, gelatinazko filmak egin dira, zehazki, arrain-gelatinazkoak. Horrela, hondakinak kontsideratzen ziren arrain hezur eta azalei erabilera bat ematea lortzen da. Dena den, arrain-gelatinazko filmen propietateak hobetzeko eta prozesatzea errazteko, gehigarriak erabiltzea beharrezkoa da. Alde batetik, plastifikatzaileen erabilerak filmaren elastikotasuna handitzea eta zurruntasuna nahiz gogortasuna gutxitzea ahalbidetuko du; honek proteinaren kateen arteko interakzioak gutxituko ditu eta aipatutako propietateen hobekuntza lortzen da. Beste aldetik, gelatinarekin erreakzionatuko duten gehigarriak daude, gelatinaren talde polarrekin loturak sortuko dituztenak, urarekiko erresistentzia hobetuz eta gainera, mikrobioen aurka lan egin dezakete.

Lan honetan, filmak prestatzeko plastifikatzaile moduan glizerola erabili da eta antimikrobiano moduan azido zitrikoa, zenbait kontzentraziotan. Glizerola hiru alkohol talde dituen pisu molekular txikiko plastifikatzailea da; substantzia hidrofilikoa da, gelatinaren aminoazidoekin hidrogeno zubizko lotura ahulak erraz sortzen dituena. Azido zitrikoa gehigarri naturala da, elikagaietatik transferi daitezkeen gaixotasunak saihestu ahal izateko baliagarria izango dena; V. Parahaemolyticus, L. Monocytogenes, E. Coli, S. Aureus eta B. Cereus mikrobioen aurka babesten du. Elikagaiak biltzeko filmak sortu nahi direnez, modu praktikoan filmak aplikazio honetarako egokiak diren aztertzeko, gazten ontziratzean duten jarrera behatu da.

Gainera, prestaturiko filmen propietateak aztertu dira: lotura fisiko eta kimikoak, infragorri-espektroskopiaren bidez; disolbagarritasuna, uretan sartuz; filmen arteko kolore ezberdintasuna, kolorimetriari esker; eta filmen gardentasuna eta izpi ultramoreekiko babesa, ultramore-espektroskopia erabiliz. Eginiko arrain-gelatinazko film hauek, film komertzialek eskaintzen ez dituzten zenbait propietate interesgarri aurkeztu dituzte, esaterako, gaztak bere koipea mantentzea eta ez lehortzea ahalbidetzen dute. Zehatz mehatz propietate egokienak azaltzen dituen filma % 10 azido zitriko portzentajea duena da. Konposizio hau duten filmak gardenak dira baina, aldi berean, argiarekiko erresistentziari dagokionez, oso erantzun ona aurkezten dute. Horri esker, ontziratutako elikagaiaren kalitatea denbora luzeagoan mantentzen lagunduko dute.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 28
  • Artikuluaren izena: Arrain-hondakinak baloratzea, gazta ontziratzeko.
  • Laburpena: Elikagaiak ontziratzeko filmak aztertzea garrantzitsua da, ikerketaren bidez gaur egun merkatuan dauden ontziratzeen propietateak hobetzea ahalbidetu baitaiteke. Kasu honetan, polimero berriztagarri eta biodegradagarri bat erabiliz, hainbat azido zitriko kantitatetako filmak egin dira. Haien propietateak aztertu dira, bai eta gazten ontziratzean duten jarrera. Arrain-gelatinazko film hauek film komertzialek eskaintzen ez dituzten zenbait propietate interesgarri erakutsi dituzte; esaterako, gaztak bere koipea gordetzea eta ez lehortzea ahalbidetzen dute.
  • Egileak: Jone Uranga, Alaitz Etxabide, Pedro Guerrero, Koro de la Caba.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 95-104
  • DOI: 10.1387/ekaia.13927

—————————————————–
Egileez: Jone Uranga, Alaitz Etxabide, Pedro Guerrero eta Koro de la Caba UPV/EHUko Biomat ikerketa-taldeko kideak dira.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

ekaia 28

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>