Hontzen isiltasunaz bada zer ikasi

Amaia Portugal

Lumatxa leun eta apartari esker, hontzek ez dute soinurik egiten hegan ari direnean, eta oso baliagarria zaie hori ehizarako. Hegoen gainean dituzten iletxoen egitura aztertu eta hiru dimentsiotan kopiatu dute ikertzaile batzuek, aerosorgailuei atxikita, turbinek eragiten duten soinua ere gutxitu ahal izateko.

Besteren batean ere hitz egin izan dugu biomimetikaz Zientzia Kaieran. Hau da, naturan dauden diseinu, prozesu eta sistemak hartu, eta horietan oinarritutako teknologia garatzeaz. Horren adibide dira, esaterako, erleen hegan egiteko modua kopiatzen duten robot txikiak. Bada, kasu honetan, hontzen hegoei erreparatu diete ikertzaileek, hartara, aerosorgailuentzat onuragarriak izan daitezkeen gauzak ikas ditzaketelakoan.

Hontz espezie handientzat isiltasuna da ehizarako arma nagusia. Hegan ari direnean 1,6 kilohertzetik gorako soinu frekuentziatan aritzeko ahalmena dute; giza entzumenak ezin du hori antzeman, adibidez. Horrenbestez, AEBtako Lehigheko Unibertsitateak zuzendutako ikertzaile talde batek isiltasun horren gakoak aztertu ditu, aerosorgailuei aplikatu eta turbina horiek egiten duten zarata leundu ahal izateko. Journal of Sound and Vibration aldizkarian eta aeroakustikari buruzko AEBtako biltzar batean eman dute lanaren berri.

1. irudia: Hontz handiak bere hegoen isiltasuna baliatzen du, ehizan aritzeko. (Argazkia: Peter Trimming / CC BY 2.0)
1. irudia: Hontz handiak bere hegoen isiltasuna baliatzen du, ehizan aritzeko. (Argazkia: Peter Trimming / CC BY 2.0)

Hontzek lumatxa berezia dute, beste hegazti batzuena ez bezalakoa. Ile finez osatutako geruza belusatu batek estaltzen du hegoen gainazal guztia. Horri esker, soinurik egin ez, eta ezustean atxikitzen dituzte harrapakinak.

Ikertzaileok tentuz aztertu dute lumatxa horren egitura eta forma. Iletxo horiek lumaren azalerarekiko zut abiatzen dira, angelu zuzena osatuz, baina norantza aldatu eta airearen fluxuarekin bat eginez doaz pixkanaka; zuhaitzak basoan nola. Gainera, ile bakoitzak bizar moduko bat du muturrean, eta horren bitartez, elkarlotu egiten dira. Haren azpian geratzen diren lumen gainazala baino askoz ere leunagoa da goiko geruza hori, eta hegan egitean, aerodinamika erraztu eta soinua murrizten du.

2. irudia: Bubo bubo, Strix nebulosi eta Bubo scandiacus hontzen lumak ageri dira hemen. (Argazkia: Ian A. Clark et al.)
2. irudia: Bubo bubo, Strix nebulosi eta Bubo scandiacus hontzen lumak ageri dira hemen. (Argazkia: Ian A. Clark et al.)

Lumatxaren eredua hartuta, eta hiru dimentsiodun inprimagailua erabilita, haren egitura kopiatzen duten hegatsen itxurakoak eraiki dituzte, aerosorgailuen xaflatan itsasteko. Hala ere, ez dute hontzen estalkiaren erabateko erreplika egin: iletxoen norantza bera dute eta airearen fluxuari men egiten diote inprimatutako hegatsek ere, baina ez dute bizarrik muturrean, hala aerodinamika hobea delakoan. “Hontzaren hegoetako lumatxak soinua leuntzen du. Gure diseinuak hori kopiatzen du, baina gurutzatzen den zuntzik (bizarrik) gabe. Guztia norantza bakarrean doa. Oinarrian, gurea hontzarena baino urrats bat hobea da”, dio Justin Jaworski ikertzaileak eta artikuluaren egileetako batek.

Egiaztatu dutenez, sortu duten asmakizunak nabarmen murrizten du aerosorgailuen soinua: hamar dezibeliotan. Hori ez ezik, zimurtasuna eta herrestatzean egiten den soinua gutxitzeko antzeko diseinuak egin ote daitezkeen ere ari dira aztertzen ikertzaileok. Gainera, aerosorgailuez gain, bestelakoetan ere (autoetako ateak, leihoak…) aplikatu daitekeela uste dute artikuluaren egileek, horietan ere soinua murrizte aldera.

Erreferentzia bibliografikoa:

Ian A. Clark et al. Bio-inspired canopies for the reduction of roughness noise. Journal of Sound and Vibration, Vol. 385, 22 December 2016, Pages 33–54. DOI: http://dx.doi.org/10.1016/j.jsv.2016.08.027

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>